Euskal AEko barne-produktu gordina (BPGd-a) % 2,3 igo da 2023ko lehen hiruhilekoan, urteen arteko terminoetan, Eustaten datuen arabera. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 2022ko laugarren hiruhilekoarekin, hiruhilekoen arteko hazkuntza % 0,5ekoa izan da.
Enplegua, denbora osoaren baliokide diren lanpostuen terminoetan neurtuta, bestalde, % 0,3 igo da urteko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; alegia, % 1,5eko igoera izan du, 2022ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Zenbatespen horiek –haiek prestatzeko orduan eskuragarri egon den ekonomia-informazio koiuntural guztia hartu da kontuan– BPGd-aren inguruan Eustaten 2023ko apirilaren 24ko Hiru Hileroko Kontuen Aurrerapenean emandakoak baino hamarren bat handiagoak dira, bai hiruhilekoen arteko hazkuntzan bai urte artekoan. Enpleguaren aldakuntza zenbatetsiek, berriz, bere horretan diraute.
Lehen sektorean balio erantsiak % 7,4ko igoera izan du, termino errealetan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta 2022ko azken hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino % 7,5 handiagoa izan da.
Industriaren sektorea bizkortu egin da urteko lehen hiruhilekoan, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhilekoen arteko terminoetan. Sektoreko jarduera aurreko urteko lehen hiruhilekokoa baino % 1,1 handiagoa izan da eta, aurreko hiruhilekoaren aldean, % 0,9 egin du gora. Manufaktura-industriarako zenbatetsitako hazkuntzak handiagoak izan dira urte arteko terminoetan eta hiruhilekoen artekoetan, % 1,4koa eta % 1,3koa, hurrenez hurren.