VG Biziz sareak bizikleta lokal berri bana ditu Gasteizen, Kanpokale Berria 7an eta Zapatari kaleko 92an. Orotara, bizikletak gordetzeko 55 toki daude bi gune berrietan, eta horrela, sareak 16 aparkaleku eta 992 plaza ditu guztira.

Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak asteazken honetan aurkeztu ditu bizilagunek egindako eskaerei erantzungo dieten bi gune berriak.

"Inguruan bizi diren pertsonen eskaerak aintzat hartuta egokitzen ari gara gune hauek. Hain zuzen ere, Alde Zaharra eta Zabalgunea dira erreklamazio gehien biltzen dituzten tokiak. Eraikin gehienek ez dute trastelekurik eta are gutxiago bizikletak gordetzeko gelak. Herritarrek beren bizikletak toki seguru batean gorde ahal izateko arazoak dituzte", azaldu du.

Ostegunean irekiko dituzten bi lokalak hutsik zeuden eta, Artolazabalek esan duenez, "arlo sozialari eta jasangarritasunari dagokienez, errentagarritasuna bilatzen saiatu gara".

Guztira, 55 plaza berri egongo dira bi guneetan (38 Kanpokale Berrian eta 17 Zapatari kalean). Cargo bike edo merkantziak eta haur txikiak garraiatzeko erabiltzen diren bizikletentzako tokiak eta bizikleta elektrikoak kargatzeko 13 gune dituzte. Hiriko gainerako aparkalekuetan bezala, 24 orduko bideozaintza izango dute lapurretak eta kalteak ekiditeko.

Artolazabalek gogorarazi du beste aparkaleku seguru bat jarriko dutela aurki Herrandarren kalean, garai bateko autobus geltokian. Kontratazio espedientea maiatzean onartu zuten eta 174 plaza gordetzeko espazioa jasotzen du.