Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko txikizkako merkataritzaren sektoreko salmentek % 0,7ko igoera izan dute 2023ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, egutegi-eraginak atera ondoren eta prezio konstanteetan. Salmenten urtetik urterako igoera, gasolina-zerbitzuguneak kontuan hartu gabe, % 0,3ra iritsi da.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, bidezko urtaro-eraginak kenduta, 2023ko hirugarren hiruhilekoko salmenta-indizeak % 0,1eko beherakada izan du.

Elikagaien sektoreko salmentek, prezio konstanteetan, % 1,4ko igoera izan dute 2022ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Gainerako produktuen sektorean, berriz, salmentek % 0,7ko beherakada izan dute urtetik urtera. Azkenik, Automoziorako erregaiaren sektorean, salmentak aurreko urteko hilabete berekoak baino % 5,8 handiagoak izan dira.

2023ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, urtaro-eraginik gabe eta prezio konstanteetan, Elikagaien sektoreko salmentek % 0,2ko igoera izan dute, eta Gainerako produktuen sektorekoek, berriz, % 2,4ko beherakada. Bestalde, Automoziorako erregaiaren sektoreko salmentek emaitza positiboa izan dute, eta % 4,8 igo dira.

Elikagaiei lotutako txikizkako merkataritzaren barruan, Elikagaietan, edarietan eta tabakoan espezializatutako merkataritzan (fruta-dendak, harategiak, arrandegiak eta abar) egindako salmentek % 2,0ko beherakada izan dute 2022ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Aitzitik, Elikagaiak, edariak eta tabakoa nagusi diren txikizkako merkataritza ez-espezializatuan (supermerkatuak eta hipermerkatuak nagusiki), salmentek % 3,0ko igoera izan dute urtetik urtera.

Gainerako produktuen txikizkako merkataritzaren barruan, Beste kontsumo-ondasun batzuetan espezializatutako sektorean (kirol-gaiak, jokoak eta jostailuak, besteak beste) salmentek % 5,6ko igoera izan dute aurreko urteko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Pertsonaren ekipamenduan espezializatutako sektorean (arropa, oinetakoak, produktu kosmetikoak edo higiene-produktuak), salmentek % 5,0ko igoera izan dute. Gainerako produktuak nagusi diren txikizkako merkataritza ez-espezializatuaren sektorean (korrespondentzia edo Internet), salmentak % 3,3 igo dira urtetik urtera. Etxeko ekipamenduaren sektorean (etxetresna elektrikoak, altzariak eta komunikazio-ekipamenduak), berriz, salmentek % 8,8ko beherakada izan dute.

Lurralde historikoak kontuan hartuta, 2023ko hirugarren hiruhilekoko salmenten indizeak % 2,9ko igoera izan du urtetik urtera Bizkaian, eta % 1,1ekoa Araban. Gipuzkoan, berriz, % 2,6ko beherakada gertatu da.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, salmenten bilakaera Bizkaian baino ez da positiboa izan, % 0,7ko igoerarekin. Araban, salmentek % 0,3ko beherakada izan dute hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta Gipuzkoan, berriz, % 1,2koa.

Euskal AE osoan, 2023ko hirugarren hiruhilekoan txikizkako merkataritzaren sektorean aritu diren langileen kopuruak % 1,2ko igoera izan du aurreko urteko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, igoera % 0,3koa izan da.