Hatzak teklatuaren gainean jarriz musika klasikoa, euskal musika eta jazz generoetan murgiltzen da giroa. Iñar Sastre (Irura, Gipuzkoa, 1986) piano jotzailearen ibilbidea Musikenen hasi zen, gaur egun irakasle gisa dabilen musika eskolan, hain justu.

Sastreren musika pianoan oinarrituta egon arren, musikarekin eduki zuen lehen harremana bateriarekin izan zela adierazi du Sastrek berak: “Une hartan, nolabait, ez zegoen bateriako irakaskuntza arauturik, beraz, pianoaren inguruko ikasketak egitea erabaki nuen”.

Musikenen piano interpretazioa ikasi ondoren Parisko Kontserbatoriora joan zen, inprobisaziora bideratutako ikasketak jasotzekotan. “Musika klasikoan praktika hau dezente galdu zen, jazzean, aldiz, mantendu egin da”, azaldu du musikariak.

Parisera jun aurretik, Sastrek bere esparrua inprobisazioan zegoela nabaritu zuen, nolabait, bere marka gisatzat hartzen duena. 

Frantziako kapitalean bizi zuen bere ibilbidearen unerik kuttunena: “Asko eragin dit bertako esperientziak: oinarri bat emateaz gain, bertako irakasleak erreferente gisa gelditu zaizkit, baita bertako lan egiteko moduak eta teknikak ere”. Musika ulertzen lagundu zion eta bere emanaldien bidez bizipen horren ekarpenak transmiti-tzen saiatzen da. 

Sastreren 2012ko diskoak, Jolasak izenekoak, euskal doinuen gainean egindako inprobisazioak biltzen ditu, lau urte beranduago kaleratutako Dialogues: Improvisations on Bethoven diskoaren ildo beretik jarraituz, inprobisazioan, alegia. “Disko hauen helburuetako bat haustea eta musika beste eremu batera eramatea zen, doinuak berreskuratuz eta nireak eginez”, aipatu du piano jotzaileak.

Bat-batekotasunak doinuak askatasunez sortzen laguntzen dio Sastreri, pieza itxi bat denean konposizioarekiko konpromiso bat daukala antzematen baitu, presioak eta zalantzak areagotuz. “Hizkuntza mantenduz eta ideia nagusi bat edukiz, espazio irekietan jariotzen duzu”, gehitu du. 

Pianoaren bitartez bere doinuak artearen hainbat alorretara zabaldu ditu, haien artean, dantzetara eta ikus-entzunezkoetara. Sastreren aburuz, eskaera bidezko konposaketetan eta bakarlari gisa sortutakoetan ezberdintasun nabarmena dago, egokitzapena: “Adibidez, zuk dokumental bat egiten baduzu, musika ikus-entzunezkoaren piezaren araberakoa izango da, ez da aurretiaz prestatuta daramazun zerbait”

Honen adibidea Illusions ikuskizuna da, 20. hamarkadako zine esperimentala musikatzean oinarritua. Kasu horretan, alderan-tziz egin zuen: aurretiaz eramandako ideia musikalak egokiak ziren uneetan txertatu zituen. Hala ere, hoberena pelikulak iradokitzen duenaren arabera konposatzea dela azpimarratu du. 

Dantza talde ugarirekin lan egin arren, elkarlan gehienak Ertza konpainiarekin burutu ditu. Asier Zabaleta dantzariaren etxera bere konposizioak biltzen zituen disko bat bidali zuen, euskal doinuak piano jotzailearen erara uztartuz. Hortik abiatuta, 2013an NAN deituriko ikuskizuna sortu zuten.

Bakarkako diskoetarako eta ikuskizunetarako musika sortzerakoan prozesua ezberdina izan daitekeela hausnartu du Sastrek: “Besteekin lan egiterakoan testuak zer esaten duen eta ideia zer den entzutera behartuta zaude nolabait”. Hala ere, muga horiei esker, sormena areago-tzen lagundu dezakeela uste du, guztiz aske doanean bere erreferenteetan soilik topatzen baitu inspirazioa. 

Sastre, Yajie Zhang sopranoarekin Berlingo Philarmonian.

Sastre, Yajie Zhang sopranoarekin Berlingo Philarmonian. Felix Ardanaz

Gertuko pianisten doinuak bilakatu dira Sastreren erreferente, haien artean, Musikeneko irakasle diren Javier Pérez de Azpeitia, Marta Zabaleta eta Iñaki Salvador, besteak beste. “Batez ere, nire adin antzekoa duten jendearekin eta gazteekin sentitzen naiz identifikatuta”, esan du Sastrek. Hori dela eta, bere ibilbidea profil ezberdineko jendearen elkarlanez blaituta dago: Eñaut Elorrieta, IDOIA, Joseba Tapia eta Jagoba Astizaran, esaterako.

Guztiekin esperientzia oso ona bizi arren, esanguratsuena Astizaranekin bizitakoa izan da: “Berarekin Batxillergoa ikasi nuen; askotan doinuak sortzen nituen eta bertan uzten nituen, argitaratu gabe, Jagobak beti eduki du nire gauzak atera-tzeko interesa, askotan gauzak argitaratzeko bultzada eman dit”.

Emanaldiak Parisen eta Euskal Herrian zehar eman ditu, gehien bat. Publikoaren aldetik ezberdintasun gutxi batzuk topatu ditu musika klasikoaren aldetik: “Parisen ezagunagoa dela esan dezaket, umeak eta eskolak bertaratzen baitira emanaldietara”. Hala ere, bi herrialdeetan publikoarengandik berotasun handia nabaritu duela adierazi du.

Duela zenbait egun Arrasateko XX. Udaberriko Musikaldian eskainitako emanaldia da horren adibide: “Publikoa oso ona izan zen, zorionez, harrera beroa eduki nuen eta sentsazio onarekin irten nintzen”. 

Hurrengo bakarkako ekitaldiak Donostian izango dira, bata ekainaren 17an, Donostiako Musika Eskolan eta, bestea, uztailaren 26an, Jazzaldian. Hiru egun pasata, Izarran Arineketan ikuskizuna eskainiko du Xabi Zeberiorekin batera. Ekainak 24ean eta 27an, aldiz, bere hastapenetara itzuliko da, Musikeneko Masterreko ikasleekin emanaldia eginez. Azkenik, Lizardi literatur saioan ariko da ekainaren 27an Tolosan; besteak beste, Kirmen Uriberekin.