Domeka nagitsu baten arratsaldea amaren WhatsApp batek moztuta: "Mikel, zer da autotunea?". Jakina gustura azalduko niokeela behin nagiak kenduta, baina nondik datorkio zalantza hori amari? Googlek auto-osatu zidan bilaketa, eta orduan argitu nuen: "Luna Ki abeslariari Eurovision jaialdiaren aurreko Benidorm Festen parte hartzea galarazi diote autotunea erabiltzeagatik".
Luna Ki Bartzelonako abeslari futurista da, 2019an Septiembre ereserkiagatik sona hartu zuena. Aurten, beste artista askorekin batera (Rigoberta Bandini, Varry Brava, Chanel€) Eurovisioneko ordezkaria hautatzeko Benidorm Fest itxaropentsura hautagai aurkeztu zen. Lehen titularraz harago arakatuz, Luna Kik bere parte hartzeari uko egin diola esan du 2034. urtetik bidalitako YouTube bidezko mezu original eta ironiko baten bidez (eta bide batez lehiaketan parte hartuta baino atentzio mediatiko handiagoa jaso du).
Izan ere, lehiaketaren oinarrien artean (urtetik urtera aldatzen doazenak) autotunearen erabilera debekatuta dago, eta abeslariak argi utzi du efektua abestiaren bereizgarri dela eta ezin dela aldatu.
Egia da musika araututako lehiakortasunean sartzeak ez daukala zentzu handirik, eta Eurovision jaialdian eragin gutxien duena musika dela; baina duela 20 urte baino gehiago piztu ziren eztabaidak oraindik gaindituta ez izateak esanahi handia du.
Baina, zer da ditxosozko autotunea? Zergatik pizten du horren polemika handia? Eta batez ere, beharrezkoa da parodiazko eta maila eskaseko ordezkariak bidaltzen diren jaialdi batean barregarri geratzeko?
Geofisikaren eragina
Zentzugabekoa da efektu hau debekatzea eta, adibidez zuzenezko ekualizazioa ez. Autotunea hori besterik ez delako: efektu bat, zuzeneko zein grabatutako musikan erabiltzen diren beste mila efektu bezalakoa.
Andy Hildebrand geofisikoak asmatu zuen 1996an bizitza osoa uhin sismikoen bitartez petrolioaren bila ibili ostean eta lagun baten txantxak bultzatua. Gerora, Antares Audio Technologyk merkaturatu zuen, eta arrakasta berehalakoa izan zen, hasieran erabilera hautemanezina bazen ere, eta ez sormen baliabide.
Esan bezala autotune efektuak hamarkadak daramatza gure soinu-iruditeri kolektiboan. Horregatik askotan estetika antzekoa sortzen duten bestelako tresnekin nahastu ohi da: vocoderrarekin edo pitch altuko sampleoekin adibidez. Baina autotunea ahotsari zuzenean gehitzen zaion efektua da. Horren bitartez, ahotsa tonalitate jakin baten eraginpean moldatu daiteke, eragin horren neurria aldatzea ere ahalbidetzen du.
Eratu zenetik erabiltzen da ekoizpen profesionaletan abeslarien tonuz kanpoko ñabardurak zuzentzeko, disimulatuta. Beraz ez da erraza esatea nork erabili zuen lehen aldiz. Dena dela, esan daiteke Cherrek egin zuen famatu efektuaren neurriz gaineko erabilera 1998an "Believe" kantutzarrarekin, aurretik, Roy Vedasen "Fragments of life" bezalako adibideak aurkitu badaitezke ere.
Gerora progresiboki joan da txertatzen mundu osoko musika estiloetan. Rapean eragin handia izan du T-Pain edo Kanye West bezalako abeslarietan, eta baita raï musika edo Afrikako iparraldeko musiketan ere. Eta noski, baita popean ere Bon Iver edo Radiohead kasu.
Ematen dituen sormen aukera berriak eta sonoritate futuristak jada edonoren esku daude Interneti esker eta hala, estatuan ere zabaldu zen lehen trap belaunaldian, C Tangana edo Bad Gyal artisten arrakastarekin batera. Gurera ere heldu da; Kyxo, J Martina, Txiltxoko edota Chill Mafia taldeak esperimentatzen hasi dira dagoeneko.
Autotunizatu egin gaituzte? Badago zerbait musika eta arteen mundutik lehenbailehen alde egin behar duena. Musika, lehiakortasuna eta meritua baino askoz gehiago da. Zerk sortzen dizun zirrara, zerk jartzen zaituen dantzan. Eta ez teknikoki arinagoa, gogorragoa edo hobea izateak.
Hala ere, autotunea ez da magia hutsa. Jakin behar da ze tonu erabili eta zenbatero, gustuz erabiltzeko. Eta gainera, ahotsarekin tonu horren barruan ibili beharra dago, bestela txarto geratuko da (trap abeslari askori zuzenekotan gertatzen zaien bezala). Gartxotek elkarrizketa batean esan zidan bezala: "Ez da autotunera igo eta ala, Martera goaz!". Soinu efektu soilena ere erabiltzen jakin behar da, lanketa bat dakar.
Aspaldi onartu zela gitarrei distortsioa eta edozein bestelako efektu gehitzea. Bateriak beti janzten dira efektuz eta askotan kolpeak lekualdatzen dira. Zer esan ahotsarentzat erabiltzen diren bestelako efektu eta trikimailuei buruz€ Artista handienak ere akatsak egiten ditu (eta estudioko denbora oso garestia da).
Harago, artistak bikain egitea lortzen badu ere, horrek ez dio ziurtatuko publikoa ukitzea, norbait hunkitzea, arrakasta lortzea. Baina artistei sasi jainko halo hori jartzen jarraitzen dugu. Agian, guk gauza bera egin ezin ahal izatea justifikatzeko edo aitzakiatzat hartzeko. Has gaitezen musika eta sormena adierazpen unibertsal eta sozialtzat hartzen eta bere horretan gozatzen.
Argi dago gaur egun asko erabiltzen dela autotunea (duela hamar urteko distortsionatutako gitarrak bezalaxe), baina sonoritate hori atsegin ez baduzu, baduzu non bilatu. Eta antzinako musika instrumentu klasikoez egina edo latineraz abestutakoa gustuko baduzu, zorionak, baduzu non topatu ere bai.
Baina has gaitezen aspaldian gainditutako eztabaidak alde batera uzten eta hausnartu dezagun gauza interesgarriagoei buruz. Musikak merezi du eta.