Aske, pozik, seguru, alai. Hala sentitu eta ikusten dira Londresko The WayOut dantzalekuan elkartzen diren pertsonak. Musikaren doinuei jarraituz dantzan egitera bertaratzen dira, noski, baina baita sozializatzera ere, norbera izateko espazio bila. Eta lortzen dute, askatasun hori aurkitzen dute trans komunitateko pertsonek eta beste batzuek 30 urte beteko dituen dantzaleku horretan. Hala sentitu zuen Izaskun Arandia zine zuzendari, ekoizle eta gidoilariak bertaratu zen lehenengo egunean.
Bere barruan sentitzetik gainon-tzeko barrenetara ailegatzeko bidea egin zuen, dantzalekuan bizitakoa kameren bitartez jasota. Hala, My Way Out film luzea sortu zuen, nahiz eta hori lortzeko bidea momentu batzuetan bide estu, aldapatsu eta harriz betetakoa izan den.
Arandiak ez zekien aurretik Londresko dantzaleku hori existitzen zenik ere, Ni naiz naizena webseriearen garapen prozesuan Yogurinha Borova artistak horri buruz hitz egin zion arte. “The WayOut izena zuen dantzaleku bat zegoela eta bertaratzeak ilusio handia egingo ziola komentatu zidan Yogurinhak, gauza on asko entzunak zituelako. Ni Ingalaterran urte askoan bizi izan naiz eta urteroko bisita batean dantzalekuko jabearekin harremanetan jarri nintzen. Eta larunbat gau batean bertaratu egin nintzen”. Lehen begi kolpean maitemintzen diren horien antzera, dokumentalaren zuzendaria ere hasiera-hasieratik jabetu zen dantzaleku hark zuen berezitasunaz, bertan nabaritzen zen “giro politaz”.
Bertara sartu bezain pronto ikusi zuen lekuak transmititzen zuena: “Jendea oso aske eta libre, zorion-tsu, norbera izateko askatasunez dantzan, hitz egiten, beraien esperientziak partekatuz…”. Momentuan bertan pentsatu zuen: “Ze dokumental puska daukan honek!”. Berak ezagutu eta bizitako leku hura bezalakoak egon badaudela azaltzea zen bere asmoa dokumental horren bitartez. “Eta, batez ere, guztiok behar dugula leku seguru bat; nik lehenengo gau hartan sentitu nuen hori guztia posible egiten duen leku seguru bat”. Eta The WayOut halako lekua zen, “trans pertsonek eremu sozialetan sozializatzen direnean sentitzen ez duten segurtasuna bermatzen duena”.
2016. urtea zen dokumentalaren zuzendariak The WayOut lehen aldiz bisitatu zuenean. Oraindik orain, 2022a bukatzear den honetan, The WayOut bezalako lekuak beharrezkoak direla uste du. Bertako mikromundua bere mundu ideala litzatekeela argi du: filosofia bera lukeen mundu bat, bertan nabaritzen den errespetua, bertaratutakoek duten komunikatze hori, aske sentitze hori…
"Trans pertsonek eremu sozialetan sozializatzen direnean sentitzen ez duten segurtasuna bermatzen duen lekua da"
Vicky Lee tsunamia
Espazioa bera gotorleku da, baina ez luke izaera hori hartuko atzean trans komunitateari askatasunerako espazioa emandako pertsona hori gabe; alegia, Vicky Lee gabe. Dokumentaleko protagonista da bera, dantzalekuaren jabea, “tsunami bat”, Arandiaren esanetan. “Oso pertsona irekia eta indartsua da, gai sozialek arduratzen dutena, ia-ia super gizaki bat dena”. Dantzalekura bertaratu zen gau hartan ezagutu zuten elkar Vicky Leek eta Izaskun Arandiak.
Bien arteko hasierako hitzorduak informalak ziren, elkar ezagu-tzeko, dokumentala egiteko asmoez hitz egin gabekoak. Baina iritsi zen proposamenaren eguna, eta segidan erantzuna: baietz, prest zegoela. “Esan zidan konfiantza eman niola, ikusten zela banekiela zer egiten ari nintzen. Asko gustatu zitzaidan eman zidan azalpen hori. Sentsazio hori izan zuen berak eta eskerrak”.
Dokumentalaren haria Vicky Leek josten badu ere, istorioa osatzen dute haren bikote Lesley Wallsek eta dantzalekura bertaratzen diren Andie Hawkissek, Kam Angelek eta Geri Lovek. Lesley Vickyren emaztea da, eta trans pertsona batekin bikote harremana duen zis pertsona baten ikuspuntua kontatzen du. “Zis pertsona naiz ni eta Lesley elkarrizketatzerakoan identifikazio sentimendua izan nuen, berak pasatako gauza asko nik neuk zis pertsona bezala bizi ahal ditudalako nire bizitzan. Eta horrek ere burua irekiarazi zidan. Askotan, halako hausnarketarik ez dugulako egiten, pribilegiotik eta beste leku batzuetatik”. Kam eta Andie, ostera, larunbatero hutsik egin barik dantzalekura bertaratzen diren trans pertsonak dira, eta, Gery, azkenik, dantzalekuan abesten duen artista bat. Denek beraien esperientziak kontatzen dituzte trans pertsonen ikuspuntutik. Nork badu bere istorioa, baina guztiek dute zerbait komunean; alegia, dantzalekuak bakoitzaren garapenean eduki duen eragina, eta norbere bidaian lagundu diona.
Proiektuan lanean zeuden pandemia iritsi zenean, eta izugarrizko kolpea jaso zuten, bai dantzalekuak berak zein dokumentalean lanean zebilen taldeak. Norbera izateko leku bakartzat zuten dan-tzalekua askok eta askok, eta egun batetik bestera itxiarazi zieten espazio hori. Horren aurrean, baina, Vicky Leek, sare sozialen bitartez trans komunitatearekin harremanetan jarraitzeko talde bat sortu zuen, nork bere bizipenak partekatzeko, eta pandemia eta egunerokotasuna nola bizitzen ari ziren azaltzeko.
2020ko martxoan iritsi zen pandemia, eta horrekin itxi zuten dan-tzalekua. Abuzturako filma buka-tzeko azken grabaketa zuten aurreikusita, baina Londresera ezin joan izateak erabakiak hartzera behartu zuen Arandia, eta filma muntatzen hastea erabaki zuen, filma osatzeko besteko materiala zegoen ala ez ziurtatzeko. Han zegoen materiala, bertan zegoen istorio eta filma, baina argi geratu zitzaion pandemia bera ere sartu behar zuela dokumentalean. Bitartean, dantzalekuko jabearekin harremanetan jarraitu zuen, eta urte eta erdira asko eskertu zuen ordura arte mantendu zuten komunikazioa; izan ere, Vicky Leek dan-tzalekua berriz zabaldu behar zuela jakinarazi zion berehala. Arandiak lantalde txiki bat osatu eta dan-tzalekuaren irekiera grabatzera abiatu ziren, filmari esperantzazko amaiera emanez.
Urteurren biribila
The WayOut dantzalekuak 30 urte beteko ditu, eta 30 urtek askorako ematen dute. Proiektua duela hamar urte hasi zuten Arandiak eta bere lantaldeak, eta urte horietan ere panorama asko aldatu dela dio. Gaur egun, trans pertsonek badute ispilu bat non begiratu, duela 30 urte, trans lengoaiarik ere ez zegoen garai hartan, pentsaezina litzatekeenaren kontrara.
Proiektua hasi zuten garaian oso ezberdin ikusten ziren gauzak, apenas hitz egiten zen trans komunitateari buruz, eta horrek proiektuaren garapenean zailtasunak ekarri zituen; finantzaketatik hasita, esaterako. “Arrazoi ugari” zituen Arandiak egiten ari zena bertan behera uzteko eta krisi potolo ugari pasatu zituzten, “baina bazegoen aurrera egiteko indarra ematen zuen zerbait”. Istorio garrantzi-tsuegia iruditzen zitzaion alde batera uzteko. Orain, argi dauka: “Merezi izan du”, eta, gainera, konfiantza asko eman dio zuzendari bezala. Izan ere, zuzentzen duen lehen film luzea da My Way Out, eta aitortu duenez, “oso eroso” sentitu da lan horretan. Maila pertsonalean zein profesionalean oso positiboa izan den esperientzia sendoa denaren zalantzarik ez du.
Dokumentalak istorio gogorrak jasotzen dituen arren, film oso positiboa eta giro ona transmiti-tzen duena dela aurreratu du zuzendariak. “Trans komunitatea sare sozialetan eta beste hainbat eremutan jasotzen ari den bortxaren aurrean, gure aletxoa jarri nahi izan dugu, jendeak bai burua eta bai begiak zabal ditzan, eta enpatia gehiago senti dezan”.
Dokumentala Donostiako Zinemaldian aurkeztu ostean, han eta hemengo jaialdietan aurkeztu dute: hala nola, Edinburgon, Gasteizen, Suedian, Italian… Espero ez zuten herrialdeetara ere ailegatu da; esaterako, Oman edo Arabia Saudira. Hala ere, zuzendariaren nahia zine areto askotan ikusia izatea da, eta aurreratu duenez, 2023ko martxotik aurrera izango da horretarako aukera.
Hainbat proiektu eskuartean
Izaskun Arandiaren beraren bidea ere ez da dokumental honekin bukatuko, nahiz eta norabidez alda-tzea aurreikusten duen. Gaur gaurkoz, hiru proiektu ditu martxan: hiruak ekoizle bezala. Momentu hauetan garapen prozesuan dagoen eta “oso proiektu polita den” Nagore Eceiza zuzendariaren If you wish to make an apple pie film luzeaz hitz egin du. Indiako emakume artista bati buruzko dokumentala da. Bestalde, film labur bitan ere ekoizle dabil: bata, garapen prozesuan dagoen fikzioa da, eta bestea, ekoizpenean sartzen ari den animaziozko dokumentala.
Ekoizle bezala jardungo duen azken hiru lanak izango direla dio; orain, irakasle lanei ekitea egoki-tzen zaiola uste baitu. Mondragon Unibertsitateko zine eta gidoigin-tza irakaslea da, eta opari bezala hartzen du irakaskuntza. Azken lan horiek bukatuta, hortaz, beste energia batean egotea egokituko zaio, berak hala aukeratuta.
Vicky Leek, bere aldetik, The WayOut dantzalekuan jarraitzen du, astero beharrean, hilean birritan ateak zabalduz bertaratu nahi duen orori. Lekuz aldatu behar izan zuten dantzalekua, egoerak hala eskatzen zuelako, baina filosofia berari eran-tzuna emanez, lehengo espaziotik gertu jarraitzen du jubilatzeko asmorik erakusten ez duen 66 urte inguruko Vicky Lee super gizakiak, geroz eta indar handiagoz.