Jazz Uhinak Hirian Barrena zikloaren 19. edizioa ospatuko da Gasteizen urritik maiatzera bitartean, eta zortzi kontzertu eskainiko ditu, guztiak Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko areto nagusian, Fred Hersch, Carmen Souza, Joyful Gospel edota Estela Julia Sextet artista eta taldeak bilduz.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak aurkezpenean nabarmendu du ekimenak ia 20 urte daramatzala "jazza, haren kultura eta historia zabaltzeko lanean". "Promesa eta profesional berriei beren lana ezagutarazteko adierazpen gune bat ere eskaintzen die Gasteizen", gaineratu du.

Era berean, ziokloaren izaera didaktikoa ere azpimarratu du, eta horregatik sartzen dela Hezkuntza Zerbitzuaren 'Gasteiz Hiri Hezitzailea' jarduera programan. "Esan dezagun Jazz Uhinak ez balego asmatu egin beharko litzatekeela", esan du.

Bada, egitaraua Fred Hersch-en bi hitzordurekin hasiko da. Lehenengoa musikariarekin topaketa intimoa izango da, urriaren 30ean, 19:00etan, Kora Living hotelean; pertsona talde txiki bat jazz garaikideko pianista eta konpositorearen sormen munduan sartu ahal izango da bertan, gertuko elkarrizketa baten bidez. Saio horren ondoren, 'Silent, listening' azken diskoa aurkeztuko du kontzertuan, urriaren 31n.

Carmen Souza eta bere ahotsa izango dira hurrengoak Jazz Uhinak Hirian Barrena programan, azaroaren 19an 'Port' Inglês' bere azken lana aurkeztuko baitu. Souza Europan gehien eskatzen den jazz abeslarietako bat da, World Jazz etiketarekin lengoaia berri bat sortzea bilatzen duen estilo paregabearekin.

Abenduaren 17an, Joyful Gospel Choi abesbatzaren txanda izango da. Korua 45 profesionalek osatzen dute, abeslari eta musikarien artean, eta gospel garaikidearen ordezkaria da. Talentuagatik eta grinagatik ez ezik, gizartean duen inpaktuagatik ere nabarmentzen da taldea, musikaren bidez bazterketa arriskuan dauden pertsonen parte hartzea bultzatzen baitu.