UNIBERTSITATEKO lana profesionalizatzeko aukeratik sortu da Trabatutak film laburra. Musikal formatuan ondu dute proiektua unibertsitateko ikasleek, eta genero honetan aitzindari dira euskaraz. Igogailu baten trabatuta geratzen diren bost langileren gorabeherak kontatzen ditu ikus-en-tzunezkoak eta HUHEZINEMA euskarazko film laburren jaialdian egingo dute estreinaldia. Gorka Granado Terrones film laburraren zuzendari eta gidoilariak azaldu ditu sorkuntzaren nondik norakoak.

Unibertsitateko lan batetik jaio da ‘Trabatutak’. Zein ariketa planteatu zizueten unibertsitatean?

Iazko abenduan eskatu ziguten film labur baterako gidoi bat idaztea. Bakoitzak berea egin zuen eta gero irakasleek zortzi gidoi aukeratu zituzten. Zortzi horietatik guk lau aukeratu behar izan genituen. Nirea izan zen lau horietako bat eta seiko taldea osatu genuen. Gidoia nik sortu nuenez, erabaki nuen zuzendari papera ere hartzea. Gidoia hasieran nik egin nuen», baina gero lan taldean egin ditugu moldaketak.

Gidoi hori, gainera, ez da edonolakoa. Euskarazko lehen film labur musikala sortu duzue. Zein berezitasun ditu musikal baten gidoiak?

Nik bertso batzuk tartekatu nituen istorioan, eta bertso horiek kantu bihurtu genituen ondoren. Erabili nituen metrika ezberdinak, baina denak sortu nituen bertso moduan. Hasiera baten gidoi arrunta sortu nuen, elkarrizketekin, eta gero gehitu nituen bertsoak lau puntu estrategikotan. 

Bertso izatetik nola igaro dira kantu bilakatzera?

Bertsoak kantu bihurtzeko inteligen-tzia artifiziala erabilita erantsi diegu melodia. 

Inteligentzia artifiziala, nolatan?

Ez dugu erabili inteligentzia artifiziala hori probatu nahi genuelako, baina gure aukera bakarra izan da. Ekoiztetxe batera bidaltzea ezinezkoa zi-tzaigun aurrekontuagatik eta guk geuk sortzea ere ez zen aukera bat ez dugulako ezagutza musikalik. 

Musika ez ezik, dantza ere sortu behar izan duzue…

Dantzak nahiko erraz atera ziren, ez gara gehiegi konplikatu. Bi kantek bakarrik daukate dantza, eta bagenekien gure aktoreak ez zirela dan-tzari profesionalak izango, beraz, ez ditugu oso pauso konplikatuak prestatu. 

Prestaketaren ondotik heldu zen grabaketa. Nolakoa izan da?

Martxoan hasi ginen eta ekaina erdialdean bukatu dugu. Bizpahiru hilabeteko zerbait izan da, oso azkarra. Rolak banatuta egon arren, momentu askotan egon gara denak dena egiten. Seiko lan taldea osatu dugu: Usoa Zulueta zuzendari laguntzailea, Iker Mateo ekoizpen burua, Nahia Arteaga argazki zuzendaria, Ainhize Zurinaga soinu arduraduna, Maider Gorosabel arte eta gaffer arduraduna eta ni neu zuzendari lanetan.

Film labur musikalean parte hartu duen lan taldea. Trabatuak

Orain diru bilketa kanpaina abiatu duzue. Zertarako baliatuko duzue dirua?

Diru horrekin ekoiztetxe batera bidali nahi ditugu kantak eta aktoreei soldata duin bat eman. Grabatu eta editatu ondoren, promozioan murgilduta gaude orain.

Euskarazko lehen film labur musika dela diozue. Nondik jaso duzue sorkuntzarako erreferentzia?

Oinarririk gabe egin nuen. Niri ez zaizkit musikalak batere gustatzen, eta ez neukan bat ere ikusita honetan hasi baino lehen. Ezjakintasuna nabaritu dut, baina baita askatasuna ere.

Zergatik erabaki zenuten bide hau abiatzea?

Lehen eskola egunean irakasleak galdetu zigun ea zein generotako gidoia egitea gustatuko litzaigukeen. Egiari zor, ez naiz oso zinemazalea eta ez nekien genero bakoitzaren ezaugarriak zeintzuk diren; dakidan apurra da komedia dela barre eragiteko eta musikala musikarekin. Orduan, bi horien artean aukeratu nuen, baina iruditzen zait komedia egitea oso zaila dela eta horregatik hautatu nuen musikala. 

Zein izan da erronka nagusia?

Musikal bat egitea bere horretan bada erronka. Ez dugu inoiz egin eta, gainera, ez geneukan musikaren inguruko erreferentzia askorik. Bestetik, aktore profesionalekin lan egitea ere erronka izan da guretzat. Erronka izan da itxura profesionala eman eta gauzak ondo egin nahi izan ditugulako.

Zer ekarri dizu prozesu honetan murgiltzeak?

Ez nintzen musikal zalea proiektu honetan hasi aurretik eta oraindik ere ez naiz. Izan da esperimenta-tzeko modu bat eta jolasteko modu bat. Halere, asko gustatu zait proiektu hau sortzea. Musikalaren formatuak izugarrizko askatasuna eman digu. Musikalak oso fantasiosoak eta oso surrealistak dira eta asko jolastu dugu irudimenarekin.

Igogailu baten gertatzen da film laburraren atalik handiena. Zein da trama nagusia?

Dira bulego bateko bost langile eta igolailuan sartzen dira bakoitza bere pisura joateko. Ez dute elkar ezagu-tzen, eta bat-batean igogailua puskatu egiten da. Igogailu horretan, trabatuta geratzen dira. Estuasun egoera horretan hasiko dira bakoitzaren trapu zikinak ateratzen. Hor bertan azaleratuko dira pertsonaien arteko ezkutuko harremanak, droga trukaketak, alkohol menpekotasuna… Alegtia, agerian geratuko dira haien arazoak eta baita ezkutatu nahi dituzten beraien alderdiak ere. Bultzatu nahi izan dugu hausnarketa txiki bat: Aurrean dugun pertsonaren arabera gure izaeraren aurpegi ezberdina erakusten dugu? Faltsukeriaren inguruan gogoeta egin nahi izan dugu.