Lur eta Amets anai-arreba bikiek amona Andererekin pasatu behar dute asteburua, gurasoak ezkontza batera joan baitira. Une horretan hasten da abentura. Amonaren eta Baltaxar katuaren botereei esker, Euskal Herriko historiako zortzi pasarte biziko dituzte bertatik bertara. Historiaurrera joango dira, baita erromatarren garaira eta Nafarroako erresumaren sorrerara ere. Horrez gain, Zugarramurdiko sorginekin izango dira, Ameriketatik ekarritako txokolatea dastatuko dute, Gerra Karlistak ezagutuko dituzte, Bilboko industrialdea bisitatu eta Francoren garaiak ere biziko dituzte.
Lur eta Amets proiektua Elkar argitaletxeak, Katxiporretak eta Ikastolen Elkarteak sortu zuten. 2015ean Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia ezagutza liburua argitaratu zuten, eta gerora etorri ziren haurrei zuzenduriko ipuinak eta mahai-jokoa. Orain, herriz herri ari dira ikuskizun bat eskaintzen, eta otsailaren 7an iritsiko da zinema aretoetara Imanol Zinkunegik (Azpeitia, 1968) eta Joseba Poncek (Hondarribia, 1974) zuzendutako filma. Pelikularen ekoizpenean Lotura Filmsek, Elkarrek eta Ikastolen Elkarteak hartu dute parte.
FIKZIOA ETA ABENTURA
Zinkunegik azaldu duenez, Euskal Herriko historian zehar egindako "bidaiatxo" bat den arren, fikzioa eta abentura dira nagusi pelikulan. "Ez da dokumental bat; protagonistak Lur eta Amets dira, eta historia bigarren plano batean uzten dugu sarritan", zehaztu du. Horrez gain, gaineratu du "historialariak" baino, "historia kontalariak" direla. Hala ere, filmean Euskal Herriko historia oso presente dagoenez, Poncek adierazi du hainbat xehetasun kontuan izan dituztela; gehien bat, arropak, bizilekuak eta erabiltzen zituzten armak. Horren adibide dira karlisten eta liberalen jantziak, besteak beste. "VII. - VIII. mendeko Iruñea irudikatzen ere ahalegindu gara, nahiz eta oso zaila izan, garai horretako erreferen-tziak oso urriak baitira", azaldu du Poncek. Alabaina, orduko errealitatearekin "fidelak" izaten saiatu direla adierazi du.
Filma egiteko, proiektuaren hasierako istorioak izan dituzte oinarri Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala gidoilariek, eta gidoi literario hori hartuta hasi ziren storyboard bat egiten Zinkunegi eta Ponce. "Zuri-beltzean egin ohi ditugu hasierako marrazkiak, eta hor hasten gara akzioak zehazten", azaldu du Zinkunegik. Fase horretan, bozeto sinpleekin eta mugimendu txikiekin finkatzen dituzte pelikularen ezaugarriak. Proiektuaren zati nekezenetako bat irudiak sortzea dela azaldu du Zinkunegik, eta hori egiten pasatu dutela denbora gehien. Izan ere, gaur egun paleta grafikoekin eta ordenagailuekin egiten diren arren, eskuz egindako lanak garrantzi handia duela dio. "Artisau kutsuko jarduera da; oraindik ere eskuz egiten ditugu marrazkiak", zehaztu du.
Ideia orokorra proiektuaren liburuetatik atera bazuten ere, zuzendariek azaldu dute zenbait moldaketa egin behar izan dituztela, ez baita gauza bera istorio bat liburu batean kontatzea edo luzemetrai batean. "Ipuinak oso motzak dira, eta pelikulan akzioa beharrezkoa denez, elkarrizketa gehiago sartu ditugu", zehaztu du Zinkunegik. Mugimenduak direla eta, diseinua ere pixka bat aldatu behar izan dute, baina pertsonaiak ezagutzeko modukoak direla argitu dute.
Guztira bi urte behar izan dituzte filma ekoizteko, eta hirurogei pertsona inguru aritu dira bere inguruan lanean. Poncek azaldu du horrelako proiektuetan beharrezkoa izaten dela epeak ondo markatzea: "Errealistak gara; argi geneukan guk markatu behar genuela nora iristen ginen, eta kontuan izan behar genuela zeintzuk diren gure ahalmenak". Zinkunegik adierazi duenez, horrelako proiektuek ez dute aurrekontu handirik izaten, eta azaldu du alor horretan jarduten duten nazioarteko ekoiztetxeekin alderatuta, "oso txikia" dela izaten duten diru kopurua: "Badakigu nor garen eta zein-tzuk diren gure aukerak, eta hori kontuan izanda, bideragarria izango den lana eraikitzen dugu".
KUTSU DIDAKTIKOAK
Nahiz eta haurren ikuspegiarekin egindako filma izan, familia osoarentzat dago pentsatuta, eta zuzendariek azaldu dutenez, baditu helduentzako zenbait "pintzeladatxo" ere. Azken finean, helburua ahalik eta film entretenigarriena egitea zela adierazi dute. Hortaz aparte, historiako hainbat pasarte lantzen direnez, filmak badu kutsu didaktiko bat. Poncek adierazi du, eskoletan zein etxean, adibidez, landu daitezkeela pelikulan agertzen diren zortzi garaiak. "Haurrek ikusiko dute antzinaroan jateko ehizatu egin behar zela, eta erromatarren garaian, berriz, zubiak eta bideak eraikitzen hasi zirela". Zinkunegik gaineratu du historiako "apunte txiki batzuk" lantzen direla, eta erabilgarria izan daitekeela filma: "Abiapuntu bat izan daiteke gure historiaz hitz egiteko; gutaz mintzatzeko".