Industria-jarduera % 2,1 murriztu da 2023ko abuztuan
Aurreko hilaren aldean, produkzioa % 1,7 igo da
Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegiko balio homogeneoetan, Euskal AEko industria-produkzioa iazko hil berean baino % 2,1 txikiagoa izan da 2023ko abuztuan. Horrela, 2023ko lehen zortzi hiletan metatutako produkzioa iazko aldi metatuan baino % 0,7 txikiagoa da.
Aurreko hilarekin, hau da, 2023ko uztailarekin alderatuta, Euskal AEko industria-jarduerak % 1,7 egin du gora azken hil honetan, urtaro-ondorioak zuzenduta.
Ondasunen xede ekonomikoaren arabera, Energiaren produkzioa % 11,1 jaitsi da urtetik urterako balioetan 2023ko abuztuan. Sektore honetan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura, eta petrolioa fintzea.
Kontsumo-ondasunek ere urtetik urterako portaera negatiboa izan zuten 2023ko abuztuan, produkzioa % 5,6 murriztu baitzen sektore osoan. Jaitsiera hori Kontsumo-ondasun iraunkorren portaeraren ondorio da, epigrafe horretan sartzen baitira, besteak beste, altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioa, eta jarduera horrek % 16,6ko murrizketa izan baitu, bai eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren produkzioaren ondorio ere, % 3,7 egin baitute behera. Epigrafe horretan honako hauek sartzen dira, besteak beste: elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak; garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa; farmazia-produktuak, eta jantzigintza.
Bitarteko ondasunetan (metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa sartzen dira epigrafe horretan) ere urtetik urterako jaitsiera izan da produkzioan, % 0,3ko aldakuntza negatiboarekin.
Ekipo-ondasunen produkzioa, aldiz, % 3,6 igo da iazko abuztuaren aldean. Epigrafe horretan sartzen dira ibilgailu motordunen fabrikazioa; tren-makinen eta trenbide-materialaren eraikuntza, eta aireontziak edo itsasontziak egitea.
Xehekiago adierazita, 2023ko abuztuan, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, Garraio-materiala eta Metalurgia eta produktu metalikoak baino ez dira hazi urtetik urterako balioetan, % 9,4 eta % 1,5 gehitu baitira, hurrenez hurren. Aitzitik, urtetik urterako balioetan, produkzioa sektore hauetan jaitsi da gehien: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%13,5eko jaitsiera), Kautxua eta plastikoak (% 10,5eko jaitsiera) eta Elikadura-industriak, edariak eta tabakoa (% 6,5eko jaitsiera). Industria-produkzioaren indizeak 2023ko abuztuan izan duen urtetik urterako bilakaera negatiboa izan da hiru lurralde historikoetan. Iazko abuztuaren aldean, Bizkaian produkzioa % 3,7 jaitsi da, Gipuzkoan % 0,8 eta Araban % 0,7.
Urteko lehenengo zortzi hiletako metatuan, Industria-produkzioaren indizea % 0,7 jaitsi da, Energia % 10,2 jaistearen ondorioz. Bitarteko ondasunek ere bilakaera negatiboa izan dute, iazko aldi metatu beraren aldean % 0,4 jaitsi baitira. Ekipo-ondasunetan, ordea, abuztura arte metatutako produkzioa % 2,3 hazi da, eta Kontsumo-ondasunetan % 1,1.
Lurralde historikoak kontuan hartuz, 2023ko lehen zortzi hiletako metatuak balantze positiboa izan du Araban, % 0,4 hazi baita. Bizkaian produkzioak % 0,3ko jaitsiera metatua izan du, eta Gipuzkoan, azkenik, produkzioak % 1,7 egin du behera.
Temas
Más en Economía
-
Jauregi destaca que el Plan de Emprendimiento aporta "certezas" frente a la "incertidumbre"
-
El comercio al por menor aumenta sus ventas y reduce su empleo en Euskadi
-
El Gobierno español sube al 2,6% la previsión de crecimiento para este año pese al impacto de la guerra
-
Digi anuncia su salida a Bolsa con hasta un 25% del capital