Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldea Esloveniako Tourrean itzuliko da lasterketetara, asteazkenetik igandera jokatuko diren bost etapetan. Jon Aberasturi, Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Víctor de la Parte, Txomin Juaristi eta Gotzon Martin dira proban lehiatuko diren zazpi txirrindulariak, Jorge Azanza eta Pello Olaberriaren kirol zuzendaritzapean.

Aberasturi esprintetan saiatuko da aurreneko bi jardunaldietan; Berasategi eta Gotzon Martin taldekideek, berriz, aukerak bilako dituzte etapa bihurrienetan; Bizkarrak eta De la Partek sailkapen nagusia jokatuko dute ahalik eta posturik onena lortzeko.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak adierazi duenez "ahalik eta talderik onena aurkeztuko dugu lasterketa honetarako. Aberasturi esprintean iristeko aukera nagusia da, eta Gotzon eta Berasategi aukera onak izan daitezke ibilbide bihurriagoetan. Bizkarra eta De la Parte dira sailkapen nagusirako aukerak, baita Juaristi ere, mendateko amaiera ona eta sailkapen nagusi ona egin ahal izateko, izan ere, horrek puntuak ematen ditu".

"Borroka horretan sartu behar dugu, joeraz aldatu, lasterketen geldialdi labur baten ondoren. Beraz, txirrindulari guztiek euren aurpegirik onena eskaintzea espero dut eta multzo hau espero den maila altua lortzea", gaineratu du.

Sailkapen nagusia laugarren saioan erabakiko da

Ibilbideak aukera bana eskainiko die gizon azkarrei lehen eta bigarren etapetan. Ibilbidea bihurriagoa izango da hirugarren etapan, 3. mailako mendate batekin (5,6 km / %5,7), helmugatik 9,6 kilometrora. Sailkapen nagusia laugarren saioan erabakiko da, Krvaceceko mendatean (1. mailakoa), 11,7 kilometroko igoera %7,7an. Azken egunean, 1,5 kilometroko muinoa izango da %10,5ean eta %20ko aldapekin, amaieratik 9,5 kilometrora.

Guztira, 23 talde izango dira irteeran: WorldTourreko zazpi, ProTeam mailako 11 eta Kontinental mailako bost. Gainsariak 10, 6 eta 4 segundokoak dira helmugan eta 3, 2 eta 1ekoa tarteko esprintetan.