Euskal kultura anitza eta aberatsa da, eta Durangoko Azoka errealitate horren isla dugu. Urteak dira ekimen honek liburu eta disko azoka soila izateari utzi ziola, eta antolatzaileek hori nabarmendu nahi izan dute azokaren 53. edizioan, DA! asko dira! leloaren bidez. Aniztasun horren adibide dugu Azokako Kabi@ gunea, euskal kultura digitalaren plaza dena. Teknologia eta eduki libreen inguruko gaiak lantzen dira Kabian, eta horien artean, bideo-jokoek toki nabarmena hartu dute azken urteotan.
Aurten ere, laugarren aldiz, Game Erauntsia bideo-jokalarien elkarteko kideek Gamer Gela antolatu zuten Kabi@ gunean. Bideo-jokoak euskal kulturaren parte ere badirela aldarrikatzeko, egun osoko egitaraua antolatu zuten: goizean, azken urtean euskaratutako jokoak erakutsi zituzten; eguerdian, kirol elektronikoei buruzko mahai-ingurua izan zen, eta, arratsaldean, azokara hurbildutako ume zein helduei aukera eman zitzaien euskarazko jokoetan aritzeko.
Euskaratutako jokoak 2018an euskaratutako jokoen aurkezpenak eman zion hasiera egunari. Oraindik oso estudio gutxik argitaratzen dituzte bideo-jokoak euskaraz. Hori da, hain zuzen ere, komunitateko kideak jokoak euskaratzera bultzatu dituen arrazoi nagusia. Gaur egun, hogeita hamar bideo-joko inguru daude euskaraz, eta horietako gehienak komunitatearen lan gogorraren emaitza dira. Haien esanetan, ez da lan erreza izaten joko batzuk itzultzea. Izan ere, garatzaile batzuek erraztasun guztiak ematen dituzte horretarako; beste batzuek, berriz, ez dute nahi izaten euren jokoak inork ukitzerik. Zailtasunak zailtasun, aurten bi joko euskaratu dituzte: Wonder Boy eta Foundations.
Wonder Boy 1989. urtean argitaratu zen, eta The Dragons Trap jokoaren erremasterizazioa edo bertsio berritua da. Akzio abenturako plataforma-jokoa da, eta bere grafiko koloretsu eta soinu-banda itzela direla-eta, zeresan handia eman zuen bideo-jokoen munduan. Gainera, antzinako grafiko eta soinuekin jolasteko aukera ere ematen du.
Euskaratutako bigarren jokoa Foundations da, eta indie estudio batek garatu du. Erdi Aroan kokatutako eraikuntza jokoa da, eta bere berezitasun nagusia “eraikuntza organikoa” duela da: eraikuntzak txukun-txukun zuk eraiki beharrean, eremuak marraztu eta zure herriko biztanleek eraikitzen dituzte modu natural batean.
Euskal Herri birtuala Game Erauntsiak eta Izarkom telekomunikazio operadoreak elkarlanean landuriko Minecraft zerbitzarian egindako berrikuntzaren berri ere eman zen Durangoko Azokan. Zenbait teknika berezi erabilita, Euskal Herriko benetako orografia jokoan txertatzea lortu dute. Horrek esan nahi du zerbitzariko jokalariek herriak eta etxeak benetako kokapenetan eraiki ahal izango dituztela. Antolatzaileen esanetan, mapa txukuna eta kalitate handikoa da, oso erreala. Europar Batasuneko Copernicus sateliteen datuak erabili dituzte, eta mapa 1:8 eskalan egotea lortu dute.
E-KIROLAK MINTZAGAI Kirol elektronikoei buruzko E-Kirolak, bertan ditugu jada izeneko mahai-ingurua ere izan zen Durangon, Kanalduderekin elkarlanean. Kirol elektronikoen sektoreak azken urteetan izan duen gorakadari buruz hitz egin zuten gonbidatuek, eta, besteak beste, gorakada horren arrazoiak aztertu zituzten. Kirol elektronikoen gorakada mundu mailako fenomenoa bada ere, gurean izan duen eragina ere aztergai izan zen. Gainera, Kanaldude web telebistarekin lankidetzan zuzeneko emisioa egin zuten Internet bitartez. Mahai-ingurua ikusi nahi duenak Kanaldude-ren webgunean dauka eskuragarri.
Aurkezpen eta mahai-inguruen ostean, arratsalde partean, bideo-jokoez gozatzeko tarte irekia izan zen Game Erauntsian urtean zehar bildutako euskarazko jokoekin. Gaztetxoenek ezin izan zuten itxaron goizean ikusi zituzten jokoak probatzeko eta ilara luzeak izan ziren Kabia gunera sartzeko. Hurbildu zen jende kopuru handia ikusita, antolatzaileek bost minutuko txandak ezarri behar izan zituzten. Besteak beste, Minecraft, Revolt, Shattered Pixel Dungeon eta Wonder Boy jokoetan jokatzeko aukera izan zuten azokara bertaratu zirenek. Zalantzarik gabe, azken honek lortu zuen arrakasta handiena.