BILBO. SPRI Taldeak abian jarritako Innobideak programak enpresei diru laguntzak emateko 2017ko deialdia irailaren 28an amaituko da.
Programak laguntza ematen die beren berrikuntza egoera (ez teknologikoa) aztertu eta diagnostikatu nahi duten ETEei, inguruarekin eta lehiakideekin konparatuta zein posiziotan dauden jakin dezaten. Halaber, hobetzeko eta hobeto lehiatzeko jarduerak abiarazteko laguntzen du.
Innobideak estrategiaren onuradun izan daitezke antolakuntza arloko berrikuntzak garatzen eta erabiltzen dituzten euskal enpresen jarduerak, enpresa arlo guztietan eragina dutenak, eta, zehazki, alderdi hauetan: kudeaketako eredu eta praktikak, hornitzaile, bezero, langile eta bazkideekiko harremanak eta horien parte hartzea, nola erosten eta saltzen dugun, logistikarekin zerikusia duten kontuak, eta merkatu berrietara sartzeko edo aukera berriak identifikatzeko moduak.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak, SPRIren bitartez, 2,4 milioi euro jarri ditu euskal enpresen esku 2017ko deialdian, beren lehiakortasuna hobetu dezaten berrikuntza ez teknologikoak aplikatuz beren kudeaketan, beren merkatuen birdefinizioan gune berriak bilatuz eta negozioaren optimizazioan formulak bilatuz pertsonek parte har dezaten. Innobideak estrategia lau laguntza ildotan egituratzen da: Lehiabide, Kudeabide, Pertsonak eta Prestakuntza.
Innobideak estrategiak industria arloko 380 enpresak proposatutako 579 proiektu onartu zituen 2016an. Enpresa horietako gehienek 50 lanpostu baino gutxiago zituzten. Enpresa horien guztizko fakturazioa 2.619 milioi eurokoa zen, eta EAEko industriaren BPGren 17,46 ordezkatzen zuten.