Ana Lopez de Uralde Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak agerraldia egin du bere sailak legegintzaldi honetan garatuko dituen ildo estrategikoak aurkezteko. Kirolari dagokionez, Lopez de Uraldek jarduketa hori jarduera fisikotik harago jorratzeko apustua egin du, eta osasunaren, hezkuntzaren eta gizarteratzearen arloan helburuak lortzeko aukera ematen duen eta tolerantzia eta errespetua sustatzen dituen tresna gisa planteatu du.
Balio horiek oinarri hartuta, kiroletako zinegotziak iragarri du ‘Errespetua harmailetan’ programa abian jarriko dutela, kirol-ekitaldietan egoera desegokiak ekiditeko xedearekin. “Legegintzaldi honetan epaileei, entrenatzaileei, parte-hartzaileei eta publikoko beste edozein pertsonari irainik ez egiteko eta gure instalazioetan kirolaz modu lasai eta zibikoan gozatu ahal izateko egingo dugu lan. Ezin ditugu hitzezko erasoak eta eraso fisikoak onartu zelaian, baina ezta harmailetan ere, eta helduek eredu izan behar dute. Harmailetan heztea lortzen ez badugu, nekez zabalduko dugu jokoan kirol-legea oinarri duen mezua”, zehaztu du Lopez de Uraldek.
Ekimena indarkeriaren aurrean haurrei eta nerabeei babes integrala emateko ildo estrategikoan sartuta dago. Hain zuzen ere, Kirol Zerbitzuak bereziki landuko du gai hori legealdi honetan eta beste bost ildo ere jorratuko ditu.
Lehenik eta behin, kirol-eskaintza hobetuko da, jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko pertsonen bizitzan, osasunaren, gozamenaren, bizikidetzaren eta giza harremanen iturria baita. Horrekin lotuta, jardueren eskaintza inklusiboa izan dadin lan egingo dute, eta adinekoentzako kirol-programazioa handitu. ‘Kirol-hitzorduak’ antolatuko dira espazio publikoan hainbat jarduera egiteko eta programazioan kirol-jarduketa berriak txertatuko dira, hala nola skateboardinga, bossballa, beisbola, softbola..
Halaber, Lopez de Uraldek irabazi-asmorik gabeko erakundeei bideratutako dirulaguntzen eraginkortasuna hobetzea planteatu du, eta dirulaguntzen deialdien argitalpena aurreratuko du, lehenbailehen izateko haien berri.
Sailak, gainera, emakumeen kirola, kirol egokitua eta kirol minoritarioak bultzatuko ditu. Horretarako, hainbat neurri aplikatuko dira: emakumezkoei bakarrik bideratutako kirol-ekitaldiak antolatzeko guneak lagatzeko kuota murriztuak (batez ere gizonekoek egiten dituzten kiroletan) eta emakumeen kirola sustatzen duten kirol-erakundeentzako dirulaguntzen deialdi bat sortzeko aukera aztertzea.
Jarduera fisiko egokituan diharduten eta espezializatuta dauden eragileekin lan egingo da, Arabako Federazioak eskaintzen dituen kirol egokituko jarduerak diruz lagunduko dira eta kirol-ekitaldi egokituak antolatzen lagunduko da. Gainera, kirol minoritarioak egiteko eremuak erabiltzea eskatzen duten kolektiboei arreta emango zaie.
Agintaldiko beste ardatz nagusietako bat hirian kirol-ekitaldiak sustatzea izango da. Hala, Estatu mailako eta nazioarteko izaera duten egitasmoak erakartzeko lan egingo dute, bertako kirolaren aldeko apustua egiteari utzi gabe. Horrez gain, agenda koordinatuko dute gasteiztarrentzat zein Gasteiz bisitatzen dutenentzat erakargarria den programazioa diseinatzeko.
Zinegotziak Gasteizko kirol-instalazioak modernizatzeko konpromisoa hartu du, jarduera guztiak garatuko ahal izateko euskarri izan daitezen. Horri dagokionez, kirol-espazioen erabilera optimizatuko da, Mendizorrotzako eraikin soziala erreformatuko da eta ariketa-gelak berregokituko dira, makina modernoagoak jartzeko.
Lopez de Uraldek herritarrei jarduera fisikoa egiteko irisgarritasuna eskaintzearen garrantzia nabarmendu du. “Kirola sustatzeko baliabideak bideratzea ez da gastua, gure herritarren onurarako Gasteizko udaletik egin dezakegun inbertsiorik onenetakoa da, betiere, 2030ko GJHekin bat eginez eta adin guztietarako bizitza osasungarria eta aktiboa sustatuz”.