Forma eta proportzio desberdinak dituzten gorputz edo objektu kolore-tsuak dira bere marka. Denborarekin berak sortutako ilustrazioak aldatzen doazen arren, estilo identifikagarria du Malen Pazos ilustratzaile mutrikuarrak. Bere ilustrazioetan ez du bilatzen balio edo mezu konkretuak zabaltzea, baina artea komunikazio bide bat dela jakitun, bere lanek mezuak komunikatu ditzaketela badaki.
Noiz hasi zinen ilustrazioak egiten?
Txikitatik marrazten dut; nire zaletasun gustukoena izan da eta ordu asko igaro ditut horretan. Hala ere, inoiz ez dut ikusi lanbide modura. Ondorioz, kazetaritza ikasten hasi nintzen, baina publizitatea eta harreman publikoak gradura igaro nintzen. Behin hori bukatuta, lanean ari nintzela, ilustrazio digitaleko masterra egiteari ekin nion. Bitarte horretan, Instagram kontu bat zabaldu nuen nire ilustrazioak erakusteko. Gero, utzi egin nuen, baina masterreko lanak argitaratze aldera martxan jarri nuen berriro. Azkenean, bi lan besterik ez nituen jarri, baina horren harira hasi nintzen lanak erakusten. Horren harira, hasi zitzaizkidan zenbait lan atera-tzen, eta horrela hasi nintzen ilustrazioa lanbide modura ere hartzen.
Estilo definitua daukazu. Zure lanak koloretsuak dira, proportzioekin jolasten dutenak.
Identifikagarria da nire estiloa, baina alda-tzen doa. Baditut denboraldiak zeintzuetan kolore batzuk beste batzuk baino gehiago erabiltzen ditudan. Kanpotik ez da horrenbeste nabaritzen, igartzen da nire ilustrazio bat nire lana dela, baina nik sekulako bilakaera nabaritzen dut hasi nintzenetik gaur egunera. Ni aldatzen noan heinean, nire estiloa ere alda-tzen doa, eta bilakaera izaten ari da. Nik uste dut azken urteetan asko aldatu dela nire estiloa, eta tendentzia hori dela. Orain nahiko egonkor dago. Igartzen dut heldutasun bat lortu dudala ilustratzaile modura. Izan ere, lehen irudi sinpleagoak egiten nituen, kolore sinpleagoekin; eta orain, aldiz, askoz landuagoak dira.
Nola deskribatuko zenuke zure estiloa?
Koloretsua. Lehen orain baino gehiago zen akaso, baina nire lanak beti dira koloretsuak. Gainera, ez zait gustatzen errealismoa manten-tzea, aspertu egiten nau, eta proportzioekin jolasten dut. Hori bai, proportzionalak ez diren irudiak egiteko proportzioei buruzko jakintza gutxieneko batzuk behar dira, horiek nola nahastu daitezkeen jakiteko. Logika behar dute, baina gustatzen zait horiek ere aldatzea: belarriak buruaren tamainakoak egitea edo esku oso handiak.
Eta nola hasten zara sortzen?
Ez naiz oso metodikoa. Inspirazio bila aritzen naiz, sare desberdinetan beste sortzaileen lanak ikusten, baina gero nire lan propioa eraikitzen dut. Hori bai, prozesua ez da zehatza izaten. Tableta hartu eta zirriborroak egiten hasten naiz, eta pixkana joaten naiz sortzen.

Baduzu erreferenterik?
Sare sozialetan jarraitzen ditudan ilustratzaileek asko transmititzen didate eta horiengandik jasotzen dut inspirazioa, baina, nire estiloa aldatzen doan moduan, inspirazio iturri horiek ere aldatzen joaten dira. Ez dut inoiz pertsona konkretu bat erreferente modura izan.
Digitalean lan egitea, nolakoa da?
Digitalean lan egitea ederra da. Une honetan ez naiz gai ikusten, eta saiatu izan naiz, era tradizionalean marrazteko. Pena ematen dit, ze bere xarma dauka paper batean akuarelekin edo bestelakoekin marrazteak, baina dagoeneko horren ohituta nago digitalean lan egitera, horrela gozatzen dudala gehien. Tamainak egokitu, moldatu, aldatu, koloreak jarri… nire-tzat errazena eta bizkorrena da. Ilustrazio digitalak eskaintzen dizkizun aukerak izugarriak dira.
Ilustrazioa lana da batzuetan zuretzat, eta gozamena, beste batzuetan. Zer erakutsi nahi duzu zure irudiekin?
Ilustrazio jakin batzuek badute esanahi konkretu bat, baina normalean gustatzen zaidalako sortzen ditut. Nire helburua ez da mezuak transmititzea, gustuko dudalako ilustratzea baizik, lan bisualak egitea gustuko dudalako. Hala ere, egia da ilustrazioa edo artea komunikatzeko modu bat dela, eta bezeroen lanak beti direla zerbait transmititzeko, zeozer erakusteko, baina nire ilustrazioen kasuan, momentuan zelan sentitzen naizen erakusten dute.
Sare sozialak baliatzen dituzu erakusleiho modura, ezta?
Nire erakusleiho nagusia da hori, bai. Iristen zaizkidan lan gehienak sare sozialetan nire lana ikusi dutelako heltzen zaizkit. Edo baten batek beste bati esan diolako. Instagram erabiltzeagatik ez dut ezer irabazten, baina horrek nire lanak zabaltzeko leiho paregabe bat eskaini dit.

Kartelak, irudiak, ilustrazioak… denetarik sor-tzen duzu. Baina, zein izan da lanik bereziena?
Ez dakit esaten. Egia da orain pare bat proiektu ditudala esku artean, zeintzuei buruzko asko kontatu ezin dudan, eta horiek izango litezkeen nire lanik berezienak. Hala ere, beste batzuk bereziak izan dira balio izan didatelako ekonomikoki edo ilustratzaile modura egonkortasuna izateko. Hala ere, lan gehienak gozatzen ditut, baina gehien, niretzat sortzen ditudanak.
Eta, zein lan egitea gustatuko litzaizuke?
Liburu bat ilustratzea, esaterako. Lan oso bat da, betegarria, denboran luzatzen dena eta kariño berezia hartzen diozuna. Kartelak zein bestelako lanak egitea ere asko gustatzen zait, baina liburuak ilustratzea da gehien beteko nindukeena.