Pertsonaia publikoen bizi-tza pribatuaren inguruan hausnartu nahi izan du Goiatz Labandibarrek (Oiar-tzun, Gipuzkoa, 1985) bere azken lanean. Lehen pertsonan idatzitako nobela laburrak aukera ematen dio irakurleari Tala protagonista eta bere ingurukoak barne-barnetik ezagu-tzeko eta ondo pasatzeko.
Apirilean aurkeztu zenuen ‘Eresia. Hil-kanta aitari’. Nolako erantzuna jaso duzu irakurleen aldetik?´
Momentuz jaso ditudanak onak izan dira, jendeak azpimarratzen duena da oso ongi pasatu duela irakurtzen, nahiz eta badauden gai sakon asko zer pentsatua ere ematen dutenak.
Zu gustura geratu zara emaitzarekin?
Bai. Normalean, behin lana argitaratuta idazleok ez ditugu gure liburuak berrirakurtzen, askotan errepasatu behar izaten ditugulako eta gorpu-tzak distantzia eskatzen digulako. Kasu honetan, tarteka atal batzuk berrirakurri izan ditut, horrek esan nahi du ez dudala testuarekin aspertuta bukatu, hortaz, seinale ona.
Elkarrizketaren batean esan duzu zuretzako nahiko azkar idatzitako lana izan dela. Zer dela eta suertatu da horrela?
Ez dudanez egunero eta konstantzia handiarekin idazten, normalean denbora pasatzen da zerbait idazten hasten naizenetik bukatu arte. Eresia-ren kasua ez zen horrela izan, oso azkar idatzi nuen, bukle moduko batean sartu nintzen. Akaso, zerikusia dauka niretzako momentu hartan prokrastinatzeko modu bat izan zela, azterketa garaia zen niretzat eta beti dago ikastea baino interesgarriagoa den zerbait. Behin protagonista sortu nuenean eta erabaki nuenean zer testuinguru emango nion, erabat sartu nin-tzen unibertso horretan. Idatzi besterik ez nuen egin nahi momentu horretan.
Nondik etorri zitzaizun liburuaren ideia?
Hau guztia hasi nintzen idazten beste liburu bat irakurtzen ari nintzela, Rebecca Solnit-en De quien es esta historia. Artikulu bilduma bat da, eta hor egiten duen hausnarketa batetik sortu zen Eresia. Hil-kanta aitari. Bertan esaten du Martin Luther King-en seme-alabek onura kolektiboaren izenean aita barkatu beharko luketela aita txarra izan bazen ere. Pertsonaia edo heroi publiko horien alde pribatua da kontatu nahi izan dudana.
Zergatik hautatu zenuen eszenatoki gisa Euskal Herri distopiko edo utopiko hori?
Apur bat ausarta iruditu zitzaidan Rebecca Solnit-ek Martin Luther King-en seme-alabei buruz egiten zuen interpretazioa. Horrexegatik, ni horretan ez erortzeko, testuinguru eta pertsonaia ez-errealak behar nituen. Errespetu pixka bat ematen zidan hezur-haragizko edo oso ezaguterraza izan zitekeen norbaiten inguruan idaztea. Ez nuen nahi inork pentsatzea: “Nor ote da Tala?”, “Gezurrezko izena da, baina nor ote dago bere atzean?”. Horrela sortu nuen balizko euskal errepublika hori, neurri batean neuretzako imajinatzen nahiko erreza zelako eta horrek ere aukera eman zidalako puntu satiriko batekin gure gizarte hau begiratzeko.
Saiatu nintzen etorkizun hori tenporalizatzen, baina oso ariketa zaila egiten zitzaidan, horregatik ez da oso argi geratzen noiz den etorkizun hori. Akaso, nire ahulezi baten ondorioztatutako erabaki ahalik eta inteligenteena izan da egoerari buelta emateko.
Lana lehenengo pertsonan idatzita dago. Nolakoak dira ‘Eresia’-n ezagutuko ditugun pertsonaiak?
Pertsonaia nagusia Tala da. Liburua bere bakarrizketa bat da, bere bizi-tza kontatzen du bere aitaren herio-tza abiapuntu edo aitzaki hartuta. Aitaren figura oso garrantzitsua da, baina ez du inoiz parte hartzen, hilda dagoelako. Aitzol Agirreren figura horrek testuingurua ematen dio guztiari eta hori da guztia lotzen duen haria. Bera da aita, alderdikidea, senarra… Gero, badago ama, Udane, akaso nahiko bigarren mailako pertsonaia, eta berarekin batera alderdiko hiru kide horiek: Ihintza Ekiza, Aingeru eta Beñat.
Zelan pasatu duzu idazten?
Idazketa prozesua beti lotzen dut gozamenarekin eta niretzat plazenteroa da. Kasu honetan asko dibertitu nintzen idazten, tonua ere halakoa du, nahi nuelako irakurleak Tala maitatzea eta ez nuen nahi pertsonaia negarti xamar bat izatea. Neurri handi batean begirada oso ironiko batetik sortutako testua da eta horregatik pilo bat disfrutatu dut.
Umorea estrategia bat da gai sakonak lantzeko?
Dolu fisiko eta emozional bati buruz idatzi dut, baina tonua ez da iluna edo tristea. Ez nuen nahi Tala pertsonaia negarti edo dramatiko bat izatea irakurlearentzat, nahi nuelako irakurleak liburua irakurtzen amaitzean esatea: “Gora Tala”, “Ni Talarekin nago”. Nik nahi dudana da irakurleak Tala maitatzea eta uste dut tonuak horretan laguntzen duela, bestela izan zitekeelako pertsonaia negarti xamar bat. Kontatzeko moduak ez du tonua arintzen, esango nuke irakurleak baduela gaitasuna hausnartzeko eta egoki interpretatzeko fondoan dauden gai horiek, baina beste ikuspuntu batetik.