Gasteizko Udaleko gobernu bilerak Segurtasun eta Pribatutasun Zuzendaritza Batzordea eta Krisi Batzordea sortzea onartu du, "gure sistemei eta ditugun herritarren datu pertsonalei eragin diezaieketen balizko gertakari edo mehatxuei aurrea hartzeko, antzemateko eta erantzuteko", Sonia Diaz de Corcuera Administrazioa Modernizatzeko zinegotziak iragarri duenez.

Lege batzuetan eta besteetan ezarritakoa betez, Gasteizko Udalak segurtasun eta pribatutasunaren antolaketa egitura definitu du, "toki erakundeak ezin garelako bazterrean geratu". "Zerbitzu publiko guztiek behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatu behar dugu, eta, horretarako, gure azpiegiturak eta informazio sistemak babesteko beharrezkoak diren tresnak izan behar ditugu", gaineratu du.

Segurtasunaren eta babesaren arduradun nagusia

Era berean, udaleko eta bere erakunde autonomoetako datu pertsonalen segurtasunaren eta babesaren arduradun nagusia alkatea izanik, gobernu taldeak segurtasun eta pribatutasun egitura antolatzailea sortu du, gerta daitezkeen gorabeherak behar bezala kudeatzeko.

"Zibersegurtasunak duen garrantziaz jabetzen gara. Gai estrategikoa eta lehentasunezkoa da, eta agintaldi hau hasi genuenetik ari gara horretan lanean. Administrazio publikoek egin beharreko ahalegina da, pertsonek erakundeengan duten konfiantza babesteko eta ematen ditugun zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia ziurtatzeko. Erronka horri aurre egiteko, informatika, informazio eta kontrolsistemak indartu eta eguneratu behar ditugu etengabe", aipatu du.