BBK Surne Bilbao Basketen errotutako bazkide estrategiko bihurtu da, beste urrats bat emanez bi aldeen arteko lankidetzan. Akordio "historiko" horri esker, saskibaloi klubak bere zor zaharra zeroan jarri eta hartzekodunekin dituen konpromisoak bete ahal izango ditu.
Horrela, ziklo berri bat hasiko da Surne Bilbao Basketentzat eta proiektuari baliabide gehiago eskaini ahal izango dizkio, bi erakundeek jakinarazi dutenez.
BBK-k eta Surne Bilbao Basketek urteak daramatzate kluba maila guztietan hazteko lanean. Horren erakusgarri da taldeak harrobiarekin duen konpromisoa eta fundazioaren gizarte jardueretan duen parte hartzea.
Bestalde, BBK, bere ikerketa sailaren ezagutzan oinarrituta, Bizkaiko beharrizan nagusiak zein diren monitorizatzen saiatzen da, baita premia horiek zelan ase ere, bere ekintzen inpaktu sozial edo gizarte eragina maximizatuz.
Oraingoan, Surne Bilbao Basketekin sinatutako aliantza estrategikoa bere gizarte ekintzaren "dibidendu bat" da, "batez ere saskibaloiaren edo, oro har, kirolaren familia handia osatzen duten pertsona guztiei zuzendua".
Lankidetza berriak saskibaloi klubari emango dion kaudimen mailak proiektua hirian errotuko du eta anbizio sozial eta instituzionala emango dio, kirol mailan ere hazten jarraitzeko.
Akordioa datorren ostiralean aurkeztuko da jendaurrean Bilba Arenan, maiatzaren 30ean, Bartzelonaren aurkako partidan, eta BBK banku fundazioaren hamargarren urteurrena ere ospatuko da kantxan.
Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak adieraszi duenez, "BBKrentzat harro egoteko modukoa da beste pauso bat ematea eta Surne Bilbao Basketen errotutako bazkide estrategiko gisa sendotzea".
"Ezer baino lehen, Bilbao Basketeko Zuzendaritza Batzordea zoriondu nahi dugu egindako lan onagatik eta urte hauetan lortu duelako klubaren egoera beste agertoki baterantz bideratzea. Kaudimen egoera berri bat, etorkizunari ilusioz aurre egiteko eta asmo handiko proiektu bat lurraldean errotzeko aukera ematen duena", azaldu du.
Isabel Iturbe Surne Bilbao Basketen presidenteak esan du akordioak "gogoberotasun handia" sortzen diola klubari, "elkarrekin lanean emandako urteen eta topaketa askoren gailurra" delako, "gaur bere fruitua ematen duena".