Euskara ikastea doakoa izango da oinarrizko A2 mailan ere 2025-2026 ikasturtean, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak A1-A2 oinarrizko mailetan euskara ikasten duten ikasleei eta C1 mailan komunikazio gaitasuna hobetu nahi duten 16-18 urteko gazteei diru laguntza emateko deialdia onartu ondoren.
Modu honetan, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak urratsak ematen jarraitzen du euskara ikastea "errazagoa eta doakoa izateko".
Hain zuzen ere, aurreko ikasturteetan martxan jarritako doakotasun politikei jarraipena emango dio Jaurlaritzak ikasturte berrian, eta, horretarako, 4,86 milioi euro bideratuko ditu, 2024an baino %52,9 gehiago.
"Erabaki honek aurreko ikasturteetan martxan jarritako doakotasun politikei jarraipena ematen die eta, berrikuntza modura, A2 maila txertatzen du doakotasun programan", gaineratu du Bengoetxeak.
Adierazi duenez, doakotasun programaren helburu nagusia euskara ikastea "errazagoa eta guztientzat eskuragarria" izatea da. Bere hitzetan, "gobernuarentzat euskara ikastea estrategikoa da, euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko. Horregatik, euskara ikasteko bideak bermatzen, zabaltzen eta laguntzen jarraituko dugu".
Lehen lehendakariordeak esan du oinarrizko mailetan (A1-A2) euskara ezagutzen ez duten pertsonak gerturatu nahi dituela Jaurlaritzak euskaltegietara, "eurak direlako euskararen harrobia".
"Doakotasun programari esker, iazko ikasturtearekin alderatuta, aurtengo ikasturtean A1 mailako ikasle kopurua %30 igo da. Bestalde, C1 mailan, euskarazko komunikazioaren ezagutza maila handitzeko eta sendotzeko helburua duten 16-18 urteko gazteak ere laguntzen jarraitu nahi dugu, unibertsitateko ikasketetara edota lan mundura salto egin aurretik", azaldu du.
Modu honetan, A1 eta A2 mailetan ikastaroa doakoa izango da eta ikasleak ikasturte hasieran matrikularen zati txiki bat soilik ordainduko du, maila egiaztatzerakoan berreskuratzeko aukerarekin.
Era berean, C1 mailako 16-18 urteko gazteen euskarazko komunikazio gaitasuna hobetzeko ikastaroa doakoa izango da. Ikasleak ikasturte hasieran matrikularen zati txiki bat soilik ordainduko du, eta maila egiaztatzerakoan berreskuratzeko aukera izango du.