Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi eta alkateordeak, Beatriz Artolazabalek, udal-talde guztietako bozeramaileei proposatu die Vitoria-Gasteizko Udalak Bizikletaren Erabileraren aldeko Europako Adierazpenarekin bat egitea. Proposamena Europako Batzordeak egin du eta tokiko eta eskualde mailako erakunde eta estatukide askok berretsi dute dagoeneko.
Beatriz Artolazabalek egindako proposamena alderdi guztiek babestu dute gaur goizean Bozeramaileen Batzordeak egindako bileran, eta ondoren Udalbatzak berretsiko du.
Adierazpen horren bidez, Udalak aitortzen du “bizikletaren erabilera garraio eta aisialdirako modurik jasangarrienetako, irisgarrienetako eta inklusiboenetako bat dela, kostu txikikoa eta osasungarria, eta funtsezkoa dela mugikortasunaren deskarbonizazioan aurrera egiteko eta lurralde osasungarriagoak lortzeko”.
Era berean, manifestuak Udalaren konpromisoa jasotzen du, “bizikleta-sare seguruak eta koherenteak lortzeko lanean jarraitzeko, aparkatzeko hainbat modalitate errazteko, garraio publikoarekiko intermodalitate handiagoa indartzeko eta mugikortasunaren arloan bide-prestakuntza segurua indartzeko”.
Alkateordeak ziurtatu du Europako adierazpen horren helburuak “guztiz bat datozela“ gure hirian mugikortasunaren arloan garatzen diren helburuekin eta politika publikoekin, eta, beraz, atxikimendu hori “egokia eta koherentea” dela hiri-eredu jasangarriago baterantz aurrera egiten jarraitzeko.
Artolazabalek gogorarazi du astelehen honetan hasiko dela Mugikortasunaren Europako Astea. Horrekin lotuta, bere agintaldirako erronka gisa finkatu du “bizikletak ingurune are adiskidetsuagoa eta seguruagoa izan dezan lortzea, zirkulazio lasaiagoa, bizikleta-azpiegitura osoagoa eta koherenteagoa duen hiri batean. Eskala, orografia eta klima kontuan hartuta, bizikletarako hiri egokia dugu”. Bere hitzetan, “bizikleta sare on bat izateak gutxiago kutsatutako hiria eta biztanleria osasuntsuagoa izatea eragiten digu”, ziurtatu du.