Dulantzi Ikastetxearen eskolaz kanpoko jardueren eskaintza ugaria da: judoa, robotika, saskibaloia, rokodromoa, eskalada, kirol anitzekoa, zeramika, urban dancea eta zirkua. Jarduera horietako bik — rokodromoa eta zirkua — atentzioa eman digute; izan ere, guraso-elkarteak beren eskaintzetan gero eta jarduera gehiago sartzen saiatzen badira ere, ez dira ohikoenen artean egoten.

«Ikastetxe baten jarduera-eskaintza prestatzerakoan, kontuan hartu behar dira ikastetxean bertan edo inguruetan erabilgarri dauden azpiegiturak, bai eta bertan aurreko urteetan egin diren jarduerak ere», adierazi du Gorka López de Aldak, Jostariko zuzendaria, ikasturte honetatik aurrera ikastetxe horretako eskolaz kanpoko jardueren kudeaketaz arduratzen den enpresak.

«Ikastetxearen ondoan dagoen kiroldegian eskalatzeko hainbat bide dituen rokodromo bat dago, eta zirkuko jarduera aurreko urteetan ere egiten zen ikastetxean, eta, gainera, Jostaritik eskaintzen dugunetako bat da». Nahiz eta Jostariren jarduera ez den landa-eremuan bakarrik zentratzen, enpresa honek esperientzia handia du gazteentzako kirol-jarduerak eta eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen Arabako hainbat herritan. Ribabellosan, Dulantzin, Gopegin, Langraizen eta Manzanosean, besteak beste, enpresa horrek antolatutako jarduerak daude, eskolaz kanpokoak edo udalekoak.

«Herrietan eskolaz kanpoko jarduerak antolatzeak ezaugarri bereziak ditu, eta batzuetan gehiago kostatzen da jarduera-taldeak aurrera ateratzea ikasle gutxi daudelako, edo egitura egokirik ez dagoelako», azaldu du Gorkak. Ez da hori herri honen kasua, Dulantzi Ikastetxeak eskaintzen dituen jardueretan 100 ikaslek baino gehiagok hartzen baitute parte.

Rokodromoa

Arratsaldeko 16:45ak dira eta pixkanaka-pixkanaka eskaladako ikasleak ikastetxearen ondoan dagoen kiroldegira hurbiltzen ari dira. Eguna euritsua denez, gaur jarduera barnealdeko eskalada-bideetan oinarrituko da. «Umeek segurtasun elementuak hasten dira ikasten lehenengo egunetatik: arnesa janzten eta aseguratzen», esan digu Pablok, begiraleak, «zortzi bikoitza egiten dagoeneko ikasi dute batzuk, baina txikienek oraindik ez dute oso ondo harrapatu». Nagusienek txikiak laguntzen dituzte arnesak eta kaskoak janzten eta Pablok erabiliko duten eskalada-bidea prestatzen du, «saiatzen gara modu naturalean eskalatzen. Alde horretatik ez zaie asko esan behar: pisu gehiena hanketan jartzearena inportantea dela, metalezko txapetatik ez heltzeko arriskutsua delako… eta ezer gutxi gehiago».

Banan-banan bidean gora doaz, Pablok, behetik, tinkatzen dituen bitartean. Batzuk gorago iristen dira, amaierako txaparaino, eta beste batzuek nahikoa dela erabakitzen dute, eta begiraleari jaisteko eskatzen diote. Jaitsieraren uneak ere badu bere erakargarritasuna, eta baten batek ondo pasatzen du jauzi handiko rappela eginez. «Eskalada ondo dago, alde batetik, bertigoa galtzen delako: txikitatik ohituta ez badaude, gero, 25 urteekin eskalatzen hasi nahi badute, agian kriston beldurra daukate alturei… eta beste alde batetik eskalada oso konpletoa da. Inpakturik gabeko kirola da, oso sanoa gorputz osoarentzat eta umeek bizkarra, besoak eta eskuak indartzen dituzte».

Zirkua

Eguerdiko ordu batean zirku jarduera hasten da. Gaurko klasean hainbat jauzi egingo dituztenez, muskuluak prest jartzeko berotze ariketak egiten hasten dira. «Zirku jarduera oso zabala da. Alde batetik daude akrobaziak, txiribueltatik hasita beste gauza konplikatuetaraino. Gero ere Acrosporta dago, non gorputzarekin figura ezberdinak egiten dituzten —banaka, binaka edo taldeka, piramideen kasuan adibidez—. Malabarrak daude ere: pilotak, zintak, diaboloak… eta azkenik, klown.

Hor antzerkia eta gorputz hizkuntza ikasten hasten dira: gorputzarekin komunikatzen eta gauza barregarriak egiten. Klownean beraiek historia bitxiak asmatzen dituzte, irudimena lantzen», kontatu digu Pablok. Saio bakoitzean aipatutako gaietako bat praktikatzen dute, eta horrela ez zaie errepikakorra egiten. Gaur tranpolinetik jauziak egitea tokatzen da, airean irudi ezberdinak eginez. «Umeei klaseetan beti esaten diete pailazoarena ez egiteko. Orduan etortzen dira zirku egitera eta esaten diet “orain goazen pailazoa egitera”. Nik uste dut hori asko eskertzen dutela, barre egiten dutela pilo bat. Gainera oreka, koordinazioa, malgutasuna, posturak lantzen dituzte, oso osasungarria da».