Gasteizko Luis Aramburu Udal Musika Eskolako Big Band Berri taldeak kontzertua eskainiko du ostiralean, ekainaren 28an, Zabalgana auzo etxeko plazan, eta euria egiten badu, ekitaldi aretoan, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.

Udal Musika Eskolako 20 ikaslek osatzen dute taldea, eta jazz, soul eta funk estiloetako kanta ospetsuz beteriko errepertorioa jotzen du kontzertu bakoitzean, "'big band' baten ezinbesteko swing-ak hornitua". Saxofoi, tronpa eta tronboi jotzaileek, atal erritmikoak eta ahotsak osatzen dute taldea.

Luis Aramburu Udal Musika Eskolak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du eta izaera pedagogikoa duen ikuskizun musikalak eskaintzen ditu, publikoari jazz orkestra handi, haien errepertorio eta konpositoreekiko grina transmitituz.

Ostiraleko kontzertua 20:00etan hasiko da, sarrera librea izango da eta 'Zabalmusika!' programaren barruan dago. Euria egiten badu, Zabalganako auzo etxeko ekitaldi aretoan izango da.

Beste datu batzuk

Eskolaren helburu orokorra da edozein adinetako zaleei gaikuntza praktikoa eskaintzea musikaren alorrean, eta, horrekin batera, aparteko bokazioa eta gaitasuna erakusten duten pertsonei ikasketa profesionalei buruzko orientabidea eta haiei ekin ahal izateko prestakuntza emateaz arduratzea.

Egun, 1600 matrikulazio baina gehiago ditu urtean, eta espezialitate klasiko zein egungoak eskaintzen ditu.

Luis Aramburu Musika Eskolan ikasteko beharrezkoa da musika-tresna batean plaza lortzea. Plaza hori lortuta, bi irakaskuntza-aukera daude: 18 urtetik beherakoek A aukera dute, eta ikasle helduek B aukera.