Síguenos en redes sociales:

ItzulpengitzaAmaia ApaulazaItzultzailea

“(H)ilbeltza oso maitea dudan ekimen bat da eta gogo handiz heldu nion lanari hasiera-hasieratik”

Amaia Apalauza Ollo itzultzaileak iGuillem9 argitaratu berri du Txalaparta argitaletxearekin. Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko VIII. (H)ilbeltza bekari esker ekarri du euskarara Núria Cadenesen izen bereko lana

“(H)ilbeltza oso maitea dudan ekimen bat da eta gogo handiz heldu nion lanari hasiera-hasieratik”Xabier Maia

Guillen Agulló i Salvador gazte antifaxista eta antirrazistaren hilketaren inguruko nobela da Guillem, 2020an Núria Cadenesek katalanez argitaratua. Eleberri dokumentalaren eta nobela beltzaren artean kokatua izan da, eta gaiari heltzeko estilo irmo eta bizia du bereizgarri. 

Durangoko Azokan eta (H)ilbeltzan jaialdian izan berri zara ‘Guillem’ aurkezten. Nola joan dira ekitaldiok?

Lehendabiziko aurkezpena Durangokoa izan zen. Oso berezia izan zen Núria Cadenes bera etorri zelako eta ezagutzeko aukera izan nuelako. Itzulpena egin bitartean harremana izan nuen berarekin, baina posta elektroniko bidez. Azokako aurkezpenak oso laburrak izaten dira, arrapaladan egin beharrekoak, eta motz samarra geratu zen. Denok konturatu ginen Núriak esateko gauza asko zituela, baina berezia izan zen zuzenean kontatu zigulako zer izan zen liburu hau berarentzat eta nola idatzi zuen.

(H)ilbeltzan ere izan berri zara, Arizkunen.

Hori ez zen aurkezpena izan, liburuari buruzko solasaldia baizik. Baztango irakurle taldeak gonbidatu ninduen, eta denek zuten irakurrita. Haiekin batera liburuari buruz hitz egitera joan nintzen, oso foro polita eta oso aberasgarria izan zen, sekulako oturuntzarekin, gainera.

Liburua

Literatura beltzaren jaialdia da (H)ilbeltza, baina ‘Guillem’-ek zentzu askotan ihes egiten die generoaren ohiko ezaugarriei. Nola deskribatuko zenuke?

Liburuaren abiapuntua benetako gertakari bat da: Guillem Agullóren hilketa. Valentziako gazte bat zen, Burjassoten jaioa. Gazte konprometitua zen, antifaxista eta antirrazista. Hemezortzi urte zituela, lagunekin kanpaldi batera joan Castellóko Montanejos herrira, eta hantxe faxista talde batek hil egin zuen labankada batez, 1993ko apirilaren 11n. Hori da liburuaren abiapuntua eta gertaera nagusia: hilketaren aurrekoa, hilketaren eguna bera eta hilketaren ondokoa kontatzen du. Eleberri dokumental gisa aurkeztua ikusi izan dut, eta Valencia Negra saria eman zioten, literatura beltzari emandako saria. Bietatik asko du. Istorioa beltza da oso eta elementu asko ditu eleberri beltzetan agertzen direnak. Kontakizun literario bat da benetako gertakari batetik abiatuta eta estrategia narratibo batzuk erabiliz eraikia. Liburuan agertzen diren eraso eta gertakizun guztiak benetan gertatutakoak dira, dokumentatuta daude.

Estilo berezia darabil Cadenesek, erritmo bizi eta aldakorrarekin.

Pasarte laburrez osatua dago eta hainbat ahots, pertsonaia eta testu mota agertzen dira. Liburu honek zerbait baldin badu, ugaritasuna da: pertsonaia aldetik, hizkuntza erregistro aldetik eta baita tipografia aldetik ere. Egunkarietako albisteak tipografia batean emanak daude, txosten polizialak beste batean, narratzaileak ere aldatzen dira, hizkuntza erregistroak…

Erronka polita izango zenuen hori dena euskarara ekartzea.

Katalanez oso testu bizia da eta oso ongi jabetzen zara nola pasatzen den erregistro batetik bestera, pertsonaia batetik bestera… Hori euskarara ekar-tzea eta erregistro bakoitzaren ezaugarriak garbi geratzea izan da nire-tzat koska nagusia.

Ibilbide luzea duzu itzulpengintzan, hainbat lan itzuli dituzu askotariko hizkuntzetatik. Nola kokatzen duzu bide horretan ‘Guillem’?

Egin dudan itzulpen bakoitza berezia izan da, hainbat motiborengatik: beste norbaitekin itzuli dudalako, liburua bera bereziki kuttuna nuelako, edo hizkuntza… Azken itzulpenak katalanetik egin ditut eta oso eroso sentitzen naiz katalanarekin lanean, etengabe ikasten. Gainera, Irene Pujadasen Puskak itzuli nuenean bezala, aukera izan dut egilearekin zalantzak argitzeko eta liburuari buruz hitz egiteko. Gainera, (H)ilbeltza oso maitea dudan ekimen bat da eta gogo handiz heldu nion lanari hasiera-hasieratik.

VIII. (H)ilbeltza beka jaso zenuen lana itzultzeko. Zer nolako harremana duzu ekimenarekin?

Oso maitea dudan ekimen bat da, nire urteko egutegian ezinbesteko asteburu horietako bat. Gure mundutxo honetan oso inportanteak dira horrelako ekimenak, bai (H)ilbeltza eta bai orain Doinueleren inguruan batu diren Euskal Herriko ekimen eta azokak. Garrantzitsuak irudi-tzen zaizkit gure literatura eta kulturari indarra ematen diotelako eta oso foro politak dira euskal literaturaren bueltan elkartzeko. Horregatik, beka eman zidatenean ilusio berezia egin zidan.

Zer balio du lan hau euskaraz argitaratzeak?

Liburu honek oso garbi uzten du noraino sartua dagoen faxismoa, baita instituzioetan ere. Horrelako hilketak inpunitate osoz egin izan dira, eta oraindik ere gertatzen dira. Hilketaz geroztiko atalean epaiketa agertzen da: nolako epaiketa esperpentikoa egin zuten kasu honen inguruan, nolako jarrera hartu zuten zenbait hedabidek, nola argi eta garbi lerratu ziren erasotzaileen aldera, familia eta lagunen aurkako jazarpena, eta abar. Hori da liburuko gakoetako bat: mahai gainean jartzen du zer babes duten horrelako hilketak egiten dituztenek. Saiatu ziren lagunarteko borroka gisa aurkezten, baina ez dira delitu solteak, horrelako krimenak antolatuak dira eta sistema eta egitura oso baten babesa dute. Horregatik joka-tzen dute horrelako inpunitatez.