Gasteizko Udalak aste honetan hasi ditu hiriko erdigunean prestazio altuko 17 kameraren bidez bideozaintza sistema berria instalatzeko eta konfiguratzeko kontratuarekin lotutako lanak. Bideozaintza sistema guztia berritzeko inbertsioa 117.102,59 eurokoa izango da, BEZa barne.

Datuak transmititzeko udal sarean beharrezko egokitzapen teknikoak egin ostean, enpresa esleipendunak udaletxe inguruan dauden kameratan egingo ditu lanak datozen bi asteetan. Gero, gainerako tokietan dauden kamarak berrituko dituzte: Andre Maria Zuria, Arkupekoak, San Frantzisko aldapa eta Bakardade eta San Frantzisko Xabierkoaren kantoietako arrapala mekanikoak.

Hurrengo egunotan jarriko dituzten kamera gehienak buru anitzekoak izango dira, hainbat objektibo dituztenak. Horri esker, aldi berean zonalde zabalak zaindu, irudi argitasun handiagoa lortu eta ikuspegiaren 360 gradura ere iritsi ahal izango dira. Orain arte erabiltzen zen teknologiarekin alderatuta (batez ere, kamera analogikoen bidezkoa), aurrerapen handia ekarriko du horrek.

Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotziak adierazi dueenz, "delituak prebenitzeko eta ikertzeko funtsezko elementu gisa bideozaintzaren alde egin dugun apustuaren baitan lehen urratsa da hau. Hurrengo urteotan, hiri osoan zehar dauden kokapen estrategikoetan, ehun kamera inguru jartzeko konpromisoa hartu dugu. Segurtasunari dagokionez, jauzi teknologiko handia ekarriko du horrek".

Jarduera Gasteizko Turismoa Digitalizatzeko Planean sartzen da. Planak turismo egitura digitalizatzeari ekin nahi dio, eduki teknologiko eta berritzaileko jarduketen bidez, eta NextGenerationEU Funtsen eta Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan finantzatuta dago.