Taylor Mikesell Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalaria izango da datorren denboraldian. Eskolta estatubatuarra WNBAko Los Angeles Sparks taldetik dator, duela hilabete inguru kontratua eten ondoren.
Modu honetan, talde bizkaitarrak 11 jokalari ditu jada 2024-2025 denboraldirako: Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Marta Alberdi, Laura Westerik, Ane Olaeta, Maya Dodson, Irati Etxarri, Elena Buenavida, Awa Fam, Annika Soltau eta Taylor Mikesell.
Mikesell Ohioko Jackson institutuan hazi zen, eta ondoren Maryland eta Oregoneko unibertsitateetan jokatu zuen, NCAAko ibilbidea Ohio State etxeko unibertsitatean amaitu arte. Bere urterik onenean, partidako 18.6 puntu eta 3.5 errebote lortu zituen batez beste, hiruko marratik jaurtiketen %47,5 sartuz.
WNBAko drafteko 13. postuan aukeratu zuen Indiana Fevers-ek
Iaz, WNBAko drafteko 13. postuan aukeratu zuen Indiana Fevers-ek, baina azkenean ezin izan zen taldean sartu eta Atlanta Dreams-ekin bederatzi partida jokatu zituen. Aurten, berriz, Los Angeles Sparks taldeko 'trainning camp' bilkuran aritu da. Gernikakoa bere lehen esperientzia izango da Europan, nahiz eta Zaragozan 17 urtez azpiko Munduko Txapelketa jokatu zuen.
Jokalari estatubatuarrak ziurtatu du Lointek Gernika Bizkaia zela Europara jauzia emateko talderik egokiena: "Oso ondo hitz egin didate herriaz, klubaz eta zaleen inguruan. Horrenbestez, gogo asko ditut nire taldekide berriak ezagutzeko eta denboraldiari hasiera emateko".
Lucas Fernandez taldeko entrenatzaileak nabarmendu du Mikesellek ez duela zalantzarik izan Gernikako taldearekin bat egiteko. "Ziur gaude erasoan joko sortzaile bikaina izango dela. Bere ezaugarririk nabarmenena hiruko jaurtiketa da, eta edozein egoeratik jaurti dezake, blokeo zuzenetan edota zeharkakoetan ere", esan du.