Alavabuseko Gasteiz-Kanpezu-Lizarra 6. lineak Arabako hiriburua eta Santikurutze Kanpezu lotzen dituzten zerbitzuen eskaintza hobetuko du uztailean eta abuztuan, eta, orain arte udan norabide bakoitzeko 5-6 bidaia eskaintzen bazituen astelehenetik ostiralera, aurten noranzko bakoitzeko 9-10 bidaia eskainiko ditu.
Jon Nogales Arabako Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak azaldu duenez, "horrela, Arabako Mendialdeko foru garraioaren eskaintza maiztasun eta plaza gehiagorekin indartzen dugu, uztailean eta abuztuan eskualde horretan bizi direnen nahitaezko mugikortasun eskariari erantzuteko asmoz. Inguruko udalen eta administrazio batzarren eskaerari ere erantzuten diogu".
Gainera, Santikurutze Kanpezuri ez ezik, zerbitzuen eskaintzaren hobekuntzak Alavabusen 6. lineako geltokia duten gainerako herriei ere mesede egingo diela nabarmendu du, hau da, Argandoña, Andollu, Trokoniz, Ixona, Egileta, Azazeta, Birgaragoien, Birgarabarren, Maeztu, Atauri eta Antoñanari.
Ondorioz, Gasteiz eta Santikurutze Kanpezu artean aurreko udetan astelehenetik ostiralera eguneko 5-6 zerbitzuen aldean, Alavabusek bederatzi zerbitzu eskainiko ditu Kanpezurako norabidean uztailaren 1etik abuztuaren 31ra (06:45, 08:00, 09:00, 11:10, 13:00, 14:10, 15:10, 19:05 eta 21:15ean), eta hamar Gasteizerako norabidean (06:50, 07:50, 10:05, 10:51, 12:15, 14:05, 15:15, 17:16, 20:10 eta 22:20ean).
Bestalde, Gasteiz eta Lizarra (Nafarroa) arteko konexioak bi bidaia mantenduko ditu astelehenetik ostegunera, eta egunean hiru bidaia izango ditu ostiraletan noranzko bakoitzeko, aurreko urteetan bi izaten ziren bitartean.
Alavabusen 6. linearen eskaintzak aldaketarik gabe jarraituko du uztaileko eta abuztuko asteburuetan, eta, orain arte bezala, norabide bakoitzeko bost bidaia eskainiko ditu Gasteiz eta Santikurutze Kanpezu artean eta hiru Gasteiz eta Lizarra artean.
Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saila lanean ari da udako zerbitzu eskaintza berri hori datozen urteetan sendotu dadin.