Athletic Clubek eta Beñat Pradosek akordioa lortu dute 23 urteko erdilariak talde zuri-gorriarekin duen lotura 2031ko ekainaren 30era arte luzatzeko. Modu honetan, bere lehen denboraldian 33 partida jokatu ondoren, Iruñeko jokalariak sei urte luzatu du kontratua, soldata egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin.
Bi aldeek ostegun honetan izenpetu dute kontratu berria, San Mamesen, Jon Uriarte presidentea eta jokalaria bera bertan zirela, eta ondoren 'Geuria!' kirol tabernan ezagutarazi da, ekitaldi berezi batean bildutako 200 jarraitzaileren aurrean.
Beñat Prados sendo estreinatu da zuri-gorrien lehen taldearekin, Ernesto Valverde entrenatzailearen hitzetan "funtsezko" futbolari bihurtu arte, 2.000 minututik gora jokatuta. Kopan minutu gehien jokatu dituen laugarren jokalaria izan da, eta, jokoan izandako errendimendu orokorraz gain, funtsezkoa izan zen Atletico Madrilen aurkako finalaurreko joanekoan, 0 eta 1eko penaltia behartu zuelako.
Txantreatik kadeteetan iritsita, Prados hazten joan da Lezamako maila guztietan, Bilbao Athleticen 69 partida jokatu arte. Ondoren, CD Mirandesen utzita bere arorik emankorrenari ekin zion, Bigarren Mailan 41 partidatan parte hartuz.
Zuri-gorrien lehen taldearekin izan duen lehenbiziko aukeran, Beñat Pradosek "aspalditik igartzen zitzaion potentziala" erakutsi du, eta orain "aurrerapauso handia" eman du klubean, kontratua beste sei denboraldirako berrituz.
Jokalari iruindarrak Athletic Clubek X sare sozialean zabalduriko adierazpenetan esan du berarentzat "ikaragarria" dela kontratu berritzea. "Txantrean erakutsi zidaten zer den Athletic eta zeintzuk diren bere baloreak, eta hortik aurrera athleticzalea izan naiz beti. Nire ametsa beti izan da Athleticen jokatzea, eta 2031ra arte berritzea niretzat kristona da. Oso pozik nago. Espero dugu urte oso politak etortzea eta denok batera gauza oso politak lortzea", adierazi du Pradosek.