IRUÑEAN elkartu ziren Ander Redin, Martin Ziriza eta Timeo Dideu artistak eta denbora pasa bezala hasi zuten Borla izenez ezaguna den musika proiektu berria. Espero baino arrakasta handiagoa izaten ari da taldea eta musikariak pozik daude egiten ari diren ibilbidearekin. Kordoba bidea LPa aurkeztu berri dute.
Zer da Borla?
Ander Redin: Lagun talde bat gara, lokalean entseatzen hasi ginen lagun artean ea zer egin genezakeen eta nola entzuten genuen jotzen genuen hura, eta hemen gaude.
Martin Ziriza: Irakaskuntza masterra ikasten hasi eta bertan ezagutu genuen elkar. Gutako bakoitzak bere taldea edo taldeak ditu eta tartean, astean zehar denbora genuen entseatzeko. Horrenbestez, jolas bezala hasi zen dena, gure artean ondo pasatzeko batzen hasi ginen; lokalean geratu, abesti propioak egin, beti ere inolako intentziorik gabe. Azkenean, hau bihurtu da Borla, uste genuena baino serioagoa den talde bat.
Ez zenuten elkar ezagutzen, beraz.
A.R.: Martin eta biok iruñarrak gara, baina ez genuen elkar ezagutzen, eta Timeo Frantziakoa da.
M.Z.: Ni Gasteizen bizi nintzen eta Ander Bartzelonan, eta biok Iruñeara itzuli ginen. Timeo Bilbon bizi zen, bi urte zeramatzan Euskal Herrian bizitzen eta irratsaio bat zuen, han ezagutu genuen elkar biok. Giroa edo lekua aldatzeko gogoa zuela eta, Iruñera etorri zen eta bertan kointziditu genuen hirurok.
Denbora pasa bezala hasi zen Borla.
M.Z.: Bai, bakoitzak bere taldeak ditugu. Anderrek Bartzelolako Boys Kissing Boys taldean jotzen du eta Donostia Comic Sans taldean. Timeok orain arteko Bilboko Blessure taldean -orain, beste bat sortzen ari dira - eta nik Tatxersen. Masterrak ez zigun horrenbeste denbora kentzen eta hala izanik entseatzea okurritu zitzaigun. Ditugun taldeekin Iruñetik kanpo entseatzen dugu eta ez asko. Eta musika gustuko dugunez, ba musika jotzen dugu.
Nola uztartzen dira horrenbeste talde eta Borla?
M.Z..: Ahal den moduan eta ahal den tokitik denbora aterata. Egia da iaz denok nahiko libre geundela genuen bizimoduarekin, baina urtebete daramagu jada, gauza askori baiezkoa esan diogu eta zailagoa bihurtzen ari da. Ez gara pila bat entseatzen duen taldea eta horrek gauzak errazten ditu, baina bai, entseatzen dugunean eraginkorrak gara.
A.R: Ez genuen gertatzen ari den hau espero, ez genuen espero horrenbeste kontzertu jotzea. Bat-batean bata bestearekin pilatzen dira eta hor ibiltzen gara lekua egiten. Beste taldearekin ez dut horrenbeste entsea-tzen, distantzia tartean dagoelako. Neurtzen saiatzen gara.
M.Z.: Nik ere beste taldeekin ez dut asko entseatzen. Hori bai, argi daukat horrela jarraitu ahal izateko, hurrengo urtera begira bizitza berregituratu behar dudala.
Eta Borla, izena? Nondik dator?
A.R: Ez genekin zein izen jarri, egia esan. Beste proposamen batzuk genituen esku artean. Aukeretako bat eta ia irabazlea izan zena “teaches” izan zen, broma modura. Beste izen ba-tzuk genituen aukeran: Servicial Vinicola, Cuerpo Docente eta abar. Baina egun batean, lagunekin urkatura jolasten nenbilela Borla hitza atera zen. Kuriosoa iruditu zitzaidan eta Interneten esanahia ikusitakoan eta irudia bera ikusterakoan asko gustatu zitzaidan. Gainontzeko taldekideei komentatu nien eta Borlarekin aurrera egin genuen.
M.Z.: Aukera txarrenetan onena izan da Borla, edo txarrena ez dena, behintzat. Orain testuingururik gabe zentzua galtzen dute beste aukerek, baina onak ziren. Niretzat aukerarik onena Servicial Vinicola zen, jada berandu. Pozik gaude Borlarekin.
Eta zer da ba borla bat?
A.R: Kuxinek eta gortinek edukitzen dituzten bola moduko batzuk, litsak dituztenak, haritxoak eskegita. Orain atera ditugun kamisetetan ere har-tzek borlak dituzte. Gauza polit bat da, gure taldea bezala.
‘Kordoba Bidea’ izena jarri diozue LPari, zergatik?
M.Z.: Izenekin pixka bat desastreak gara. Uste dut freskoen genuena edo azken aukera izan zela hautatutakoa. Egia da ez zaizkigula izen oso onak bururatu LPrako, edo ez zaizkigu bururatu, besterik gabe. Kontua da Kordobilla izeneko herri batean entseatzen dugula eta bere garaian Kordobarako bidea esan nahi zuela hitzak. Beraz, Kordobillan gaudenez, Kordoba bidea.
Musikalki, nola definitzen da Borla?
M.Z.: Pop taldetzat definitu dezakegu gure burua. Iruñean badaude hainbat; tartean, Melenas edo Tatxers bera. Hiruron estiloetan popa komunean duguna da.
A.R: Bai, postpunka ere sartzen diogu pixka bat, horrelako nahaste arraro bat.
M.Z.: Eta gero baditugu eraginak, azken urteetan edo azken aldian en-tzundakoak. Adibidez, Ataque de caspa. Block party taldearekin antzekotasuna dugula ere badiote batzuek.
A.R: San Ferminetan emandako kon-tzertuaren ondoren esan digute The Police-en itxura dugula eta baita The Clash taldearena ere. Autoestima igotzeko ondo daude halako iruzkinak.
Lehenengo maketa eta oraintsu LPa.
M.Z.:. Maketan bost abesti sartu genituen, egin genituen lehenak. Ondoren, beste bi egin genituen eta pentsatu genuen formatu txukunean kaleratu genezakeela. Maketa Malakiasekin grabatu genuen. Aurretik ezagutzen genuen eta oso erraza izan da dena berarekin. Lokalera etorri zen arratsalde batean, mikrofono batzuk jarri eta aurrera, hala entzuten da maketa, zuzeneko xarmarekin.
Lehen hiru kantuak egunerokotasunaz mintzo dira.
A.R: Edozein eguni buruz izan daiteke. Zerbait hartu, egon, oso kostunbrista da dena. Letrak nahiko momentuan egindakoak dira, ez zegoen publikatzeko asmorik, ez taldeak hartu duen forma bezala. Beraz, lehen bi kanten esanahia nahiko an-tzekoa da.
M.Z.: Astearteko jazzak ere badu horretatik, baina badauka zerbait zehatzagoa. Kaldereria kalean dagoen Garazi izeneko taberna batean astearteetan jazz sesioa edo antzeko zerbait egoten da. Iaz denbora dezente ematen genuen bertan. Han elkartzen ginen asko eta horren inguruan asko hitz egin dugu. Gure bilera puntua izan denez, horren inguruan kantatu dugu.
A.R: Garazin elkartzen ginen, zigarro batzuk erre eta hitz egiteko. Eta gauean jende astuna agertzen da, bakoitza bere zera kontatzera, eta egoerak grazia handia egiten digu. Horri buruz hitz egiten du abestiak.
Ondoren ‘Dias bien’, bi abesti dituzue gaztelaniaz, diskoko gogorrenak.
M.Z.: Bai, dudarik gabe eta ez dakit zergatik. Gaztelaniaz egin nahi genituen pare bat abesti, tartean Timeogatik.
A.R: Nahi gabe atera dira horrela. Honi gaztelaniaz egitea ondo gera-tzen zaio eta besterik gabe. Makarrenak dira eta letra zuzenenak dituztenak ere. Cien cañonazos kantak pertsona astunen inguruan hitz egiten du eta Días bien abestiak estutasunari buruz.
Letrak azkar idazten dituzue.
A.R: Bai, Martinek azkar batean idazten ditu letrak beti, ikaragarria da.
M.Z.: Gehienetan edo beti presarekin konposatu behar izan dugu, kontzertu bat dugulako, edo estudioan sartu behar garelako. Orduan, bata eta beste, ez da egon denbora askorik letrak idazteko, baina nahiko txukun geratu dira. Astearteko Jazza nahiko landuta dago eta Kaioen kalea ere; bi hauek gehien landu ditudanak dira.
A.R: Pentsa, abesti berri bat daukagu zeinen letra soinu proban kaña bat hartzen geundela idatzi zuen Martinek.
M.Z.: Egin behar zen eta egin nuen. Letra idatzi nuen, kontzertuan hor azpian jarri baina azkenean ez genuen abesti hori jo, kikildu egin nintzen.
Eta letra bera mantenduko da?
M.Z.: Oraingoz bai, ez dut astirik eduki begiratzeko. Gainera, nahiko dotore geratu zela esango nuke. Baina beno, bueltaren bat emango diogu, baina orokorrean letra mantenduta.
Abestiak, bere osotasunean, nola sor-tzen dituzue?
A.R: Batzuetan etxean jotzen zaudela soinu edo gitarra txukun bat atera-tzen zaizu eta lokalera eramaten duzu. Bertan, jotako hori denon artean entzuten dugu, gauza berriak gehitzen dizkiogu, buelta batzuk eman, mobilarekin grabatu, etxean berriro entzun, lokalean berriro beste buelta batzuk eman eta gustura gaudenean ixten dugu. Bukatzeko, letra jartzen diogu.
M.Z.: Normalean Anderrek ekartzen du gitarrarekin zerbait. Batzuetan guk esaten diogu estilo hau edo forma bateko zerbait ekartzeko. Berak ekarri eta horren gainean sortzen ditugu abestiak.
Zer nolako harrera izaten ari da diskoa? Eta kontzertuak?
A.R: Jendeari asko gustatzen zaiola dirudi. Oso pozik gaude jendeak nola hartu duen kontuan hartuta. Bai lagunek, senideek, ezezagunek... Orokorrean, denen sentsazio eta iritzi onak jaso ditugu. Inork ez dit esan txarra denik egin duguna. Agian albokoari esango diote. Orain biniloak saldu behar ditugu.
Eta non eskuratu daitezke?
M.Z.: Kontzertuetan egongo dira eta gero seguruenik zenbait dendetan jarriko dituzte. Flexidiskosen bandcampean eskuragarri dago online. Baina guk kontzertuetara etortzera eta bertan erostera animatzen ditugu ikus-entzuleak.
Bretainia inguruan zabiltzate orain, ze asmo duzue aurrera begira?
M.Z.: Bai, primeran gabiltza. Bi kon-tzertu izan ditugu Frantzian eta gainerako seiak Bretainian. 23an egingo dugu buelta, eta ondoren, atsedena.
A.R: Itzulitakoan Getarian kontzertu bat daukagu eta uda amaieran Irunberrin joko dugu. Ondoren, atsedena hartuko dugu, erritmo handian ibili gara eta. Atsedena, kontzerturen bat edo beste jo, abesti berriak sortu eta gozatu.