Datorren ekainaren 1ean jokatuko den OTSO Vi Half Gasteiz lasterketaren hirugarren edizioak 736 kirolari bilduko ditu; iaz baino % 23 gehiago. Partaidetza handitu egin da gizonezkoen zein emakumezkoen kategorietan. Guztira, 90 emakume izango dira bertan eta, horrenbestez, aurreko edizioko datuekin alderatuta, gorakada % 29koa izango da. Gizonezko kopurua 645ekoa izango da (distantzia ertaineko azken triatloian, 536 izan ziren).

Ezagutarazi dituzte prentsaurreko bidez izen-emateen datuak. Bertan izan dira Kirol eta Osasunaren zinegotzia, Ana López de Uralde; Arabako Foru Aldundiko Kirolen zuzendaria, Juanjo Rojo; ‘OTSO Vi half Gasteiz’ lasterketako zuzendariak, Alain Fontecha eta Eneko Alonso; Eneko Llanos triatleta ohia; eta Javier Gómez Noya triatleta profesionala.

“Zalantzarik gabe, datu bikainak dira eta agerian utzi dute lasterketa gogor hau sendotu egin dela. Lasterketa paraje ederretatik igaroko da: Uribarri Ganboa, Arabako Lautada eta Vitoria-Gasteizko erdigune historikoa. Gainera, ez dugu ahaztu behar beti jasotzen duela ikasleen kemena”, nabarmendu du Kirol eta Osasun zinegotzi Ana López de Uraldek. Gainera, bereziki aipatu nahi izan du “ekimen horrek hiriko turismoaren, ostalaritzaren, hotelen eta merkataritzaren sektoreari eskaintzen dion onura. Izan ere, kontuan hartu behar dugu kirolari bakoitza, batez beste, bi lagunekin batera etortzen dela”.

Aurten, parte-hartzaile gehienak Estatutik iritsiko dira, 186 Arabako lurralde historikotik, baina nazioarteko partaidetza ere izango da. Hain zuzen ere, Frantziatik 5 triatleta iritsiko dira, eta 3 Erresuma Batutik, Suediatik eta Alemaniatik. Emakumezko triatleta profesionalei dagokienez, azpimarratu beharrekoa bertan izango direla Kanariar Uharteetan jaiotako, baina Gasteizen bizi den Ruth Brito, Saleta Castro galiziarra (21 Ironman egin ditu), Chloé Nicolas frantziarra eta Marta Sánchez. Gizonezkoen kategorian, entzute handiko kirolariak iritsiko dira: Javier Gómez Noya (Olinpiadetan domina irabazitakoa) Urko Herrán gasteiztarra, Emilio Aguado eta Mikel Múgica, besteak beste.