Vitoria-Gasteizek ekainaren 4tik 6ra bitarte egingo du Garapenerako Lankidetzaren Udal Zerbitzuak antolatutako ‘Fokuan’ jardunaldietako bosgarren edizioa. Hitzaldiak, mahai-ingurua eta argazki-erakusketa egingo dira ‘Giza eskubideak: utopia eskuraezin, edo jarraitu beharreko itsasargi?’ gaiaren inguruan
Ana López de Uralde Garapenerako Lankidetzako zinegotziak azaldu duenez, “Fokuan jardunaldien programazioak biltzen dituzten jardueretan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. Urteurrenarekin lotuta, eskubide horiek gaur egun nazioartean bizi duten egoera aztertuko dute”. Mundu mailan giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren krisiak eta urraketak izango dituzte aztergai, baita komunitateak eta gizarte zibilak nazioartean gaur egun eta etorkizunean beteko duten zeregina ere.
Jardunaldi horiekin lotuta, Antso Jakitunaren kaleko pergoletan Pablo Tosco argazkilariaren Eskubide Kontua erakusketa egongo da ikusgai ekainaren 20ra arte. Bere argazkiek Ukrainan, Sahelen eta Sirian sortutako krisi humanitarioak islatzen dituzte. Argazkiek giza eskubideen urraketari aurre egiten saiatzen diren biziraupenarekin, erresilientziarekin eta lidergoarekin lotutako istorioak erakusten dituzte. Egileak, gainera, bisita gidatua eskainiko du inaugurazio-egunean ekainaren 4an, asteartean, 12:00etan.
Bakerako Nazioarteko Kataluniako Institutuko zuzendaria, Kristian Herbolzheimer, izango da konferentzia-zikloa irekitzearen arduraduna. Zikloa ekainaren 4tik 6ra bitarte egingo da Europa Kongresu Jauregian, 19:00etan. Lehenengo hitzaldia ekainaren 4an, asteartean, izango da, `¿La paz es una utopía?´ izenburupean. Asteazkenean, hilaren 5ean, Juan José Álvarez legelariak, Itziar Ruiz-Giménez analistak eta Patricia Simón idazle eta kazetariak mahai-inguru batean parte hartuko dute. Bertan, Giza Eskubideen gaurkotasuna izango dute aztergai, Adierazpen Unibertsalaren 75. Urteurrenarekin lotuta. Patricia Simónek itxiko du konferentzien zikloa, ‘Periodismo Internacional y Derechos Humanos: de Ucrania y El Sahel a Gaza´ hitzaldiarekin.
Jardunaldietako partaidetza doakoa izango da eta edukiera mugatua duten lekuetan, sarrera librea izango da tokia bete arte. Europa Kongresu Jauregian antolatutako ekitaldien kasuan, ateak konferentzia bakoitza hasi baino 30 minutu lehenago irekiko dituzte.