Euskal folklorea eta elektronika uztartuta entzutea ez da ohikoena, baina bi estilo horiekin esperimentatzen ari dira Malentxo eta Mattin Zeberio anai-arrebak eta Maitane Iruiñ. Mirua taldea osatzen dute hiru musikariek, eta soinu berriak bilatzeko lanean ari direla dio Iruiñek, udaberrian disko berria argitaratzeko.

2019an hasi eta 2022an Mirua izeneko EPa atera zenuten. Ordutik, kontzertuak ematen eta disko berri bat prestatzen ari zarete. 

Hala da, bai. 2019 aurretik, Malentxo eta biok bagentozen guztiz akustikoa zen beste proiektu bat elkarrekin sortzetik. Malentxoren etxean elkartzen ginenez, Mattinekin elkartzea erabaki genuen, eta horrela sortu zen Mirua, modu natural eta organiko batean. Gero, 2021eko Maketa Lehiaketa lan egiteko eta diziplina bat izateko bidea izan zen; ordura arte bagenituen ideiak, baina ez guztiz gorpuztuta. Eta, geroztik, Oso Polita diskoetxearekin lan egiteak ere ateak ireki dizkigu. Pixkanaka bagoaz gure soinua, gure publikoa topatzen. Eta, publikoa ere ari da Mirua modu sakonago eta libre batean deskubri-tzen. 

Eta norabide bera segituko duzue prestatzen ari zareten lan berrian? Edo soinu berriak datoz?

Orain arteko bidea garrantzitsua izan da, baina esango nuke orain datorrela Miruaren benetako apustua: lantzeko beste kontzeptu bat eta beste soinu batzuk bilatu ditugu. Euskal folklorean eta elektronikan soinu berriak bilatzen ari gara; beraz, asko esan barik, horri buruzko disko kontzeptuala izango da. 

Taldea finkatzeko pausoa ere bada?

Gure lehen EPa aurkezpen gutuna izan zen. Erreferente anitzetatik edaten dugu, eta horietatik datorkigun musikatik sortu genuen EPa. Orain, barrura begira hasi dugun eta kanpora begira laster jakinaraziko dugun fase batean gaude, eta, hori, euskal folklorean eta elektronikan soinu berri baten bilaketa bezala definituko nuke. 

Soinu berriak bilatzea da asmoa? 

Guri beti erakarri izan gaitu euskal eszenako musikak, baina, hirurok sentitu izan dugu -batez ere nerabezaroan- gabezia bat zegoela Euskal Herriko musika panoraman. Eremu geografiko konkretu batean bizi gara, eta bereziki garai politikoei lotutako musika garatu izan da bertan. Guk erreferente musikalak haratago bilatu ditugu, gero gure ama hizkuntzan eta gure terminoetan iturri horietatik edaten duen musika egiteko. Muga horiek gainditu nahi genituen, eta naturalki sortu zitzaigun horretan begirada jartzea. 

Euskal eszenan musika elektronikoa egiten duzuen gero eta talde gehiago zaudete, eta elkarlana nabaria da.

 Guretzat garrantzitsua da hemen gertatzen ari dena ezagu-tzea eta horrekin harreman zuzena mantentzea. Arte diziplina guztiak elkar lotuta daude, eta uste dut ezinbestekoa dela eremu geografiko honetan existitzen den hori ezagutzea, kontaktua mantentzea eta kezkak partekatzea. Horrek bermatzen du benetan eszena horren biziraupena. 

Eta zuek Tatxers, Malakias, Kiliki Frexko... bezalako artistekin aritu zarete.

Modu organikoan joan da gure ingurunea beste musikari eta artista batzuekin aberasten. Talde ezberdinekiko daukagun interes horrek eta ingurune soziala zabala izateak eraman gaitu kolaborazio horiek egitera eta gertatzen ari denera erne ibiltzera; baita horren parte izatera ere, ez bakarrik musikari bezala, entzule bezala baita ere.

Musikak gauza askotarako balio du, ahotsa altxatzeko ere bai. Zer mezu zabaldu nahi duzue?

Miruaren aurkezpen EPan, gai ezberdinak landu genituen, gu ere plazaratu nahi genuena bilatzen ari ginelako. Baina, disko berriak gai multzo konkretuago bati buruzko hausnarketa egingo du, izan kulturari buruzkoa, izan hizkuntzari buruzkoa. Gizartea oso azkar aldatu da urte gutxitan, eta egungo gazteak dituzten erreferenteak askoz ere anitzagoak dira, zentzu guztietan. Beraz, gure hausnarketa belaunaldi berrietara ailegatzeko hizkun-tza berri bat sortzeko behar horri buruzkoa ere bada.

Sorkuntza prozesu horretan buru-belarri ari zarete. Disko berria borobiltzeko zein epe aurreikusi dituzue?

Sortze prozesua luzea ari da izaten bilaketa prozesua modu kontziente batean bizi gura izan dugulako. Eta, bilaketa prozesu batek denbora eskatzen du. Guretzako garran-tzitsuena da kantu horiek bilatzea, soinua bilatzea, esan nahi duguna ahalik eta modu esanguratsuenean esateko hizkuntza hori bilatzea. Eta egia da denbora daramagula horretan, baina gure asmoa da datorren urteko udaberrian disko berria argitaratzeko moduan izatea. Hala ere, urrian, udaberrian etorriko dena ezagutarazten joango gara sare sozialetatik.

Eta, bitartean, plaza ezberdinak bisitatuko dituzue. Energiaz betetzen gaitu gure kantak jendaurrean kantatzeak. Miruaren komunitatea geroz eta handiagoa egiten ari dela konturatzea eta geroz eta entzule gehiago musika berri horrekin identifikatuta sentitzea pozgarria da.