Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak 2024an gazteei zuzenduta hirian egingo diren proiektuetarako diru laguntzen deialdia ebatzi du asteazken honetan, eta Gazteria Zerbitzuak 30.000 euro bideratuko ditu 14 proiektu garatzeko. Gazteen boluntariotza eta partaidetza soziala sustatzeagatik nabarmendu diren proiektuek jasoko dute laguntza.
Ana Lopez de Uralde Gazteria zinegotziak azaldu duenez, "laguntza hauen bidez hiriko hainbat kolektibok garatutako jarduerei balioa eman nahi diegu. Izan ere, ekintza horiek guztiek Udal Gazteria Zerbitzuaren programazioa osatzen eta gazteentzako eskaintza aberasten laguntzen digute".
Diruz lagunduko diren proiektuen artean daude, besteak beste, Comic-Atiza Marrazkilarien Elkartearen Fanzine leku, Apdemaren Dis-kultura Jóvenes Modo On 2.0 , Oreka Dance elkartearen Oreka Gazte Dantza, InSitu Art kultur Elkartearen InSitu ArtFestivak eta Atseden Taldearen Voluntariado local.
Bestalde, Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak du Asexoria gazteen sexualitateari arreta emateko zerbitzuaren kontratua 2025eko abenduaren 31ra arte luzatzea ere onetsi du, 61.912 euroren truke.
Gasteizko Udalak eskaintzen duen zerbitzua da, eta 14 eta 30 urte bitartekoentzako sexualitateari buruzko arreta eta aholkularitza, hitzaldiak eta sentsibilizazio jarduerak antolatzen ditu. Gainera, gazteekin lan egiten duten profesionalentzako aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen du.
Zerbitzua Landatxo gizarte etxeko lokaletan eskaintzen da. Arreta aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa edo online bidezkoa izan daiteke, eta gehienez ere saio bat egin daiteke zerbitzuaren erabiltzaile bakoitzeko.