Galder Beramendi (1991, Gasteiz) Berlinen bizi zen 2016an, hain justu, Harrikada festibala antolatzeko ideia bururatu zitzaionean. Pandemiaren ondorioz, geldirik egon ondoren, duela bi urte eta erdi beste talde batekin elkartu zen, Harrika kolektiboa sortuz. Tekno musikarekin girotutako eta zaintzan eta inklusioan oinarritutako jaiak antolatzen ditu kolektiboak hilabetero Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Orain, sei urteko atsedenaldiaren ostean, berriz ere Harrikada jaialdia dakarte: hain zuzen, uztailaren 26tik 28ra Izarran (Araban) ospatuko dute.

Nondik datoz ‘Harrika’ eta ‘Harrikada’ izenak? 

Jaialdia egin nahi genuenean, izen bat behar genuen; garai horretan, teknoa ez zegoen hain hedatua Euskal Herrian, baina pandemiarekin aldatu egin zen. Orduan, “harrikada bat” egin behar genuen. Bestetik, barrikada gisa pentsatu genuen izena, kutsu politikoa gehituz: jaialdi autogestionatu bat, balio finko batzuekin…

Azkeneko jaialdia duela sei urte egin zenuten; nolatan egin izan duzue sei urteko geldialdia? 

Orain dela sei urte antolatu genuenean, nolabait, etxea teilatutik hasi genuen: zuzenean jaialdi bat egitera joan ginen eta hemen ez zegoen horrelako eszenatokirik. Ostean, azpitik hasi ginen: Harrika sortu genuen eta hilabetero jaiak antolatzen hasi ginen, komunitate bat eta harremanak sortuz. Harreman horiek estutuz joan direnean eta indartuta sentitu garenenean, bota gara jaialdia antolatzearen igerileku horretara.

Zein da azkeneko Harrikadaren eta aurtengoaren arteko ezberdintasuna? 

Ez dute zerikusirik. Gaur egungo ikuspuntuarekin, lehenengo Harrikada lagun arteko topagune bat izan zela esan dezaket. Aurtengoa profesionalagoa dela esango nuke zentzu askotan, bai artisten aldetik, bai antolakuntzaren aldetik. Adibidez, Nastia bezalako artista bat ekartzea ohore bat da.

Uztailaren 26tik 28ra artean egingo dute Harrikada jaialdia, Izarran (Araba). Irudietan, aurreko edizioko argazkiak. Kauldi Iriondo

Zein da Harrika kolektiboaren filosofia? 

Espazio seguruen sortzea eta, batez ere, hori normaltzea. Nolabait esan daiteke Harrikaren helburua bakrra dela: hain zuzen, egunen batean Harrika behar ez izatea, normaltzat hartzea.

Musika generoen artean, zergatik hautatu zenuten teknoa? 

Euskal Herrian bazeuden jai teknoak, baina nire ustez, ez zegoen horrelako ikuspuntu queer batetatik abiatutako jaialdi teknorik. Jaialdi bat sortu nahi genuen jada existitzen ez zen ikuspuntu berri batetik.

Bereziki emakumeentzako eta sexu-genero disidenteentzako espazio gisa definitu duzue. Hau kontuan hartuta, nolakoa izan da antolatze prozesua? 

Zeinek ez dauka espaziorik ez kabinaren alde batean ezta bestean ere? Begiratzen dituzu programazioak, bai Euskal Herrian baita estatu mailan ere, eta gehiengoak gizon zis-heteroak dira, musika estiloa eta publikoa bera dutenak. Orduan, guk zerbait berritzailea egin nahi genuen, protagonismoa justu kontrakoei emanez: DJ emakumezkoei eta queer kolektiboan barne dauden guztiei. 

Harrikadako parte hartzaileen artean aniztasuna dago: tokikoak, nazioartekoak, artista ezagunagoak, hasiberriak… Zaila al da horrelako kartel bat osatzea? 

Nire ustez, bai, errazena beste kartel mota bat ateratzea baita, automatismoak horretara bultzatzen bagaitu. Beraz, zentratzea batez ere emakumeak erreferente dituen kartel batean zaila da; izan ere, jendeak askotan balioa kentzen dio, baina beharrezkoa dela uste dugu. Esaterako, lau emakume dira aurtengo Harrikadaren buru: Nastia, Adriana Lopez, Stephanie Sykes eta Tauceti. 

Euskal Herrian hainbat ‘queer’ espazio daude. Zein da Harrikadak egiten duen ekarpena? 

Elkar topatzeko gune gisa ulertzen dugu. Euskal Herrian horrelako gune asko sortzen ari dira, eta uste dut hori polita dela. Azken finean, zure an-tzeko egoeran dagoen jendea ezagutzen duzu, kezka berberak dituztenak. Horrez gain, guk bereizgarri bat dugu: zaintza taldea, Euskal Herriko elektronikako beste jai queer-etan ez dagoena eta guk hasieratik eduki duguna. Jaialdi batzuk besteengandik ikasten ari garela esango nuke, elkarrekin aurrera eginez.

Zaintza eta inklusioa uztartzen duen espazio bat dela kontuan hartuta, zeintzuk dira jaialdiak, gonbidatuek nahiz arduradunek aurre egin beharreko erronkak? 

Publiko zehatz batera zuzendutako jaialdia da. Azkenean, horrelako jaialdi batek jakingura sor-tzen badizu, zure lekua da; ez badizu sortzen, ez da zure lekua. Ez da hiru egunetako rave azkar horietako bat, elkarrekin egoteko jaialdi bat baizik.

Jaietan kamarak estali ohi dituzue. Inklusioarekin lotuta dagoen jaialdia izanik, zerk eramaten dizue halako neurri bat hartzera? 

Gure jaietan neurri hau oso garrantzitsua iruditu zaigu pribatutasunaren aldetik. Adibidez, guk beti esan diogu jendeari nahi duen bezala janzteko, askotan horrek beste pertsona baten argazkietan ez ateratzearen beharra dakar, norbera aske sentitu dadin. Hala ere, jaialdian ez ditugu neurri hauek hartuko zailagoa delako, baina klubetan bai.