TUVISAko Administrazio Kontseiluak datorren ostegunean aztertuko du Irizar S.Coop. enpresari hamar autobus berri (% 100 elektrikoak) hornitzeko eta mantentzeko kontratazioa esleitzeko proposamena. Urrats horrekin amaituko da iazko abenduaren 22an abiatu zen lizitazioaren balorazio teknikoa eta ekonomikoa egiteko prozesua. Esleipen horri esker, hiri-autobusen flota berritu ahal izango da. Hala, artikulatutako 18 metroko 6 ibilgailu eta 12 metroko beste lau gehituko dira flotara, guztiak zero isurpenekoak.
Horrela, eta ildo beretik jarraituz, Gasteizko Udaletik azpimarratu zutenez, Irizarrek proposamenean 650.000 euroko prezioa planteatu du 12 metroko autobus bakoitzeko, eta 900.000 eurokoa 18 metroko autobus artikulatuentzako; beraz, inbertsioaren balio bateratua 8 milioi eurokoa izango da, BEZa aparte. Entregatzeko epeei dagokienez, enpresak bere eskaintzan konpromisoa hartzen du eskatutako autobus bakoitza eta autobus hori osatzen duten sistemak eskaera egin eta gehienez ere 12 hilabeteko epean entregatzeko.
"Esleipen-proposamenean kontuan hartu dira, halaber, ibilgailu bakoitzeko berme-epea (48 hilabete autobus multzorako eta 120 hilabete elementu berezien kasuan, hala nola baterien kasuan), 15 urteko mantentze-lanen kostuak eta enpresa fabrikatzailearen instalazioen hurbiltasuna, besteak beste", azpimarratu zuten Gasteizko Udaletik.
Irizarrek eskaintzen dituen ibilgailuak bateragarriak eta erabilgarriak dira TUVISAren Elektromugikortasuneko Zentroan dagoen kargatzeko azpiegiturarekin.