Bakarka kaleratuko duen bosgarren lanaren prestaketetan ari da Anne Etchegoyen (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1980). Azken diskotik hiru urte igaro direnean, urriaren 13an helduko da Festa, kantu berri eta zaharren moldaketekin. Uda hasieran, Maria gure ama kantua estreinatu zuen, aurrerapen gisara, eta, hain zuzen, diskoaren izenari omenaldi modukoa egin diote: kantu alaia, dantzatzeko eta festarako. Oraingoan, doinu bereziez lagunduta dator Etchegoyen, eskutik helduta baitakar Alma Loca flamenko taldea. Biraren aurretik, ekitaldi garrantzitsu baten berri ere eman du donapaleutarrak.
Hilabete falta da oraindik zure lana kaleratzeko. Zer aurreratu ahal diguzu ‘Festa’ diskoaren inguruan? Zer entzungo dute zaleek?
Disko honetan kolaborazio asko izango ditugu: Pier Paul Berzaitz, Niko Etxart eta Erramun Martikorenarenak, esaterako. Horiekin guztiekin beraien kantuen bertsioak egin ditugu. Berzaitzekin Baratze bat kantuaren bertsio bat egin dugu; Niko Etxarterekin, berriz, Eperra kantuarena, eta Erramun Martikorenarekin, aldiz, Xalbadorren heriotzean abesti ezagunaren moldaketa. Nahasketa bat egitea zen asmoa. Aspaldidanik ezagutzen ditut hirurak; nire musika ibilbidearen hasiera-hasieratik ezagutzen ditut hirurak, eta, beraz, ohore bat zen niretzat haiekin batera grabatzea. Pozik nago, eta esango nuke emaitza oso ederra dela.
Horiek baino kolaborazio gehiago bildu dituzu, hala ere.
Horiez gain, beste bi kolaborazio ere badaude diskoan; lehena, Alma Loca talde baionarrarekin egindakoa, horiekin kaleratu genuen, hain justu, lehendabiziko kantua: Maria gure ama. Beste abestia Cali abeslari frantziarrarekin egin dugu. Katalanez kantatzen du batzuetan, eta harekin egin dugu, hain zuzen, L’estaca edo Agure Zaharra abestia, euskaraz eta baita katalanez ere.
Askotariko soinuak datoz, beraz. Nolakoa izan da diskoa osatzeko prozesua?
Beste artista batzuekin grabatzen dugunean, beti saiatzen gara haien estilora eta grabatzeko moldera egokitzen. Gure estiloa ere sartzen diogu, jakina, baina biziki naturala izan da prozesua. Lehenik, Parisko egile batek kantuen egokitzapenak egin zizkigun, eta gero, nire musikariek beste buelta bat eman zieten moldaketa horiei, ahotsekin eta musika instrumentu tradizionalekin. Azkenerako, kantu guztiek dute artista guztien ukitua. Gainera, Gorka Pastor iruindarrarekin lan egiteko aukera izan dugu. Zinemako musika egin ohi du Pastorrek, eta Zetak taldean ere aritzen da. Oso interesgarria izan da harekin lan egitea, joera modernoagoak dituelako.
Alma Locarekin egin duzue ‘Maria gure ama’ kantua. Uda hasieran kaleratu zenuten lehen abesti hori, aurrerapen gisa. Nola sortu zen elkarlanerako aukera?
Tira, Lacho (Antonio Jiménez) nire bandako kidea ez ezik, Alma Loca taldeko gitarra-jotzailea ere bada. Orain dela sei urte ezagutu genituen Alma Loca taldeko kideak, eta ordutik hainbatetan jo izan dugu elkarrekin. Taldean bageneukan kanta idatzita, baina ez geneukan oso argi nola gauzatu. Orain dela hilabete batzuk Ainarak dokumentalarentzako konposizio bat egin genuen Lachok eta biok, eta orduan sortu zen ideia, trago batzuk hartzen ari ginela: Alma Locarekin egingo genuen, estilo berezian.
Kantu hori, gainera, Iruñeko sanferminetan aurkeztu zenuten, entzierroa baino minutu eskas batzuk lehenago. Zer nolako esperientzia izan zen?
Ez da lehen aldia izan. Duela bi urte Lachorekin izan nintzen, biok bakarrik kantatu genuen eta oso berezia izan zen. Aurten, soinuarekin zailagoa egin zait. Baina giroa, ezin ukatu, ederra zen. Jende asko zegoen plazan, eta denak zeuden zuri-gorriz jantzita, baita gu ere. Oso polita, zintzoa eta atsegina zen ikustea nola elkartzen ziren plazan parrandatik zetozenak, eta festa hastera zihoazenak; batzuek festa amaitzen zuten, beste batzuk festa berri bat hasi. Hori guztia, goizeko 07:30ean. Ez dira izaten kontzertu asko ordu horretan.
Orain arteko lanetan, euskara, euskal kanta tradizionalak eta euskal kultura beti agertu izan dira. Zuretzat garrantzitsua da horiei eustea?
Bai, niretzat oinarrizkoa da. Nire bidea pixka bat berezia izan da, izan ere, orain dela kasik hamar urte hasi nintzen euskara ikasten. Oraindik ere segitzen dut ikastaroak egiten. Eta garrantzitsua da gure hizkuntzari eta gure gaiei jarraipena ematea, gure sustraiak sustatzea. Gure identitatea da eta erroak transmititzen segitu behar dugu. Nire semeak eta belaunaldi berriek ezagutu ditzatela nahi dut, eta horregatik ere egiten dut.
Hain justu, hizkuntzei bide emateko ekitaldi bat duzue hilabete honetan, ez al da hala?
Hori da. Parisen kontzertu bat prestatzen ari gara Korsikako, Okzitaniako, Katalunia iparraldeko eta Bretainiako musikariekin. Lagun artean arituko gara eta bakoitzak bere hizkuntzan kantatuko du. Berezia izango da, zinez. Irailaren 12an izango da Alhambra aretoan, eta hizkuntzak ospatuko ditugu egun horretan. Gainera, ekitaldi horretarako kantu bat egiten ari gara, lau hizkuntzetan: euskaraz, bretainieraz, katalanez eta korsikeraz. Amaitu gabe dago oraindik, baina helburua argi dugu: Frantzian, maila nazionalean, hedabideen bitartez, sentsibilizazio kanpaina egin nahi dugu.
Zure diskoetako batzuk markak hautsi dituzte Frantzian, eta ekitaldi handietan euskaraz kantatzeko aukera izan duzu. Bertoko hizkuntza atzerrira ere eraman duzu... Euskarak ez du mugarik?
Niretzat biziki inportantea da euskara Frantzian mugitzea, baina baita beste herrialde batzuetan ere. Nire errepertorioa eta nire musika mugarik gabe zabaltzen dut, eta hala izatea ezinbestekoa da, eta gauza bera hegoaldean edo iparraldean. Aukera izan dut Argentinan, Italian eta beste herrialde batzuetan kantatzeko. Kantua ere bada bide bat gure hizkuntza transmititzeko.
Diskoarekin bira ere etorriko da. Dataren bat esaterik ba al duzu?
Parisko kontzertuaren ondotik, birari ekingo diogu. Aurkezpena Bidarten egingo dugu, etxean. Baxenafarra naiz, baina Bidarten bizi naiz orain. Kontzertu horretara gonbidatu bereziak etorriko dira: diskoan lagundu diguten Pier Paul Berzaitz eta Erramun Martikorena; Patxi Garat musikaria; eta Aizkoa Abesbatza. Azken horiekin Les Voix Basques proiektuan elkarrekin aritu ginen. Abenduaren 2an izango da hori. Londres, Sestao edo Iruñea ere bisitatuko ditugu Festa lanaren birarekin. Aurkezpen horiez gain, beste emanaldi batzuk ere egingo ditut, Ura Bere Bidean ekimenean egongo naiz, adibidez.
Anne Etchegoyen musikariaren ibilbidea, hitz gutxitan
Euskal emakume kantarien artean erreferentea da gaur egun Anne Etchegoyen. Saint-Palaiseko haurren koruan hasi zen abesten zortzi urterekin. 16 urterekin Baionako kontserbatorioan sartu zen eta bi urte geroago Bordelen, non kantu klasikoaren oinarriak ikasi zituen. Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz kantatzen du, eta ibilbide oparoa dauka musikan. Bere lehen albumak, Les voix Basques (Ahots euskaldunak) lanak, urrezko diskoaren titulua jaso zuen eta 80.000 ale baino gehiago saldu zituen 2013an. Bigarren lanerako, Etchegoyenek Donapaleutik Finisterrera oinez egin zuen Donejakue Bidean inspiratutako kantu-bilduma osatu zuen: Compostelle (2018). Lan horretan Loretxoa kanta mitikoa edo Lau Haizetara abestien bertsioak egin zituen, besteak beste. Emazte (2020) da orain arte kaleratu izan duen azkeneko lana. 2021ean eman zituen argitara emakumeei eskainitako kantuak, tartean, Itziar Ituñorekin batera egindako Ez da ez/No es no abestia. Berriki Ainarak dokumentalean ere parte hartu du gainera, Nafarroatik Zuberoara ihes egin zuten andreen ingurukoa. Urrirako bere lan berria kaleratuko duela aurreratu du: Festak.
Hurrengo emanaldiak
- Irailak 15: Azkaine - Zinema (Ainarak)
- Irailak 22: Paris - Alhambra aretoa (Festa)
- Urriak 1: St-Germain en Laye - Le Manège Royal
- Urriak 27: Ondarroa (Literatura musikatua)
- Urriak 28: Bilbo (Ura bere bidean)
- Azaroak 3: Arrasate (Literatura musikatua)
- Azaroak 4: Mimizan- Garden Center (Intimitatean)
- Azaroak 24: Sestao (Festa)
- Azaroak 25: Biarritz
- Abenduak 1: Zarautz (Literatura musikatua)
- Abenduak 16: Iruñea- Gaiarre antzokia (Festa, Voix Basques abesbatzarekin)