Merkatu-zerbitzuen sektoreko salmentak % 5,4 igo dira Euskal AEn 2023ko hirugarren hiruhilekoan
2023ko lehen hiru hiruhilekoetako metatuan, salmentak % 7,3 igo dira
Eustaten datuen arabera, 2023ko hirugarren hiruhilekoan Euskal AEko Beste merkatu-zerbitzu batzuen sektoreko salmentek % 5,4ko igoera izan dute aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, prezio konstanteetan eta egutegi-eraginak kendu ondoren. Sektore horretan, Garraioa, Ostalaritza, Informazioa eta komunikazioak eta Enpresentzako zerbitzu-jarduerak sektoreek eskainitako zerbitzuak kontabilizatzen dira.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, prezio konstanteetan eta urtaro-eraginak kendu ondoren, salmenten igoera % 0,1era iritsi da 2023ko hirugarren hiruhilekoan.
Beste merkatu-zerbitzu batzuk sektorearen barruan, salmenta errealen urtetik urterako bilakaera positiboa (prezio konstanteetan) honako sektore hauetan gertatu da: Garraioa eta biltegiratzea (% 13,9ko igoera), Informazioa eta komunikazioak (% 5,5eko igoera) eta Ostalaritza (% 1,8ko igoera). Administrazio-jarduerak eta zerbitzu osagarriak eta Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak sektoreetan, berriz, salmentek behera egin dute (% 4,5 eta % 1,1, hurrenez hurren).
2023ko hirugarren hiruhilekoa urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, salmentetan emaitza negatiboa izan duten sektoreak honako hauek izan dira: Ostalaritza (% 1,8ko jaitsiera), Administrazio-jarduerak eta zerbitzu osagarriak (% 1,2ko jaitsiera), eta Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (% 0,4ko jaitsiera aurreko hiruhilekoarekin alderatuta). Informazioa eta komunikazioak eta Garraioa eta biltegiratzea sektoreetan, berriz, salmentek gora egin dute (% 2,1 eta % 1,2, hurrenez hurren), prezio konstanteetan eta dagozkien urtaro-eraginak kendu ondoren.