Eustatek dituen datuen arabera, Euskal AEko ondasunen esportazioek (2.827,3 milioi euro) % 13,5eko jaitsiera izan zuten 2023ko maiatzean, aurreko urteko hil berarekin alderatuta. Bilakaera hori izan dute bai produktu energetikoek (- % 53,3) bai produktu ez-energetikoek (- % 10,3).

Inportazio-fluxuak (2.471,7 milioi) ere % 5,1 egin du behera, eta beherakada hori inportazio energetikoetan (- % 7,4) eta ez-energetikoetan (- % 4,5) ikusi da. Hala ere, pisu-tonatan, urtetik urterako aldakuntzak positiboak izan dira bai inportazio energetikoetan (% 14,6) bai ez-energetikoetan (% 22,1).

Hil honetan, 355,6 milioi euroko merkataritza-saldo positiboa izan da, eta % 114,4ko estaldura-tasa; hori guztia, balio nominaletan neurtuta.

2023ko lehenengo bost hiletako balantzean ikusten da esportazioek % 6,6 egin dutela gora, eta igoera hori ikusi da bai produktu ez-energetikoetan (% 9,5) bai produktu energetikoetan (% 28,8). Inportazioei dagokienez, balantzea % 3,0ko igoerarekin itxi da; produktu energetikoetan igoera % 3,7koa izan da, eta ez-energetikoetan % 2,7koa.

2023ko maiatzean esportazioek hiru lurraldeetan egin dute behera, baina intentsitate ezberdinez: Bizkaian esportazioen jaitsiera % 24,7koa izan da, eta Gipuzkoan % 7,9koa; Araban, berriz, % 2,6koa baino ez.

Hil honetan, Arabatik igorritako ondasunen erdiak baino gehiago Garraio-materialak izan dira (% 58,5), nahiz eta urtetik urterako % 5,3ko jaitsiera izan duten (532,5 milioi esportatuak). Era berean, jaitsi egin dira beste arantzel-sekzio batzuk ere; besteak beste, Metalak eta horien manufakturak (- % 9,7), Elikagaiak (- % 8,9) edo Produktu kimikoak (- % 32,1).

Bizkaian esportazioak jaitsi dira Produktu mineral eta energetikoetan (- % 51,7), aurreko urteko hil berean baino 128,5 milioi gutxiagorekin, eta Metalak eta horien manufakturetan (- % 28,1) eta Produktu kimikoetan (- % 43). Aitzitik, gora egin dute Koipe eta olioen (% 22,9) eta Animalien erreinuko jatorriko produktuen (% 26,9) salmentek.

Gipuzkoan behera egin dute sekzio hauek: Material, makina eta aparatu elektrikoak, % 10,3; Metalak eta horien manufakturak, % 18,7; Papera eta horren manufakturak, % 16,8, eta Produktu kimikoak, % 41,8. Bestalde, Garraio-materialak sekzioak, % 47,3ko igoera izan ondoren, 152,9 milioi euroko esportazioak egin ditu 2023ko maiatzean.

2023ko maiatzean, bost herrialdek (Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Belgika) osatu zuten Euskal AEren bezero nagusien taldea, esportatutako guztizkoaren % 51,7 hartu baitzuten (1.462,9 milioi). Horietako hiru EB27koak dira, eta entitate horri % 63,3 dagokio.

Alemaniara egindako esportazioak hil honetan 479,5 milioi eurokoak izan dira, eta, besteak beste, honako hauek nagusitu dira: 10 pertsona baino gutxiagoko turismoak (112,8 milioi), Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak (96,1 milioi) eta Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak (37,9 milioi); guztira, 422 produktu-mota izan dira.

Frantziara 673 produktu-mota bideratu dira, guztira 418,4 milioi suposatu dituztenak, eta horien artean nabarmendu dira Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak (30,5 milioi) eta Kautxuzko pneumatiko berriak (26,2 milioi).

Estatu Batuak daude, 210,4 milioirekin, hirugarren posizioan, eta kasu horretan esportazio gehienak egin dira Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobiletan (34 milioi), Petrolioaren olio finduetan (25 milioi) eta Soldadurarik gabeko burdinazko edo altzairuzko hodi eta profil hutsetan (22,3 milioi), eta, guztira, 341 produktu ezberdin izan dira.

Erresuma Batuak Euskal AEko esportazio guztien 178,3 milioi biltzen ditu; horietatik 20,2 milioi Burdinazko edo aleatu gabeko altzairuzko profilei dagozkie, 14,8 milioi Turboerreaktore, turbopropultsatzaile eta gainerako gas-turbinei, horien pieza eta osagaiei eta 10,4 milioi Kautxuzko pneumatiko berriei.

Belgikara 176,2 milioi euroko esportazioak egin dira, eta hil honetan egin diren transakzioetan nagusitu dira Petrolioaren olio finduak (42,2 milioi), Aduana-arantzelean berariaz jasota ez dauden salgaiak (27,7 milioi) eta Findu gabeko kobrea (15,6 milioi).