Agertoki gainean hiru interprete: dantzari bat, musikari bat eta kantari bat. Kukai dantza konpainiaren azken urteetako ikuskizunekin alderatuz, Gauekoak “ezberdina” dela azaldu du Jon Maya dantzari eta koreografoak (Errenteria, 1977), izan ere, hausnarketa pertsonal batetik abiatutako proiektua da. Bada denbora bat sorkuntza prozesuetan zuzendaritza lanetan aritu dela Maya, ez dantzari moduan, eta horrek galdera mordoa eragin dizkio bere baitan. “Hausnarketa prozesu batean murgilduta nengoen: Ez dut gehiago dantzatuko? Bai? Zer egingo dut nire buruarekin? Gogo handia nuen gaur egun naizen honetatik dan-tzan aritzeko, jada ez bainaiz hogeita piku urteko dantzari gazte bat, 42 urte beteko ditut. Dantzatzen berriz hastea bezalakoa izan da, prozesu berri bati ekitea, egungo nire izateko modu eta nire ezaugarriekin, ez hobeak ezta okerragoak ere, baizik eta egoera ezberdin batetik abiatuz”, kontatu du Mayak.

“Gaua erori eta argi guztiak itzaltzen direnean, esnatu egiten dira arima batzuk”, irakurri daiteke sinopsian. Gauekoak izena jarri diote proiektuari, eta sormen prozesuek eta gauak duten harremanaz aritu dira lan honetan. Hala azaldu du Mireia Gabilondo zuzendariak: “Gauak badauka beste intimitate bat, jartzen zaitu barrura begiratzeko gogoeta horretan, serioago edo. Egunean egunekoak eta gauean gauekoak, txikitan horrela esaten zen baserrian”. Ideia horretatik jo dute, hain zuzen. Lan prozesuen inguruko ikuskizuna ere bada; baina, batez ere, sormen prozesuak nolakoak izaten diren nabarmenduko dute eszenatoki gainean. “Askotan gertatu zait, gauez lanean bakarrik aritzean: kanpoan ilun dela, leihotik begiratu eta ikusten duzunean badaudela argitxo batzuk etxe batzuetan, pentsatzen duzu ea zertan ariko diren beste horiek”, kontatu du Mayak.

Hasierako fase horretan, besteak beste, Joseba Sarrionandiaren testuekin egin dute lan, aurreko ikuskizun batzuetan bezala. Hor azaldu zen Habanako gaukaria liburua, eta “gaukari” kontzeptua benetan interesgarria iruditu zitzaion dantzariari. “Ikuskizun honek badu gaukaritik ere, parte txiki asko, euren artean oso ezberdinak zirenak, eta gaua unibertso erakargarria iruditzen zitzaigun gauzak kontatzeko, eta edukiontzi erakargarri bat elementu guzti horiek barneratzeko: iradokitzailea, intimoa? Horregatik gauaren kontzeptua, eta kasu honetan Sarrionandiaren tituluak inspiratuta, pentsatu genuen Gauekoak izena polita izan zitekeela, horri erreferentzia eginez”.

Lagun bereziak bidaide Bi urte inguru igaro dira Mayak burutazio horiek lehenengoz izan zituenetik. “Hasieran, gogo bat pizten ari zitzaidan eta gero eta forma gehiago hartu zuen, baina ez nekien oso ondo lur hartuko ote zuen, beraz, denbora batez nire barruan bueltaka utzi nuen”. Baina ilusio hori ez zen itzali, eta pentsamenduak partekatzea erabaki zuen. “Pentsatu nuen polita izango litzatekeela urte hauetan lankide izan ditudanekin eta harreman hain estua izan dudan horiekin lankidetzan jarraitzea, baina kasu honetan ni dantzari bezala eta oso bakarkako lan batetik”. Mireia Gabilondorekin kontrastatu zuen lehenik. Izan ere, ibilbidea berarekin hasi baitzuen Mayak, bost ikuskizun egin dituzte elkarrekin eta harreman oso estua izan dute beti. Kasu honetan, Gabilondo zuzendaritzan ariko da eta Maya dantzari. Asko miresten dituen hiru koreografo ere badaude lantaldean, aurreko lan batzuetan kide izandakoak: Sharon Fridman, Cesc Gelabert eta Israel Galvan. “Horien guztien baiezkoa edukita, oso osagai onak nituen ikuskizun bat planteatzeko eta jada hori esku artean izanda, animatu egin nintzen”.

Kontatu beharreko hori nola transmititu, hori zen pentsatu beharreko hurrengo pausoa. “Mireiarekin hitz egin ostean, konturatu nin-tzen politena zela nire egia kontatzea: zergatik egiten dudan dantza, zergatik egiten dudan dantza modu horretan, zergatik bilaketa hori? Hausnarketa horiek eszenatokira eramatea izan da asmoa”, azaldu du Mayak. Horretarako, hizkuntza ezberdinen arteko gurutzaketa gauzatu dute agertokian: dantzari bat, musikari bat eta kantari bat nahi zituen Mayak. “Musikariaren papererako, Arkaitz Minerrekin lan egiteko gogoa nuen. Umetatik ezagutzen dugu elkar, herri berekoak baikara, eta elkarrekin hasi ginen dantzan talde berean, nahiz eta gero bakoitzak oso ibilbide ezberdinak egin ditugun”. Mayaren gorputz mugimenduei, dantzari eta Minerren “soinu fabrikari” ahotsa gehituko dio Xabi Bandinik, Kerobia taldeko abeslari izandakoak. “Hau guztia hiru esperientzia ezberdinen arteko istorioa da. Hori da ikuskizunean duguna, hiru subjektu independente, bakoitza bere gaueko unibertso horrekin, eta gutxika nahasten hasten dira eta bat-batean hirurak konektatuta daude”, azaldu du Bandinik.

Prozesuaren gorabeherak Azken urteetan koreografo lanetan aritzetik, berriro ere oholtzara igoko da Maya, dantzari gisa. Dan-tza egiteari inoiz utzi ez dion arren, eta aktibo mantendu den arren, sorkuntza prozesu berri bati ekitea guztiz ezberdina dela kontatu du. Horrek, ilusio handia eragiten dion heinean, bidean urduritasuna ere nabari du errenteriarrak. “Prozesu honetan gorabehera guztietatik pasatu naiz: hasieran ilusioa, gero beldurra, ea gai izango naizen, fisikoki hobetu behar izate hori, tartean lesiotxoa izan dut, ez errekuperatzearen beldurra, errekuperatu naiz?”. Baina batez ere oso gogotsu dago dan-tzaria, dantzan eta lanean gozatzen ari dela dio, eta beretzat “opari bat” izaten ari da esperientzia hau. “Aspaldi ez nituen sentsazio ba-tzuk berreskuratu ditut. Lantaldean dauden artistekin bakarka egotea entsegu gela batean, entsegura joan eta gelan bakarrik egotea ispilu aurrean. Mireiarekin ere berriro batu eta proiektuari buruz hitz egitea, baina jakinda hitz egindako hori gero nik egin behar dudala. Beste rol batean lan egin behar hori, berezia izaten ari da, pozik nago”.

Pixkanaka joan dira proiektua mugitzen azken urtean, uda aurretik bildu zen Maya Miner eta Bandinirekin eta Gabilondorekin ere tarteka bildu izan da “gidoia” zehazteko, eszenografia, jan-tziak lantzeko? Koreografo bakoitzarekin hiruzpalau eguneko egonaldiak egin ditu eta, kontatu duenez, dantzari bezala hori izan du erronka handiena. Bereak diren parte ba-tzuk badaude, “bere eremu naturaletik ateratakoak”, baina koreografoekin sortutako piezek eman diote denbora gehien. “Pieza asko direnez, elikatzen joan gara, eta badirudi jada badaudela guztiak. Orain, lantalde osoa elkartu eta dena harilkatzeko ordua da”, zehaztu du.

Azken asteotan heldu diete eguneroko entseguei, ikuskizuna findu eta hari horri koloreak emateko. Azken txanpa hau oso garrantzi-tsua da, Gabilondoren hitzetan:“disfrutatu egin behar dugu eta erabaki behar dugu zer jarri nahi dugun benetan oholtza gainean, nola hasi eta nola jarraitu, nondik joan. Hilabete honetan zuzenekoari estilo pixka bat emango diogu, nola hasi erabakiko dugu, tempoa markatu eta tonua ikusiko dugu. Azken finean, zer kontatu eta nola kontatu zehaztuko dugu”, kontatu du zuzendariak.

AURKEZPEN BIRA Abenduaren 1ean hasiko da Gauekoak ikuskizunaren aurkezpen bira, Hondarribian. Hamabost emanaldi prestatu dituzte biraren lehenengo zati horretarako, Euskal Herrian guztiak. Horrek “erronka eta lasaitasun puntu bat” ematen diola azaldu du Mayak. Ilusio eta urduritasun handiz bizi ditu estreinaldira begirako uneak Xabi Bandinik, bere aldetik. “Proiektu honen atzean eta Kukairen atzean jende izugarria dago, oso ona. Horrek perspektiba askoz handiagoa ematen du lanaren inguruan, baita lasaitasuna ere; oraindik lana dago egiteko, baina oso profesional handiekin nabil lanean”.

Kukai konpainiak 2020an iragarriko ditu Gauekoak obraren data gehiago, izan ere, badute asmoa emanaldi gehiago egiteko. “Oraingoz garrantzitsuena da lehenengo zati hau ondo egitea eta aurrerago ikusiko dugu nola gelditzen den lana, nola sentitzen dugun guk eta zer sentiarazten duen hartzaileen artean ere”, adierazi du Mayak. Kukairen lan berria ikusmira ari da sortzen Euskal Herrian, baina eurek nahiago dute oraingoz tentuz ibili eta ikuskizuna behin estreinatu ostean, aurrean duten errealitatearen arabera jokatu.