Gasteizko Udalaren Ingurumen Gaietarako Ikastegiak publiko guztientzako jardueren egitarau oparoa antolatu du Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta. Ekintzak hiriko hainbat tokitan egingo dira asteazkenetik, ekainaren 5etik, hilaren 16ra bitartean.
Borja Rodriguez Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "egitarau honen bidez, ingurumeneko arazoak konpondu eta toki eta mundu mailan ingurumeneko eta gizarte eta ekonomia arloko jasangarritasunerantz aurrera egin beharra dagoela gogorarazi nahi dugu".
"Herritarren inplikazioa" lortu nahi dutela nabarmendu du Borja Rodríguez zinegotziak
Asteazkeneko Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, "herritarren inplikazioa" lortu nahi dutela nabarmendu du, "ingurumena babesteko, bioaniztasuna kontserbatzeko, ekosistemak berrezartzeko eta jasangarritasuna lortzeko beharrezko laguntzaileak direlako".
Bada, egitaraua asteazkenean hasiko da, Agenda 2030 Foroarekin, Europa jauregian, eta Gasteizko 24 ikastetxetako irakasle eta ikasleek Eskolako Agenda 2030eko 2023-2024 ikasturteko emaitzak aurkeztuko dituzte bertan. Oraingoan, landutako ekintzak Garapen Jasangarriko 7. Helburuarekin lotuta daude: energia eskuragarria eta ez-kutsakorra. Ekimena 10:30ean hasiko da eta 130 lagunek baino gehiagok hartuko dute bertan parte.
Halaber, Ingurumenaren Jaia ospatuko da Atarian ekainaren 9an 'Gure lurrak. Gure etorkizuna. #BerrezarpenBelaunaldia gara' lelopean, eta, 11:00etatik aurrera, egurrez egindako jolas tradizionalak, energia berriztagarriekin funtzionatzen duten jolas eta gailuen erakusketa, kontsumo txikiko ureztaketa sistemen erakusketa, eguzki bidez egindako sukaldaritza eta dastaketa eta familia osoarentzako pista jolasa egingo dira. 12:30ean familientzako antzerkia izango da Behibi's taldearekin.
Programazioarekin aurrera jarraituta, Ingurumen Gaietarako Ikastegiak Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Astea (Basque Environment and Ocean Week - BEOW 2024) antolatu du, Nakusarbe elkartearekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundien babesarekin.