Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 4.178 langabe gehiago zenbatetsi dira abuztuan uztailarekin alderatuta (+%3,98), eta guztira 109.169 daude. Urte arteko bilakaeran, aldiz, langabeziak saldo negatiboa izan du hamaikagarren hilabetez jarraian, 2024ko abuztuan baino 2.194 langabe gutxiago izan baitira aurten (-%1,97), Lanbide enpleguko zerbitzu publikoan erregistratutako datuen arabera.
Sexuaren arabera, 63.842 emakume eta 45.327 gizon daude langabezian EAEn, hau da, uztailean baino 2.578 eta 1.600 gehiago (+%4,21 eta +%3,66) eta 2024ko abuztuan baino 1.338 eta 856 gutxiago (-%2,05 eta -%1,85), hurrenez hurren.
Adinari begiratuta, 30 urtetik beherako langabeak 17.996 dira, aurreko hilean baino 943 gehiago (+%5,53) eta urtebete lehenago baino 375 gutxiago (-%2,04); 30 eta 44 urte arteko langabeei dagokienez, 31.948 dira, uztailean baino 2.377 gehiago (+%8,04) eta 2024ko abuztuan baino 1.274 gutxiago (-%3,83); 45 urtetik gorako langabeak, berriz, 59.225 dira, hilabete lehenago baino 858 gehiago (+%1,47) eta iaz baino 545 gutxiago (-%0,91).
SEKTOREKA
Sektoreka, aurreko enplegurik gabekoen taldean eta nekazaritza eta arrantzan soilik jaitsi da langabezia abuztuan uztailaren aldean, 403 eta 12 langabe gutxiagorekin (-%2,88 eta -%0,67), hurrenez hurren. Industrian 445 langabe gehiago zenbatetsi dira (+%4,40), eraikuntzan 128 gehiago (+%2,39) eta zerbitzuetan 4.020 gehiago (+%5,45).
Iazko abuztuaren aldean, berriz, sektore guztietan jaitsi da langabezia, industrian izan ezik, 55 langabe gehiago izan baitira (+%0,52). Horrela, zerbitzuetan 1.477 langabe gutxiago zenbatetsi dira (-%1,86), eraikuntzan 523 gutxiago (-%8,72), nekazaritza eta arrantzan 100 gutxiago (-%5,35) eta aurreko enplegurik gabekoen taldean 149 gutxiago (-%1,09).
Adinari begiratuta, 30 urtetik beherako langabeak 17.996 dira, aurreko hilean baino 943 gehiago (+%5,53) eta urtebete lehenago baino 375 gutxiago (-%2,04)
Lurralde historikoka, Araban 18.398 langabe daude, aurreko hilean baino 520 gehiago (+%2,91) eta iazko abuztuan baino 92 gutxiago (-%0,50); Bizkaian 61.417 lagun daude lanik gabe, uztailean baino 2.037 gehiago (+%3,43) eta 2024ko abuztuan baino 1.578 gutxiago (-%2,50); Gipuzkoan, 29.354 langaberekin, uztailean baino 1.621 gehiago (+%5,85) eta duela urtebete baino 524 gutxiago (-1,75) zenbatetsi dira.
Azkenik, 45.913 kontratu berri sinatu dira abuztuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 9.539 mugagabeak izan dira, hau da, guztizkoaren %20,8.