Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak 2024rako kirol arloko diru laguntzen deialdiarekin lotutako ebazpena onartu du ostiral honetan, eta, horren arabera, 369.880,71 euro bideratu ditu 201 kirol ekitaldi antolatzera eta tokiko klubek beste bederatzi ekitalditan parte hartzera.
Zehazki, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, 183.000 euroko laguntza eman da aisialdiko kirolarekin, ekintza herrikoiekin, campusekin, txapelketekin, lehiaketekin eta memorialekin lotutako 183 egitasmo antolatzeko.
Bestalde, beste 100.000 euro banatu dira ekitaldi handiak antolatzeko diru laguntza gisa, besteak beste, Gimnasia Erritmikoko Nazioarteko Irekia, Gasteizko Raid Hipikoa edo emakumezkoen gimnasia artistikoko TxapelGym jaia. Gainera, 60.000 euro bideratu dira herri kiroletako 26 txapelketa antolatzera.
Era berean, laguntzatan 30.000 euro esleitu dira Gasteizko kirol taldeek txapelketa ofizialetan parte har dezaten: Zuzenak kluba (gurpildun aulkian jokatzen den Saskibaloiko Estatu mailako Ligako Lehen Mailan lehiatzen da) edo Oskitxo taldea (Gimnasia Erritmikoko Liga Nazionalean hartzen du parte).
Bestalde, Tokiko Gobernu Batzordeak Udalaren hiru EEP onartu ditu gaur, eta guztira 249 plaza eskainiko dituzte. Horietatik 14 desgaitasun intelektuala duten pertsonei zuzenduta egongo dira eta modu esklusiboan haientzat egingo den deialdi bidez eskainiko dira.
Maider Etxebarria alkateak prozesu horien berri eman du: “argi eta garbi erakutsi du gobernu honek interesa duela udal-enpleguari egonkortasuna emateko, bitarteko enpleguari aurre eginez, eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatu nahi duela, Udaleko langileen artean profesional berriak sartuta, ziur bainago ezagutza handia ekarriko diotela erakundeari, eta horrek herritarren beharrei erantzuten lagunduko digula”.
Udal-gobernuak onartutako lehen eskaintzak 82 plaza ditu, eta horietatik 51 txanda irekikoak dira, 26 barne-promoziokoak eta 5 desgaitasuna dutenei zuzendutakoak. Guztira, 32 profil profesionaletakoak. Plazarik ugarienak hauek dira: mantentze-lanetako ofizial espezialista (13), erizaintzako zainketa osagarrietako teknikariak (13), jarduera soziokulturaletako erdi mailako teknikariak (7), administrariak (7) eta hezitzaileak (5 plaza).