Artea edozein lekutan aurki dezakegu. Gutxien espero dugun tokietan eta moduetan. Ez da beharrezkoa sona handiko erakunde batek eraikin moderno berri bat eraikitzea naturaren erdian arte lan desberdinez gozatzeko. Hala ere, artista izatea lan nekeza da hein handi batean. Gutxi batzuk lortzen dute ospea eta errekonozimendua. Horregatik, sormen lanari lagun-tzea beti da onuragarria eta, helburu horretan, aurten, BilbaoArtek zenbaki borobila betetzen du, 25 urte bete baititu martxan jarri zutenetik. Beti ez dira 25 urte betetzen, eta hori ospatzeko, zentroak urte horietan guztietan beka, laguntza eta egoitza artistikoen bidez beka jaso duten artisten hogeita hamar bat lan bildu ditu. Erakusketak Tradizio moderno bat dauka izena eta urtarrilaren 28ra arte Uribitarte 40 erakustoki berrian dago ikusgai.
BilbaoArteren erakustoki berria Bilbo hiriko kultura erakunde garran-tzitsuenen ardatzean kokatua dago, Guggenheim museotik hurbil, orain arte Urazurrutia kaleko egoitza historikoak egindako lana hobeto ikusten lagunduz. Bildumak Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko hainbat artista biltzen ditu; horien artean asko dira, esaterako, arte erakunde bilbotarretik igaro ondoren, gaur egungo arte garaikidearen panoraman errekonozimendua lortu eta ibilbide oparoa mantendu dutenak. Erakusketaren komisario-tza Javier Gonzalez de Duranak hartu du eta bere hitzetan, “areto berri honen bitartez, BilbaoArte instituzioa hiriaren erdigunera gertura-tzen dugu; hartara, publiko zabalago batera ailegatuz, lehengo Bilbo Zaharreko erakusketa tokiarekin alderatuta”. Areto berriarekin, hortaz, artean interesatua dagoen jendeak hurbilago izango ditu oso ezagunak ez diren sortzaile famatu ba-tzuen lanak, June Crespo edo Alberto Lomas, adibidez. Gonzalez de Duranak azaltzen duenez, “leku ezkutua zen lehengoa eta lan egiten zuten artistentzat beraientzat bakarrik zela zirudien. Gauzak horrela, Uribitartera etortzeak publiko askoz heterogeneo batengana gerturatzea esan nahi du.
Bilduma zabala
Erakustoki berriak leku handiagoa izatea ahalbidetuko du BilbaoArtek bilduta dituen lan guztientzat. Biltegi bezala ere baliatu ahalko dute, nahiz eta ez den nahikoa izango bilduma guztia gordetzeko. “Lehen daukanari laguntzeko balioko du, momentu batean igarotze prozesuan dauden artelanak gordetzeko, hurrengo batean egingo diren erakusketen lanak gorde-tzeko, noizbehinka erakutsiko direnen sormenak gordetzeko, gehiegizko mugimendua saihesteko, eta abar. Baina bere gaitasunak ez ditu beharrizan guztiak asetuko. “Bilduma oso handia da orain, eta handiagoa izango da gerora”, komisarioak dioenez. Guztira, 650 pieza dira arte erakundeak bere esku dituenak; artelan batzuk pieza bat baino gehiagok osatuak izanez. Hala ere, Uribitarte 40 aretoak bere estreinaldian daukan erakusketan dauden artelanak 31 dira: horietatik 27 objektu fisikoak eta beste 4 bideo proiekzioak dira.
Lan nekeza izan da Gonzalez de Duranarentzat erakusketa antola-tzea, baina “gustura egindakoa” bere hitzetan. Zailtasun horren arrazoi nagusiena BilbaoArteren bilduma nahiko berezia dela da. Honelako kasuetan, bildumagileek erabaki-tzen dute zer nahi duten, baina erakunde bilbotarraren kasuan, bildumara zein lan batzen den egileak berak erabakitzen du, bertan, lanean sartzen direnean lan bat uztearen konpromisoa izaten baitute bukatzerakoan. Hau dela eta, bilduma oso heterogeneo da, desberdina, sortzaile bakoitzaren ezaugarriek ez dutelako bata bestearekin zerikusirik. Bildumak ez dauka gai jakinik, ez dauka helburu nabari bat. Horregatik guztiagatik, komisarioak aukeraketa egiterakoan kanpoko faktoreak izan ditu kontutan. Lehenengo ezaugarrietako bat genero berdintasuna izan da, gizon eta emakume kopurua bera baita. Bigarrenik, proportzio tipologikoa errespetatzen saiatu dira, hau da, bilduman gehienbat margolanak badaude, erakusketa honetan ere horrela da. Margolanen ondoren, gehien gailentzen direnak argazki sormenak badira, hauek margoen ondoren proportzio berean jarri dituzte. Eta horrela, lan mota guztiekin. Bestetik, aurten, 25 urte bete ditu BilbaoArtek, eta hori ere kontuan hartu dute, denborarekiko proportzionaltasun bat gordetzen saiatuz. “Urte bakoitzeko pieza bat sartzen ahalegindu gara, erakusketa azken bost urteetan bakarrik ardaztea ekidinez. Urteren bat kanpoan geratu da, baina oso banatua dago”, azaldu du Gonzalez de Duranak. Hiru ezaugarri horien arabera, lehen galbahe batean 60 artelan aukeratu zituzten, baina ez ziren guztiak erakusketa gelan sartzen. Hortaz, komisarioak kontuan izan duen azken faktorea obraren tamaina izan da: “Muntaia ireki bat izateko ondo sartzen dena eta obrek ondo arnasten dutena. Azken ezaugarri horren ondoren, 31 pieza hauek geratu zitzaizkigun”.
Hainbat sortzaile
BilbaoArte bere hogeita bost urteko ibilbidean hainbat sortzaile babesten eta goraipatzen saiatu da beken bitartez. Gaur egungo arte garaikidearen agertokian errekonozimendua lortu izan dute askok, ibilbide profesionala mantenduz; horien artean dago, esaterako, Alberto Lomas. Artista gasteiztarrak munduan zehar erakutsi ditu bere artelanak eta horiek sortzeko hainbat bide erabili ditu: instalazioak, bideoak, euskarri teknologikoak edo akzioa, kasuan kasu. Uribitarte 40 aretoan bakarka egindako lehen instalaziotik ateratako lan bat dago. “Aukeratu nuen piezan, hiru elementu ba-tzen ditut eta muntaia errazekoa da”, bere hitzetan. Hala ere, pena apur batekin geratu da, pieza behar den bezala erakutsia ez dagoelako. “Hobeto egongo litzateke iluntasun gehiago duen giro batean, baina ulergarria da sala berri honetan dagoen bezala erakustea”.
Lomasek aspalditik dauka harreman estua BilbaoArterekin. “Beatriz Silvarekin batera erakundean aurkeztu zen lehen seminarioa egin genuen, Javier Riaño zuzendari zela. Gerora, beka jaso nuen eta horren ondoren pare bat erakusketa egin ditut. Horrez gain, gaur egun, tokiaren erabiltzailea naiz hirugarren beka batekin”. Hala ere, lehen beka beti izaten da berezia, nahiz eta berak dionez, “gaur egungo bekekin alderatuta, oso ezberdina izan zen”. Laguntza hark estudioan lan egiteko balio izan zion, “memento hartara arte bakarka egin ez nuen zerbait zelako; baina ekonomikoki ez zuen diru hornidurarik”. Gerora, bigarren bekak, ikerketa bide bat irekitzeko balio izan zion, askoz konplexuagoa, erakusketa berriei bidea zabaldu ziena lengoaia propio bat eraikiz. “Nire estiloa nahiko endekatua da. Endekatu diodanean, esaten dut ni ez naizelako ez eskultore, ez margolari edo ezta ikus-entzunezko sortzaile ikusten. Nik artea uler-tzen dut, formalismoez harago, osagarri sozial edo politiko-kultural baten jabe”. Bere lanek ukitu formal bat izaten dute, baina lengoaia desberdinen bitartez adierazita. Lomasek dioenez, “niri beste interes batzuek motibatzen naute. Nik metodologia landu bat erabiltzen dut, informazio askorekin lanean hasi aurretik. Horrez gain, zorte handia izan dut sortzaile desberdinekin lan egitean”.
Artearen egoera
Sortzaile gasteiztarrarentzat Uribitarte 40 bezalako erakustokien zabalera onuragarria da, baina, bere ustetan, “autogestio estrategiak indartu beharko lirateke. Mundu artistikoa profesionalizatu beharko litzateke”. Bere kasuan, hainbat urtez Espacio Abisaleko zuzendaria izan zen, eta bertan, produkzio eta finantzaketa aukerak eskaintzen zituzten, “gaur egun Euskal Herrian ematen ez direnak”. Horrelako leku independente batek hori lortzea ·asko· dela dio. “Egoera horiek konpondu beharreko paradoxak dira. Galeriak produkzioaren parte bat bere kargu hartu beharko luke eta hori gaur egun gure inguruan ia-ia zientzia fikzioa da. BilbaoArten egiten da, baina beste espazio batzuetan ez. Oso zaila da oreka bat lortzea. Arteak ezin du merkatura begira bakarrik baldin-tzatuta egon. Ezta bekei bakarrik baldintzatuta ere”.
Hogeita bost urte hauetan BilbaoArtek ibilbide oparoa izan du. Euskal ekoizpen artistiko garaikidearen erreferente bihurtuta. Bere zuzendaria den Javier Riañok jakinarazi duenez, guztira, 660 beka, 650 artelan, 300 erakusketa edo 140 hartu-eman kultural sortzea lortu dute, beste hainbat ekintzen artean. “Hau da momentua zer garen eta zer egiten dugun argitzeko, dio. Eta egoi-tza berriak bide horretan lagun dezake. Tradizio moderno bat izeneko lehen erakusketa hau urtarrilaren 28ra arte egongo da ikusgai. Gerora, bi edo hiru hilabeterik behin aldatzen joango dira erakusketak, eta, jendeak horrela, artearen abangoardian dauden sormenak ezagutu ahalko ditu eskuragarriago dagoen toki batean.