Gasteizko Udaleko Partaidetza Zerbitzuak herritarrei zuzendutako prozesu parte hartzailea jarri du martxan, Kontseilu Sozialak hala eskatuta, 2025. urteko udal aurrekontuak osatzeko. Interesa dutenek elkarguneek eta auzoguneek egindako deialdietara jo dezakete agenda instituzionalaren bidez.

Prozesuak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, aurrekontuen proiektuan jarri nahi da arreta. "Herritarren partaidetzaren bidez, bizilagunen lehentasun eta proposamenak bildu nahi ditugu hurrengo udal aurrekontuak diseinatzeko garaian kontuan izateko", azaldu du Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak.

Beste alde batetik, 2024ko proposamenak bete diren berrikusi nahi da. Aurreko partaidetza prozesuan zehar, herritarrek hainbat iradokizun eta proposamen egin zituzten, eta orain, aurten proposamen horietako zein bideratu den eta oraindik gauzatzeke zein geratzen diren aztertuko dute.

Fernandez de Landak aipatu duenez, "ezinbestekoa da herritarren parte hartzea udalaren politikek eta proiektuek komunitatearen benetako beharrak islatzen dituztela bermatzeko. Hori dela eta, interesdun guztiak gonbidatu nahi ditugu prozesu honekin bat egitera eta, haien ideiekin, udalerria hobetzen laguntzera".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 86,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2025. urtean, aurten baino 9,2 milioi euro gehiago (+%12), "euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa emateko", Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak astelehen honetan iragarri duenez.

Bengoetxeak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean bere sailak 2025erako dituen aurrekontuak azaltzeko, 'Euskadi Berria. Ongizatean hazten' aurrekontu proiektuaren barruan. Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek, Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasorok eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak ere parte hartu dute aurrekontuen aurkezpenean.

Guztira, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontua %6,14 handitu da aurtengoarekin alderatuta, eta 392 milioi eurokoa izango da. Komunitate zentzua indartzearekin zerikusia duen 'Euskadi Berria' proiektuaren hirugarren zutabean kokatu ditu aurrekontuak lehendakariordeak.