Ainhoa izeneko neskatxa da protagonista eta bere amaren txurro postua da jokoaren abiapuntua. Planteamendu berezia dakar Ibai Aizpurua irundarrak Barraka izeneko bideojokoarekin. Adin guztientzat pentsatutako jokoa dela dio, eta planteamendu sinplearekin egina dagoela. “Barrakak oraindik muntatzen ari direla, Ainhoa etxe sorginduan sartzen da, eta benetako sorgina askatzen du. Berez istorioa oso oinarrizkoa eta nahiko tipikoa da; izan ere, ni ez naiz gidoilaria eta ez dut narrazio konplexu bat egin. Jokoan garrantzia handiagoa eman diot jokagarritasunari”, azaldu du. 

Barraka bideojoko “hurbila” eta “goxoa” izatea izan du asmo, eta jokalarientzat ezaguna izango den eszena erabili du: txurro postua eta herriko jaietan egon daitekeen barraka gunea. “Iruditzen zait gai erakargarria dela, eta bideojokoetan gehiegi ere lantzen ez dena”, aipatu du Aizpuruak. 

Durangoko Udalak eta Gerediaga elkarteak Durangoko azokan ematen duten Sormen Beka irabazi zuen Aizpuruak 2021. urtean, eta beka hori baliatu du bere bideojokoa gara-tzeko. “Sormen bekara aurkeztu nintzen gogoa nuelako gai hau lantzeko. Aurreko urtean Europan dagoen parke tematiko ezagun batean egon nintzen, eta gustatu zitzaidan. Leku horiek dirua ateratzeko makinak besterik ez direla pentsatzen dugu, baina ez da horrela. Han ikusi nuen ehunka pertsonaren lana dagoela atzean: ilustratzaileek di- seinatzen dituzte leku horiek, ingeniarien lana ere bada hor, langileak oso jatorrak dira… Hau da, ikuspegi orokor bat dago eta, azken batean, emaitza bat da, lan askorekin egindakoa”. Hala ere, parke tematikoen gaia pixka bat urrun geratu zitekeela pentsatu zuen Aizpuruak eta, horregatik, antzekotasuna bilatuz, herriko festetara etortzen diren barraka gunea diseinatu zuen.

Hiru dimentsiotik bi dimentsiora

Jokoa bi dimentsiotan dago (2D), baina teknikoki hiru dimentsiotan (3D) garatu duela aipatu du sortzaileak. “Plastilinaz egin dut jokoa, beraz, hiru dimentsiotan landu dut. Baina bideojokoa bera bi dimentsiotan programatu dut, alde batetik, ez dakidalako hiru dimentsiotan programatzen eta, bestetik, Construct programa erabili dudalako. Programa horrekin bi dimentsiotako jokoak bakarrik egin daitezke”. Erabaki horrek gauza asko baldintzatu dituela ere aitortu du: “Bai jokagarritasuna bera eta baita plastilinazkoa izatea ere, bestela ezingo nuke egin. Plastilina itxurako hiru dimentsiotako jokoa izan zitekeen baina ez zen plastilinarekin egina izango. Bestalde, jokoak stop motion puntu hori edukitzea nahi nuen, eta hori, berez, hiru dimentsiotan ezin da egin”. 

Egin duen beste aukera bat izan da hasiera batean bideojokoa euskara hutsean egitearena. Hala ere, asmoa du ahalik eta hizkuntza gehienetan jartzeko: gazteleraz, ingelesez, katalanez edo galizieraz, adibidez. “Orain euskal herritarrengana heltzea da asmoa, eta, aurrera begira, grafiko mota honek erakartzen duen publikoarengana heldu nahi dut”, azaldu du bideojokoaren egileak. Normalean, indie bideojokoetan bereiztea zaila dela badaki, “baina plastilina grafikoekin egindako joko gutxi daudenez, gustatuko litzaidake hori gustuko duten pertsona haiengana iristea; hau da, desberdinak diren bideojokoen aldeko apustua egiten duen jendearengana”. 

Euskal Herrian horrelako kontsumitzaile asko dagoen ez daki; dena den, Euskal Herritik kanpo ere saiatuko da bere lana zabaltzen, eta Steam plataforman saltzen jartzea ere badu asmo. 

Mugikor eta ordenagailuetan

Barraka lanarekin, erronka bat bete du Aizpuruak: “Bideojoko baten garapena hasi eta bukatzea”. Laguntasuna ere izan du bidean, anaiarena, adibidez: “Arte eta animazio munduan ibili izan da beti,eta asko lagundu dit prozesu honetan”. Ingurukoak ere ondoan izan ditu azkenaldian, bideojokoa probatzen eta horrek izan zitezkeen arazoak topatzen. Gonzalo Sardonek egindako ekarpena ere eskertu du; izan ere, Sardonek musika jarri dio bideojokoari. “Sekulako lana egin duela uste dut, eta bideojokoari gehitu diona izugarria da”, azpimarratu du Aizpuruak. 

Emaitzarekin oso gustura dagoela aipatu du, eta ordenagailuan zein mugikorrean jokatzeko moduko jokoa dela azaldu du. Prozesuaren gauzarik zailena hori izan dela aitortu du, jokoa mugikorrentzat eta ordenagailuentzat aldi berean garatzearena, alegia. “Mugikorrentzat garatzeak bideojokoa asko baldintzatzen du, eta uste dut prozesu osoan buruhausterik handienak horrek eman dizkidala”. Durangoko Azokan egin zuen aurkezpenean mugikorren-tzako bertsioa ez zegoen prest, Googlerekin izandako arazo batzuk medio. Hala ere, laster izango da eskuragarri Android mugikorren-tzako, eta IOS bertsioa aurrerago etorriko dela dio. Oraingoz, jokatzeko itch.io webgunera sartu behar da.