Azken urteotan EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean irakasle lanetan ari da Idurre Eskisabel (Beasain, 1970). Hala ere, idaztea ohiko praktika izan du betidanik. Urte askotan, Egunkaria-ko eta Berria-ko erredakzioetan aritu izan da. Dena den, aspalditik idatzi izan ditu bestelako testuak ere, eta halakoetan poesiara jo izan du gehienetan. Ahots propioa topatu duela sentituta, poemategi baten bidez bere bizi ibilbidea besteekin partekatzea erabaki du orain. Poemaz poema, haurtzaroa eta inozentzia era kolektibo eta politikoan berreskuratzeko aldarrikapena luzatzen dio irakurleari Goseak janak (Susa) bere lehen poema liburuan.
Zein da liburuaren mamia?
Bizi ibilbide bat da poemategian proposatzen dudana, haurtzaroa galtzeko unetik guraso izatean beste haurtzaro galtze baten lekuko izateraino luzatzen dena, eta bide hori zeharkatzen duten min eta poz pertsonal zein kolektiboak jasotzen dituena. Liburuari izena ematen dion Goseak janak ideia oso presente dago ibilbide horretan, uste dudalako hemengo eta egungo jendeon ezaugarri nagusietakoa dela ase ezina den gose batek janda egotea: geure buruaren eta bizitzen zentzua gauza eta bizipen berrien kontsumoan oinarritzea.
Zure lehenengo poema liburua da, bizitza oso baten isla. Ibilbide zaila izan da?
Ez nuke esango bereziki gogorra izan denik. Egia da poemategian haurtzaro mina presente dagoela, eta egia da, halaber, nire bizitzan, bizipenetan, badagoela nolabaiteko une iniziatiko bat ohartzen naizenean ume izateari utzi diodala: bada lilura galtze bat, desengainu bat? Nigan beti iraun duen sentipena da. Neure burua bete-betean errekonozitzen dut lilura eta desliluraren arteko tentsio horretan? Baina tentsio berdin-tsua ikusten dut inguruko jende gehienarengan.
Haurtzaroa eta inozentzia berreskuratzeko aldarrikapena al da liburua hau?
Umezaroa atzean uzteak inozen-tziaren galera dakar, hori da deslilurarik handiena. Inozentzia, funtsean, besteak eta mundua begi garbiz eta aurreiritzirik gabe begiratu eta ikusteko gaitasunarekin lotzen dut, posibilitate berriak irudikatu eta marraztekoarekin, ezezko prebentiborik ez erabiltzearekin, utopiak sortzeko dohainarekin.
Uste dut ez dela kasualitatea egungo produktu kultural nagusi eta arrakastatsuenak distopiaz gainezka egotea, ezezko prebentiboaren sustatzaile? badirudi egungo eta hemengo jendeok adoleszente jaiotzen garela, eta adoleszente irautea bihurtu dugula bizi eredu. Bai, horren aurrean haurtzaro mina aldarrikapen bat da ia-ia, baina, ez haurtzaroan geratzeko baizik eta posibilitate berrietarako bidean heltze prozesu batean murgiltzeko gonbidapena.
Nolakoa izan da poemak biltzearen prozesua?
Etxe zokoan poemak zirriborra-tzea aspaldiko jarduna dut eta, nik neuk publikatzeko erabakia har-tzean, ordura arte idatzitakoak beste begi batzuekin hasten naiz berrirakurtzen, eta halaber, poema berriak beste begirada eta bulkada batekin idazten. Bigarren fasea neure nahi hori beste batzuekin elkarbanatzean hasi zen, haien begirada eta iruzkinak jasotzean. Noski, bigarren fase horretan mugarria izan da Susa argitaletxeak publikatzeko emandako baiezkoa, eta hortik aurrera Leire Lopez Ziluaga editorearekin egindako bidea.
Zutabegintzan aritu izana lagungarria izan zaizu?
Esango nuke baietz. Izan ere, zutabegintza da kazetaritza generoen artean ahots propio baten lanketa gehien baimentzen duena. Are, baimendu ez ezik, eskatu egiten du. Une batean poemak publikatzeko gogoa sentitu nuen libreago ari-tzeko, ahots propioagoz. Baina libre aritzea eta ahots propioa baliatzea ez da gauza erraza, eska-tzen duelako, batetik, zeure buruan asko sinestea, eta, bestetik, zarena erakustea, eta, ondorioz, zaurgarri bihurtzea.
Gorputzak presentzia handia du zure poemetan?
Ez da berariaz eta kontzienteki bilatu dudan zerbait, baizik eta hala sortu dena. Gerora ohartu naiz gorpuztasun horrek lotura zuzena duela emakume izatearekin. Emakume izateak gizon izateak dakarren subjektutasun unibertsaletatik apartatzen zaitu; murrizketa bat da. Gorputzak har-tzen dizu gaina, eta badirudi subjektibotasun unibertsalaren arda-tza, aldiz, apenas gorpuztasunik gabeko ahotsa dela. Horregatik, oso presente dago liburuan gorputz izatearen eta ahots izan nahiaren tentsioa.
‘Autorretratua’ poema irakurri ostean, zalantza: bidea gure baitan dago?
Bai, ezinbestean. Baina, aldi berean, ez, inola ere ez. Edozein irudikapen eta proposamen kolektibo egiterakoan, oinarrizkoa iruditzen zait pertsona bakoitzaren bakartasuna eta beregaintasuna aintzat hartzea, hori izatea abiaburua. Egun, eztarriko zuloraino sartuta daukagun pentsamoldea, ordea, justu kontrakoa da: muturreko indibidualtasuna.
Autorretratua poema joera eta jokabide horren irakurketa ironiko bat da. Hain zuzen ere, poemategi guztian oso presente dagoen beste ideia bat indibidualkeria horren kontrakoa da: besteekin eta besteengan erabateko osotasuna erdiestea eginkizun zaila eta gorabeheraz beteriko bidea dela onartuta ere, azpimarratzen da atseden eta ongizate posible bakarra besteekin eta besteengan dagoela.