Oroimenerako eta transmisiorako leihoa

ladys del Estal eta 70eko eta 80ko hamarkadetako mugimendu antinuklearra gogora ekarri dute 'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' dokumentalean

21.09.2020 | 20:32
Gladys del Estal ekintzaile ekologista donostiarraren figura gogorarazi nahi izan dute.

1979ko ekainaren 3an, Tuteran Energia Nuklearraren Kontrako Nazioarteko Ekintza egunean Guardia Zibilak Gladys del Estal ekologista gaztea hil zuen tiroz. Mugimendu ekologistaren ikur bilakatu zen. Gertaera latz horren 40. urteurrena gogoratuz, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala aurkeztu zuen iazko urte amaieran Bertha Gaztelumendi zuzendariak. Helburu bikoitzarekin, batetik Gladys bera motibazio politikoko biktimatzat onartu izatea, eta biktima gisa egia, justizia eta erreparazioa eskatzen dute bere familiartekoentzat. Bestetik, transmisioa, hau da, belaunaldi berriek 1970 eta 80ko hamarkadetako nuklearren aurkako mugimendua ezagutzea, ez soilik Euskal Herrian eman zena, baizik eta Europan eta munduan ere.

Harrisburgeko (AEB) zentral nuklearreko istripua gertatu eta gero deialdia egin zen mundu mailan, protesta gisa, antinuklear mugimenduak deituta. Tuteran bazegoen deialdi bikoitza, batetik, hori, eta bestetik, Bardeetako tiro eremuaren aurkakoa. "Guk gogoratu nahi genuen nolakoa izan zen mugimendu hori, Euskal Herrian eta bai munduan oso anitza izan zela, hau da, ikuspuntu ideologiko eta posizio politiko ezberdinek parte hartu zutela, gizarte osoa konbokatu zuena. Gainera, sormen handiko mugimendua izan zen, irudimenari buelta bat baino gehiago emandako ekintzak eta manifestaldiak ziren", kontatu du Gaztelumendik.


Orduko borroka nolakoa izan zen jaso nahi izan dute dokumentalean. Izan ere, Euskal Herrian hainbat zentral egiteko proiektua zegoen (Lemoiz, Ispaster, Deba eta Tutera, eta jada martxan zegoen Garoña Burgosen). 1976an Plentziatik Gorlizera 50.000 lagunek parte hartu zuten Lemoizko zentralaren aurkako martxan, eta 1977an, 150.000 lagun bildu ziren Bilboko kaleetan aldarri berarekin. "Nekez irudikatu dezake gazte batek gaur egun horrelako manifestazioak egotea. Oso indartsua zen gizarte ia guztia inplikatuta zegoen, lurraren defentsan, gurea sentitzen dugun gauza bat kentzea edo kutsatzea, edo lurra eta naturaren babesari bizkarra eman nahi zitzaionean sortu zen mugimendua".

NOR ZEN GLADYS?

Gladys del Estal 23 urteko gazte donostiarra zen, Egia auzokoa. Herri mugimendu ezberdinetan parte hartzen zuena. Gaztelumendik ez zuen ezagutu, baina Sabino Ormazabal dokumentalaren gidoigileak bai, Egiako komite antinuklearreko kidea ere baitzen bera. "Umore berezikoa zela esaten dute, oso langilea eta beti zuela begirada besteek baino pixka bat aurrerago, ingurumen eta ekologia kontuetan. Mundua aldatu genezakeela pentsa-tzen genuen garai hartan eta gauzak beste modu batean egin zitezkeela. Izan ere, trantsizio garaia zen, diktadura gogor batetik ateratzen ari ginen eta etorkizuna oso itxaropen-tsua ikusten zen momentuan".


Ekainak 3 hartan poliziak Gladys hil ostean, erreakzioak berehalakoak izan ziren. Biharamuneko greba orokorrak, Donostiako hiletako errepresio poliziala, hiltzailea errugabe-tzeko azpilana€ "Oso sentitua izan zen, jende asko bildu zuen. Azkenean injustizia hori jende askok sentitu zuen. Kalean ikaragarri nabaritu zen bai haserrea eta baita errepresioa ere". Del Estal mugimendu ekologistaren ikur bilakatu zela uste du zuzendariak: "Erreferentzia handia izan zen, gazte bat, 23 urtekoa, bizikleta martxetan parte hartzen zuena eta aldarrikatzen zuena naturarekiko errespetuzko gizarte bat". Ideal horrek belaunaldiz belaunaldi horrela jarraitu du eta horren adibide da urtez urte Gladys Enea parkean egiten zaion omenaldia.

AHOTS EZBERDINAK

30 lagunetik gora elkarrizketatu dituzte dokumentalerako, anitza izateko asmoarekin ahots ezberdinak jaso dituzte bertan eta nazioartera ere jo dute. Izan ere, testuingurua horrelakoa izan zelako, protestak zeuden bitartean Europako eta munduko beste puntuetan ere bazeuden. Adibidez, "Ez, eskerrik asko" hain adierazgarria eta sinbolikoa bilakatu den pegatina hori Danimarkan sortu zen. Hara jo zuten sortzaileekin hitz egitera. Everesten gailurrean nuklearren aurkako bandera jarri zuen Martin Zabaletarekin ere egon ziren€


Mugimendu transbertsala, bake-tsua, antimilitarista, antinuklearra, ekologista€ Dokumentalean hainbat galdera edo hausnarketa ere planteatzen dituzte: ETAren esku-hartzeak eragindako kontraesanak, esaterako. "Mugimenduaren aniztasun hori plazaratu nahi genuen, eta orduko protagonistak zeintzuk ziren". Batzuek ETAren biolentziaren eraginaren "arrakasta" aipatzen dute. Beste batzuen ustez, herri mugimenduak oinarritutako protestek izan zuten indarra, eta hori goraipatzen dute, egin ziren hainbat ekintza baketsu eta oso irudimen handikoak.


Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentalak oso aktualak diren problematikak plazaratzen ditu, hori da agian belaunaldi berriak gehien harritu ditzakeena: "Gaurko mehatxuekin lotuta dago: klima aldaketa, gerrak, horiek sortzen dituzten desplazatuekin€ Planetaren ongizatean eragiten du horrek guztiak".