Euskara bihotzetik ezpainetara eramaten duen fenomenoa da Go!azen ETBren telesaila. Dantzatzen eta abesten duen familia batek eta ikus-entzuleekin harreman estua daukanak osatzen du. 2008an egin zen ezagun Basakabi udalekua, eta, ordutik, hamar urteko bide luzea bete du telesailak. Urteroko ibilbide horretan, apurka-apurka elkartuz joan dira aktoreak, zuzendariak zein tekniko eta laguntzaileak, eta ingurune aske batean elkar babestu dute, hegan egitea lortzera iritsi arte. Hala, hamargarren denboraldia estreinatzear daude.

Aurrestreinaldia Donostiako Zinemaldiko Belodromoan egingo dute, irailaren 29an, 18:30ean, eta ikusleek ez dute hutsik egingo. Izan ere, 3.000 sarrera saldu zituzten bi egunetan. Telesaila osorik ikusteko, aldiz, azarora arte itxaron beharko dute jarraitzaileek.

100 atalen langa gaindituko du Go!azenek, eta amets eta maitasun hitz berriak ezagutzeaz gain, denetariko istorioez jantziko dute denboraldia. “Go!azen 10.0 sinestezina da. Gaur egun gazteei zuzendutako euskarazko telesail batek horrelako harrera izatea sekulakoa da”, adierazi du Itziar Gomez telesailaren zuzendarietako batek. Arrakastaren giltza, izatekotan, Go!azenen eta ikusleen arteko “maitasun istorio” bat izan daitekeela dio: “Etengabeko harreman bat dago bien artean; batetik, euskarazko entretenimenduak azaltzen dituen balioak, musika, dantza... eta, bestetik, urte osoan herriz herri Go!azenek egiten dituen kontzertuak”.

Hamar urteko bidean, hainbat zuzendari izan ditu telesailak: Jabi Elortegirekin hasi zen, tartean Javi Garcia de Vicuñak zuzendu zuen eta azken lau urteetan Gomez bera aritu da; aurten, Elortegik eta Gomezek elkarrekin egin dute lan, eta “pozik bezain harro” agertu dira biak ala biak. Lehen denboraldietan aktore zuzendari modura aritu zen Gomez, baina orain zuzendari lanetan aritu da, eta “pozik” dago Go!azenen parte izateaz. “Maite dut Go!azen eta maite ditut Go!azen egiten duten guztiak. Etxeko sentitzen ditut. Aktoreekin harreman berezia daukat. Harrotasuna eta zorte handia da Go!azen bezalako proiektu baten parte izatea, nire kasuan, are gehiago euskaraz delako”, onartu du.

“Zorte handia dut ‘Go!azen’ bezalako proiektu baten parte izateaz; nire kasuan, are gehiago, euskaraz delako”, aitortu du Gomezek

Elortegik, berriz, “bere” sentitzen du proiektua. Berak abiatu zuen 2008an, eta, azken hiruzpalau urteetan beste proiekzio batzuetan buru-belarri aritu eta gero, bueltatzea erabaki du. “Niretzat Go!azen seme baten modukoa da, oso gauza politak eskaini dizkit”

Aitor Arangurenekin abiatu zuen proiektua Elortegik: 2008an Go!azen filma grabatu zuten, eta 2009ko Errege bezperan estreinatu zen. Arrakastatsua izan zen, eta garai hartan euskaraz sortutako film ikusiena bilakatu zen; ondorioz, telesaila egitea erabaki zuten, baina ez zuen jarraipenik izan.

Idoia Uranga eta Jabi Elortegi, kamera atzean, grabaketa ikuskatzen Goazen

2016an, baina, Pausoka ekoizpen etxea umeak entretenitzeko euskarazko produktu baten beharraz jabetu zen, eta Xabi Zabaletak eta Elortegik Go!azen berreskuratzea erabaki zuten. ”Gazteei zuzendutako euskarazko produktu baten beharra zegoen, eta Go!azen berreskuratzea erabaki genuen”. Hala, Euskal Telebistaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker, eraberrituta itzuli ziren.

“360 graduko produktu oso batekin” bueltatu ziren: “Saiatu ginen telesailarekin bakarrik ez bueltatzen. Horrez gain, antzerki bira batekin, sare sozialekin, plataforma propio batekin eta aplikazioarekin itzuli ginen”. 

"Ingelesa eta gaztelera barra-barra ari dira hedatzen, baina Go!azen bizirik eta osasuntsu dago"

Ordutik, arrakastatsua izan da euskarazko telesaila. Globalizazio garai honetan, ingelesa eta gaztelera plataforma guztietan nagusitzen diren honetan, Go!azenek lortu du ikus-entzule euskaldunengan zirrikitu bat sortzea, zirrara sortzea. “Ikustekoa da Go!azenek urtez-urte Euskal Herriko txoko guztietan pizten duen magia. Sare sozialek ere eusten diote ikusleen eta Go!azenen arteko harremani. Eta guztia gaur egungo globalizazio garai honetan. Ingelesa eta gaztelera barra-barra ari dira hedatzen, baina Go!azen bizirik eta osasuntsu dago. Hor, nik uste, gure ikusleen gurasoek, familiek, irakasleek eta erakundeek ere badutela arrakastaren meritua”, adierazi du Gomezek.

Go!azenek lortu duena “mirari txiki baten” modukoa dela dio: “Lan handia dago atzean, profesional onak, baina gure baliabideak direnak dira, beste produkzio askotan baino urriagoak. Eta, hala ere, hor gaude, ikusmina eta ilusioa pizten, euskaraz”.

PUBLIKO FIDELA

Go!azenek lortu duena euskarazko proiektu gutxik lortu dute. Gazteen ikur bihurtu dira telesaileko aktoreak. “Plataformen garaia izan arren, gure aktoreak kalean ikus daitezke”. Go!azenek Basakabi udalekura doan gazte talde baten nondik norakoak kontatzen ditu, eta, ondorioz, aktoreak berriztu egiten dira hiruzpalau urtero. Aktore berriak sartu ahala, istorio berriak garatzen dira, eta publiko berria ere sortzen da”, azaldu du Elortegik.

'Go!azen' telesaileko aktore batzuk grabazio egun batean Goazen

Hala, aktore berrien presentzia etengabea da, eta hamargarren denboraldian ere, aktore eta pertsonaia berri ugari ikusi ahalko dira pantailaren atzean: hain zuzen, Marina Ostolaza (Noa), Haizea Astrain (Lea), Xabi Elizalde (Aner), Ander Ayerza (Bosko), Unai Arana (Mattin), Unai Arrieta (Urtzi) eta Nerea Arriola (Maitane) dira aktore berriak. Gainera, aurreko urteetan protagonista izan diren Nerea Elizalde (Garazi), Mikele Arizkorreta (Saio), Maria Redondo (Zuri), Lorea Intxausti (June), Kimetz Etxabe (Gontzal) eta Andoni Agirregomezkorta (Oier) ere telesailean ariko dira. 

MUSIKA

Aktoreen gertutasunaz gain, horrenbeste urtez antenan jarraitzeko beste gakoetako bat musika izan dela dio Elortegik. “Go!azenek daukan elementu garrantzitsuenetakoa da”. Euskal Telebistako Joselu Blancorekin batera erabaki zuen telesail musikala egitea zuzendari bermeotarrak: “AEBtan ondo funtzionatzen zuen High School Musical erreferentzia modura hartuta, hori Euskal Herrira egokitzea pentsatu genuen”. Hala, euskal musikan klasikoak ziren kantuak musikal formatura egokitzen hasi ziren. “Hasieran zaila zen kantuak lortzea, musikariengana zein editorialetara joan behar izaten ginelako baimenak eskatzera. Denborarekin, baina, abeslari horietako asko eta asko ikusi ditugu euren seme-alabekin gure emanaldietara etortzen. Oso polita da hori”, azaldu du zuzendariak, eta, onartu du, gaur gaurkoz, egungo kantuak ere erabiltzen dituztela.

EUSKARA ETA GAI SOZIALEN GARRANTZIA

Euskararentzat ere “bultzada handia” izan da Go!azen. “Entretenimendua erdaraz ikusiz gero, erderaz mintzatuko dira ikusleak. Baina, zerbait euskaraz kontsumituz gero, horri buruzko iritziak euskaraz emango dituzte”, aitortu du Elortegik. Euskararekiko babes hori sustatzearen garrantzia berretsi du Gomezek: “Garrantzitsua da Go!azen bezalako telesailak bultzatzen jarraitzea. Euskal gizarteak beharrezkoak ditu, gure haur gehienek D ereduan ikasten dutelako. Hauek benetan euskaraz bizitzea nahi badugu, euskal produktuak eskaini behar dizkiegu, duinak eta kalitatezkoak, eta batez ere, hemen sortutakoak”.

Orain arte, legez, gai sozialak lantzearen aldeko apustuari eutsiko dio telesailak. “Gatazka eta erronka desberdinen aurrean sortzen diren egoerei buruzko hausnarketa bilatzea da asmoa. Gidoian beti saiatzen gara erakusten pentsamolde ezberdin asko daudela, eta izateko eta esateko moduak ere desberdinak direla. Denok daukagu zer eskaini eta zer jaso”, dio Jabi Elortegik. Hori guztia, baina, era entretenigarri batean egiten saiatzen dira. 

Gai sozialak eta balioak lantzea “garrantzitsua” dela dio Gomezek, betiere, “naturaltasunez”, inori inolako ikasbiderik eman gabe. Hori horrela, talde lanaren indarra, harreman toxikoak eta gazteek gaixotasunei aurre egiteko dituzten moduak erakutsiko dituzte oraingoan.

IRAUPENA

Noiz arte? Telesailaren iraupena ikusleen esku dagoela uste du Gomezek. Hala ere, telesail bat ez duela audientziak bakarrik erabaki behar dio, berarekin dakarren olatu guztia ere kontutan hartu behar dela iritzita: “Nolako giroa lortzen duen kontzertuetan, zenbat argazki, sinadura eta bideo eskatzen dituzten... Zoragarria da hori. Nahiko nuke nire bilobek ere ezagutzea Go!azen, garai berriei egokituta, baina beti hemen egina eta euskaraz”.

“Gure asmoa erreferenteak izaten jarraitzea da, Go!azen ez da hemen bukatzen, jarraitu nahi dugu”, dio Elortegik

Azken denboraldiko datuek etorkizun luzea iragartzen diote telesailari, izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru haurretik batek jarraitu zuen bederatzigarren denboraldia, eta YouTuben, 245.000 ikustaldi baino gehiago izan zituzten denboraldi horretako atalek. Interneteko sare sozialetan ere jarraitzaile ugari ditu Pausoka ekoiztetxearen telesailak: Instagramen, 15.400 jarraitzaile baino gehiago, eta Tiktoken 12.000tik gora.

Bizirik dagoen produktu bat kalean dagoela dio Elortegik, eta Go!azen kalerik kale dabil. “Produktu bat telebistan eskaini arren, kalean ikusten da benetan zelako erantzuna duen. Eta guk ikusten dugu jendea Go!azenen denboraldi berriaren zain dagoela, aktore berriak ezagutzeko gogoz”. Hala, hamargarrena ez dela helmuga adierazi du, etapa bat baizik: “Gure asmoa erreferenteak izaten jarraitzea da, Go!azen ez da hemen bukatzen, jarraitu nahi dugu”.