Aski ezaguna da Jabi Elortegi bermeotarra, ETBrentzat telesail eta saio ugari zuzendutakoa baita: Goenkale, Goazen, Aitaren Etxea, Ihesaldia, EtxekoakGalerna dokumentala zein Zorion perfektua pelikula egiteagatik ere ezagutuko dute askok. Baina azkenaldian bere lan berria da bolo-bolo dabilena: El vasco komedia. Euskal Herriaz eta dituen gorabeherez nazkatuta, Argentinara joan den euskaldun baten bidaia du hizpide zine eta telebista zuzendariaren azken filmak.

Donostiako Zinemaldian estreinatu zenuten 'El vasco' filma. Nola gogoratzen duzu momentu hura?

Zinemira saileko irekiera galan estreinatu genuen, Zinemaldia zabaldu zuten egunean bertan. Oso ondo joan zen guztia, eta oso gustura atera nintzen. Normalean komediak ez dira jaialdietan egoten, eta gu bertan izan ginen. Oso polita da jaialdian bertan egotea, eta ikaragarria da 600 pertsonarekin betetzea Kursaala. Barre egin behar zen tarteetan barre egiten zuten publikoan zeudenek, eta negar egitea tokatzen zenetan, aldiz, negar egiten zuten. Nork bere galderak egiteko aukera egon zen, eta hala egin zuten bertaratutakoek; oso hunkigarria izan zen. Batez ere, argentinarrek hartu zuten hitza, eta pelikula nola ikusi zuten azaldu zuten. Areto guztia negarrez jarri zuten, guztiak emozionatuz.

Hortik, Bermeoko aretora, etxera, eraman zenuten pelikula, eta handik gainontzeko aretoetara. Nolako erantzuna izaten ari da?

Kontuan hartu behar da zinema ez dagoela bere momenturik onenean; jendeari kostatu egiten zaio zinema aretoetara joatea, pandemia aurretik bazegoen arazo hori, eta orain, pandemiaren ostean, geroz eta nabariagoa da. Eta eguraldia ere ez dugu alde, eguraldi honekin jendeak nahiago duelako terraza batean egon trago bat hartzen zinemara joatea baino. Hala ere, pelikula ikustera joan den jendea gustura geratu da eta kritikak ere onak izan dira. Beraz, badoa bere bidea egiten.

Goian, zuzendari bermeotarra 'El vasco' filmaren grabazioko une batean. Pausoka

Nola sortu zen 'El vasco' pelikula egiteko ideia?

Pausoka ekoiztetxean, nire lankide eta bazkide den Xabi Zabaleta gidoilaria eta biok hizketan egon ginen euskal diasporari buruz. Barre eta barre ari ginela, Xabik esan zidan: "Honi buruz idazten hasiko naiz, lerro batzuk, eta gero haziko da". Eta hala hasi zen guztia. Gidoia berak eta Arantxa Cuestak idatzi zuten. Gordeta izan genuen denbora batez, ez genuelako aurkitzen nork finantzatu. Eta halako batean, Donostiako Zinemaldiak Argentinako ekoiztetxeekin topaketak antolatu zituen. Bertara joan ginen Xabi eta biok gidoia eskuetan, eta jendeari aurkeztu genion. Horietako batek esan zigun Mendozakoa (Argentina) zela eta gaia ezagutzen zuela. Hotelera joan zen gidoia irakurtzera, eta bi ordu beranduago deitu egin zigun, esanez irakurri zuela eta egin egin nahi zuela. Horrela sortu eta hasi zen guztia. Pelikula bat aurrera atera dadin, finantzaketa lortzea ez da batere erraza izaten, eta denbora gehiena hori lortzen ematen dugu. Lortu genuen hori ere, baina gero beste oztopo bat iritsi zitzaigun…

Pandemia…

2020ko martxorako hegaldia hartuta neukan Argentinara joateko, eta hileko 13a iritsi zen eta horrekin batera pandemia. Zain nengoen ea Argentinan zer gertatuko zen, baina lau egunetara herrialdeko aireportuak itxi zituzten. Ez genuen guztia bertan behera utzi nahi, beraz, data "seguru" bat jarri genuen: iraila. Baina iraila ere iritsi zen, eta ez dakit zenbatgarren olatuan geunden. Beraz, dena atzeratu zen, eta azkenean, 2021eko uztailean atera ginen Argentinarantz. Hara iritsi ginenerako hemen laugarren edo bosgarren olatua pasatuta geunden, baina bertara beranduagoa iritsi zen. Guk bagenekien zer zetorren, eta ikaratu egin ginen; nahiko neurri zorrotzak izan genituen grabazioetan, astegunetan lau proba egiten genituen, asteburuetan bizitza soziala bai baina gure artean… Ez zen unerik aproposena izan Argentina ezagutzeko eta ez zen erraza izan. Baina joan ginen, eta grabatu genuen. Bost aste eman genituen grabatzen eta beste bost prestatzen, bertan, Argentinan. Gero, beste bi astez Bermeon grabatu genuen.

'El vasco' filmaren grabazioa. Pausoka

Orain arte ere, ikusi izan dugu baten baino gehiagotan aberria atzean utzi eta beste nonbaitera alde egiten duen pertsona baten istorioa kontatzen duen pelikularik. Zer du 'El vasco'-k ezberdina?

Horrek beti funtzionatu izan du, Frantzian, esaterako, 'Bienvenidos al norte' egiten hasi ziren eta gero egin zuten 'Bienvenidos al sur'. Baina gurearen kasuan, emoziozko aldea ere badu; batzuek komedia triste samarra deitzen diote, eta beste batzuek, aldiz, emoziozko komedia. Berez, komedia da, eta hortik abiatuta kontatzen eta lantzen ditugu gai ezberdinak: migrazioa, Alzheimerra… Nik uste dut komediatik gauza serioagoak ere kontatu daitezkeela.

Ageri dira euskal topiko batzuk pelikulan. Euskaldunok topikoez nazkatuta al gaude? 

Gure buruaz barre egitea gustuko dugu euskaldunok, zalantzarik gabe. Zinemaldian elkarrizketa asko egin zizkidaten, eta harritu egin nintzen, adibidez, katalanek esaten zidatenean arreta deitzen ziela guk gure buruaz barre egiteko daukagun erraztasunak. Gure pelikula protagonistaren esaldi honekin hasten dugu: "Gorroto dut Euskadi eta hemendik alde egin nahi dut". Eta katalanek esaten zidaten ez dutela imajinatzen beraien zineman halako esaldiren bat esan, eta areto guztia barrez lehertzea. Askotan ez gara konturatzen, baina ohituta gaude gure buruaz barre egitera.

'El vasco' filmaren grabazioaren une bat. Pausoka

Euskal Herrian badago zine zuzendarientzako lekurik?

Ez da erraza, eta uste dut telebistan lan gehiago dagoela zineman baino. Egungo belaunaldiak tresna gehiago ditu eskuragarri gauzak egin eta lanak erakusteko, gure erakusleiho bakarra zine edo telebista zen; egun, ordea, plataforma ugari daude: telebista, zinema, YouTube, Twitch… Lana badago eta harrobi ikaragarria dago. Geroz eta gehiago grabatzen da, eta zinea bada etorkizuna, zinea egiteko aukerak egongo dira Euskal Herrian, edo hori da, behintzat, nahiko nukeena.

Zu, zineman edo telebistan sentitzen zara erosoago?

Ni bietan sentitzen naiz eroso. Zinema prozesu luzeagoa da, dena zainduagoa egiten da. Gauza da denbora edukitzea gauzak egin ahal izateko eta gauzak zaindu ahal izateko. Telebistan emaitzak azkarrago ikusten dira zineman baino. Denborak oso ezberdinak diren moduan, feedback-a ere bai.

Noiz uste duzu lortzen duela zure lan batek arrakasta?

Niretzako arrakasta da jendeak zure lana ikustea, horretarako egiten baititugu lanak, ahalik eta jende gehienak, edo, behintzat, guk nahi dugun publiko horrek ikus dezan. Eta behin jendeak ikusi ostean, inor axolagabe ez ateratzea da arrakasta lortzea. Egile bezala hori baita gauzarik okerrena: publikoak jarrera epela erakustea zure telesail bat edo pelikula bat ikusi ostean. Ikuslea emozionatzea bilatzen dugu, eta pelikulan ikusitakoari buruz hitz egitea.

El vasco' filmeko fotograma. Pausoka

Arrakastaz ari zarela… Ezin ukatu 'Goazen' telesailak lortu duen guztia.

Egin dudan lan guztietatik arrakasta gehien izan duen lana da Goazen. Momentu hauetan ez nago zuzendari lanetan, baina emozionatu egiten nau duen arrakastak. Duela egun batzuk BECen 4.000 pertsonaren aurrean lehenengo kapituluaren pasea egin genuen. Hor zeuden 4.000 pertsona horiek, barrezka, ikusten, gure aktoreak agurtzen… Hori da arrakasta, eta hor ez dago gezurrik. Adin horretan ez dago gezurrik, hori guztia egia da. Familia osoa batu eta hunkitzen jarraitzen duen fenomenorik ez dago asko, bat ere ez esatearren. Telebistatik harago doan fenomeno bat da.

'Goenkale' ere izan zen beste fenomeno bat, eta hor ere egon zinen zu. 

Hori ere beste fenomeno ikaragarri bat izan zen. Beste belaunaldi bateko jendearentzat hori izan zen fenomeno itzela. Orduan, gainera, lan gutxiago zegoen, ez zegoen telesail askorik, eta bat-batean, eguneroko telesail bat atera zen, gure hizkuntzan hitz egiten zutenekin eta gu bezalako pertsonekin. Etxean ikustetik errealizatzera eta zuzentzera pasatu nintzen.

Zein da zure lanbidean jaso duzun aholkurik onena?

Beti sinesten dudana egiteko aholkua eman didate, eta ez egiteko besteek gustuko izango duten hori. Beti izaten dira publiko jakin batekin funtzionatu ditzaketen tresnak, baina gero zure erara kontatu beharra dago, zurea kontatu behar duzu, eta egiten duzun horretan sinetsi beharra duzu. Hori da garrantzitsuena. Besteengan pentsatuz egiten baduzu, ez da inor gustura geratzen emaitzarekin, eta garrantzitsuena, norbera ere ez. Pozik eta seguru sentitu behar zara egindakoarekin, harro zure lanarekin, nahiz eta beti egon aldatzeko edo hobetzekoak.

Erretiroa hartu aurretik, zer gelditzen zaizu egiteke?

Orain arte bezala jarraitu nahi dut, hau baita gustuko dudana. Istorioak kontatzen segitu nahi dut, beti baitago zer kontatu, eta modu berean, jendea entretenitzen eta emozionatzen jarraitu. Kanpoan zerbait kontatzeko aukera baldin badago, joan kanpora kontatzera, baina uste dut hemendik ere gauza asko kontatu daitezkeela, bertotik baina gai unibertsalak. Uste dut thriller bat kontatzea Londresen, Manhattanen edo Urdaibain gauza bera dela.