Bertsolamintza bertsolaritzako gogoetaren plaza bueltan da, bost urteko etenaldiaren ostean. Martxoaren 13an Gasteizen hasita, bi astean zehar bina saio eskainiko dituzte hizlariek, eta martxoaren 23an amaituko da aurtengo edizioa, Villabonan, hizlari guztiak egun osoko egitarau batean bilduta.

Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, Gasteizko Goiuri jauregian hasiko da aurtengho Bertsolamintza. Aroa Arrizubieta moderatzaile dela, bertan izango dira Maider Arregi, Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran. Hirurek aztertuko dute zein gairi abesten dieten bertsolariek, baina ertz ezberdinetik: Arregik oholtzan ez dauden kolektiboei eta beraiei buruz kantatzearen inguruan hausnartuko du, eta Iguaranek eta Bizkarrak egoera sozioekonomikoa izango dute hizketagai, eta hausnartuko dute plazetan horiei abesten zaien.

Bigarren saioa martxoaren 14an izango da, Bilboko Euskararen Etxean. Zihara Enbeitaren gidaritzapean, Jexux Mari Irazuk eta Onintza Enbeitak hartuko dute hitza. Irazuk libreko bertsogintza izango du hizketagai, eta bere kokapena, presentzia, aukerak eta mugak azalduko ditu; Enbeita, ostera, botere harremanez arituko da, eta bertsolariaren itzalak eta generoak harreman horien sorkuntzan duten garrantziaz hausnartuko du.

Itsasuko (Lapurdi) Sanoki gela izango da ekimenaren hirugarren geralekua, martxoaren 20an. Bertan, Battit Crouspeyre izango da aurkezle, eta berarekin Oihana Arana eta Maialen Akizu eta Ainhoa Urien egongo dira. Arana bertsolaritzako diskurtsoez arituko da: bertsolariek diskurtsorik ba ote duten, ideologikoki lerratuta ote dauden eta beste. Akizuk eta Urienek, bestetik, bertsolarien diskurtsoez egingo dute eztabaida, eta, estetika eta etikaren artean, artista eta obra uztartzearen inguruan arituko dira.

Bertsolamintzaren azken saioa Iruñean izango da, LABA espazioan, martxoaren 21ean, Saioa Alkaiza aurkezle dela. Julio Soto eta Imanol Artola batetik, eta bestetik Odei Barroso, Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea izango dira hizlariak. Lehenengoak gai jartzailearen inguruan arituko dira, gaien aukeraketaren inguruan; besteek, aldiz, bertso eskoletara ekarriko dute gaia, eta eztabaidatuko dute bertan ikasitakoa soilik forma den, ala edukiak ere baduen tokirik.