Uxue Alberdi (1984, Elgoibar) bertsolari eta idazleak Belarriko kilkerra liburua argitaratu berri du, eta bertan, 31 kontalariren 60 kontakizun batzen ditu. Besteak beste, Beñat Gaztelumendi, Idurre Eskisabel, Nerea Ibarzabal eta Xabier eta Miren Amuriza izan dira kilkerrak. Liburuaren muina ahozkotasuna, memoria eta transmisioa direla kontatu digu Alberdik.
‘Belarriko kilkerra’ izenburua du liburuak; zergatik?
Belarrian kantatzen dizuna. Kilkerrak entzuteko patxada behar da. Errepide ondoan bazaude edo abiadura handian bazoaz, nahiz eta ondoan izan, ezin da kilkerra en-tzun. Lasaitasuna transmititzen du kilkerrak. Pozarekin, naturarekin, denbora librearekin lotzen dut. Gainera, badago liburuan pasadizo bat kontatzen duena nola gizon bati belarrian zeukalakoan medikuak kilkerra ateratzen dion belarritik, zeharo gogortuta, disekatuta. Kontakizun horretatik dator izenburua bera ere.
Ustekabeko liburu bat bezala definitu duzu aurkezpenean.
Fikziozko ipuin liburu bat idazten nenbilela, ipuin batekin trabatu eta frustatuta nengoela pandemian aitak bidalitako ahozko mezuez gogoratu nintzen. Itxialdian geundela familia eta aita bera entreteni-tze aldera, istorioak kontatzeko eskatu nion. Hutsik egin gabe, hirurogei egunez, hirurogei grabazio bidali zizkigun, hamar minutu ingurukoak. Hala, horietatik gehien gustatzen zitzaizkidanak harrtu eta ida-tziz jartzeko ariketa egin nuen. Ahoz zuten txinparta mantentzen zuten edo ez ikusteko. Hori eginda, inguruan kontalari ontzat ditudanak xaxatzen hasi nintzen, kontatzea merezi zuten istorioen bila. Poz eramangarria sentitu dut liburu hau idaztean.
60 ipuin batzen ditu liburuak, baina zenbat eduki dituzu zuk esku artean?
Mordo bat, berrehunetik gora. Hasieran baldintza bat jartzen nien. Aitaren istorioak entzunda konturatu nintzen askok gorputz atalekin zerikusia zutela, horrenbestez, amu hori jaurti nien. Edozein tonutako istorioak eskatzen nizkien: umorea, drama, umore beltza, tristea... Irakurle taldeetan ere banabil eta bertan ere galdetu nuen. Hala, istorio pila bat jaso ditut, batzuk aurrez-aurre eta beste batzuk audio bidez. Pertsona ezagunak eta baita ezezagunek bidalitakoak. Hala ibili naiz, batekin geratu, bestearekin kafe bat hartu, arratsalde pasa bat egin, merienda bat… Gutxien espero duzunean istorio bat jasotzea gozagarria da.
Gorputz atalak alde batera utzi eta lau ataletan banatu duzu liburua.
Gorputz atalen banaketa egitea nahiko murriztailea zela irudituta, lau ataletan banatu dut. Lehena, Marrubi-lapurretan:istorio alaiak, freskoak, dibertigarriak, bihurriak… Bigarren atalak Zerurako eskailera du izena eta hil osteko kontuak kontatzen dira, heriotza, gorpuak… Umore beltza. Hirugarren atalak Minaren gela du izena eta besteen premiaz, biolentziaz, maitasunaz eta arnasaz mintzo dira istorioak. Bukatzeko, Ispiluan atala: gorputz fisikoa islatzen da bertan, bere bakartasun eta arruntasun osoan.
Ilustratua da liburua.
Ilustratua izatea pentsatu genuen eta, hasieran, komentatu genuenean ez zitzaidan inor otu, baina egun horretan oherakoan zuzenean bururatu zitzaidan: Begoña Durruty. Maite du kilkerkeritanaritzea eta bere ilustrazioak oso organikoak dira, mina denean mina, ezinegona denean ezinegona, umorea denean umorea eta gordinak dira. Arinak eta biziak, kontakizunak bezalaxe.
Zer aurkituko du irakurleak bertan?
Mende-bete hartzen duten istorioak daude bertan. Gehienak urte asko pasatako kontuak dira, agian,beste mundu bati dagozkionak, elkarri istorioak kontatzeko zegoen mundu bati. Denboran iraun duten istorioak dira eta zerbaitegatik iraun dute. Norbaitek kontatu zituen, memorian gorde eta transmititu. Baina badaude nahiko oraingoak, egungoak direnak baina aspaldikoak diruditen pasadizoak ere.
Aurkezpenekin hastear zaude. Noiz izango dira eta zein berezitasun izango dute horiek?
Liburua berezia bada, gertukoa eta kolektiboa delako da. Elkarri istorioak kontatzen dituen liburu bat da. Ez da mundu bat proposatzen dudan liburu bat edo mundu baten gaineko elaborazio bat. Kasu honetan elkarri kontatzearen poza eta istorioak ondo kontatzearen alaitasuna, hizkuntzak ematen duen plazer hori da. Horrenbestez, aurkezpenek ere bereziak behar dute izan. Lekuan lekukoa izango da eta kilkerrak, Begoña eta, nirekin egongo dira. Orain arte izan dena izatea nahi dut, poz eramangarri bat. Eta nola ez, aurkezpenekin hasteko gogoz nago. Momentuz, zenbait ditugu eta aurrerago gehiago izatea espero dugu.
‘Kilkerkerietan’ jarraitzeko asmorik?
Oso berritsua naiz eta horrelako istorioak asko gustatzen zaizkit, beraz, bai, gustatuko litzaidake jarraitzea eta nola ez, liburua irakurtzen duen orori, interesa, memoria, hizketarako gogoa eta kilkerkerietan hasi, segi edo murgiltzeko gogoa piztea nahiko nuke. Aipatu bezala, ohitura horiek zabaltzea gustatuko litzaidake.
Liburu aurkezpenak
Urriak 19. Elgoibar, Pitxintxu. Miren Amurizarekin.
Urriak 24. Getaria, Berdura plaza.
Urriak 25. Iruñea, Karrikiri. Fernando Reyrekin.
Azaroak 3. Zarautz, Garoa. Andu Lertxundirekin.
Azaroak 10. Elizondo, Akelarre. Elurre Iriarte eta Elena Xuriorekin.